INFO

Zaldibarren, gertuen behar luketenak iritsezin

2020ko otsailean gertatutako hondamenditik gertuen zeudenengandik «urruti» agertu zen Zaldibarko Udala eta, beraz, maiatzaren 28ko hauteskudeek balio dezakete termometro lanak egiteko: jakiteko orduko ezinegonek eta gaur arte iraun duten ondorioek alda ditzaketen herritarren fideltasun politikoak.

Zabortegian gertatutakoa argitzea eskatzeko manifestazioa Eibarren 2020ko ekainean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Inork gutxik imajinatuko zukeen 2020ko otsailaren 6an Zaldibarren gertatutako hondamendia lausotuko zuen zerbait etorriko zenik. Gasteizko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak egin ziren urte horretako abenduan, baina ordurako koronabirusaren pandemiak norbanako guztien bizitza baldintzatu zuen, baita bizimodu kolektibo gisa ulertzen zena ere. Baldintza horietan eman zuten botoa herritarrek eta ez zen aukerarik egon ikusteko zer nolako eragina izan zuen bozetan Zaldibarko zabortegiaren luiziak, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen heriotza nahiz inguruaren kutsadura eragin zituenak.

Zabortegiarekin batera, 2019-2023 legegintzaldian maila guztietan –Lakuako Gobernua, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak eta Zaldibarko Udala– bizi duten krisi handienetakoa gainera erori zitzaien EAJ eta PSEri. Zaldibar Argitu plataforma sortu eta nekaezin ekin zion ardurak eskatzeari, baina jeltzale eta sozialistek Verter Recycling enpresaren arduradunengana desbideratu dute fokua aldiro: haiek badute zigor penala, arduradun politikoek, aldiz, ez.

Alta, herritarrek seinalatu dituzte zenbait ordezkari publiko hondamenaren arduradun gisa, eta horietako batzuk datozen foru eta udal hauteskundeetan hautagai izango dira. Kasurako, hondamena gertatu zenean ingurumen diputatu zenak eta gaur Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko PSEren hautagaia denak, Jose Ignacio Asensiok, zabortegira bideratzen zen zaborraren gainkarga justifikatu zuen egoera «oso latza» zela esanez, eta Zubietako erraustegiarekin arazo hori konponduko zela baieztatu zuen; berak sinatu zuen, gainera, erraustegiaren esleipena. Orain, datozen hauteskundeei begira, bere alderdiak aurkeztutako programa politikoak erdigunean kokatzen du klima larrialdiaren kontrako borroka.

Hondamendian babesgabe

Legebiltzarrak osatzeko hauteskundeetan baino gehiago, hautagaiek herritarrekiko erakusten duten gertutasuna eta konpromisoa giltzarri izaten da udal hauteskundeetan. Eta Sololuze eta Beltranen senide eta gertukoekin batera –hasieratik salatu zuten hauek EAEko administrazioen «informazio falta», hondamendiak gehien baldintzatu zituen bizitzak Zaldibarko Eitzaga auzoan daude. Haien ortuak eta iturburuak kutsatu zituen lur jausiak eta haiek behar izan dute gehien instituzioen laguntza. Zaldibarko Udalak behar luke gertuen, baina «babesgabe» utzi zituen, Oskar Morales auzotarrak nabarmendu duenez.

Ostegunez amildu zen zabortegia, bada, aste hartako igandean batzar bat egiteko eskatu zioten eitzagarrek Jose Luis Maiztegi Zaldibarko alkateari (EAJ). Hasieran ezezkoa eman bazuen ere, agertu zen azkenean, baina ez zien apenas informaziorik eman Eitzagako bizilagunei. Moralesen arabera, ordutik gaur arte jarrera hori izan dute Maiztegik eta Juan Mari Uriarte alkateordeak eitzagarrekiko, «informazio eta babesik ezarena». EAJren Udal Gobernuko ordezkariekin egindako azkenengo batzarra, zehaztu du, 2020ko uztailean izan zen, Eitzagako 30 biztanleei osasun azterketak egitea eskatu zutenean. Baiezkoa jaso zuten hasieran, baina udalbatzan ezezko botoa eman zuten EAJk eta PSEk.

«Geroztik, beraien atzetik ibili behar izan gara», gaitzetsi du Moralesek, zabortegiaren amiltzearen ondorioak gaur egun ere pairatzen dituztela zehaztuz; besteak beste, zabortegia egonkortzeko lanen baitan berau handitzeko egin dituzten auzotarren lurren desjabetzeak.

Aspaldiko kontua

Herrian eta Eitzaga auzoan zabortegiaren bueltan izandako liskarrak lehenagotik datoz, halere. Maiztegi zinegotzi zela onartu zuten EAJk eta PSEk, EH Bilduren kontrako botoarekin, zabortegia esleitzea, hain justu ezker abertzaleko Arantza Moralesek 2011an alkatetza lortu baino «bi aste lehenago». EH Bildu «historikoki» zabortegiaren kontra kokatu dela txalotu du Oskar Moralesek, eta Baigorriren bi legegintzaldietan (2011-2019) Udalarengandik babestuago egon zirela gaineratu du; hondamenaz geroztik ere «gertu» sentitu dituztela koalizioko zinegotziak. «Hori bai –argitu du–, denak daude Eitzagatik urruti!»

Eitzagan, herriaren bazterrean kokatu zen 2020ko otsailaren 6an hondamendiaren erdigunea. Eta bazterretik saltatu zuen Euskal Herri osora. Maiatzaren 28an Maiztegi ez da izango EAJren hautagaia –Jabier Sampedrok hartuko dio lekukoa–, hala ere, hauteskundeek balio dezakete termometro gisa, jakiteko orduko kezka, beldur eta haserreek saltatuko ote duten hautetsontzira eta EAJk fidel zituen horiek zalantzatien multzora egingo ote duten salto.