INFO

Eraikuntzako langile bat larri zauritu da Barakaldon lan bertikalak egiten ari zela

Eraikin batean lan bertikalak egiten ari zen langile bat bosgarren solairutik behera erori zen Barakaldon ostegunean, ELA sindikatuak jakitera eman duenez. Zauri larriak jasan zituen. ELAk ezegonkortasunak lan istripuetan duen eragina salatu du.

Lan istripuak salatzeko elkarretaratze bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Barakaldoko Ibarra kaleko eraikin baten aurrekaldea konpontzen ari zen langile bat bosgarren solairutik behera erori zen ostegunean eguerdi aldera, ELA sindikatuak ostiral honetan jakitera eman duenez. Gertatutako istripuaren arrazoiak eta zergatiak oraindik argitzeke daudela gaineratu du sindikatu honek.

Anbulantzia medikalizatu bat istripua gertatu zen lekura bertaratu zen eta langile ospitalera eraman zuten, zauri larriekin.

«ELA sindikatua lanean ari da gertakaria argitzeko eta langilea autonomoa edo zerbitzu horretarako azpikontratutako enpresa bateko ote zen argitzeko», adierazi du sindikatuak komunikabideei igorritako ohar batean.

Ezengorkotasunaren salaketa

«Beste behin ere, ezengorkotasuna eta lanpostuetako segurtasun baldintzak eraginkortasunez kontrolatzeko ikuskapen falta izango lirateke istripu larri honen atzean», gaineratu du ELAk.

«ELAk, hauteskunde berrien atarian, laneko ezbeharrekin behin betiko amaitzeko borondate politiko falta salatu nahi du», nabarmendu du sindikatuak heldu den igandean ospatuko diren hauteskundeak aipatuz.

ELAk bere oharrean eman dituen datuen arabera, aurten dagoeneko 18 dira jada Hego Euskal Herrian euren lanpostuan hil diren langileak.