INFO
Entrevue
Estibaliz Urizar eta Ane Martinez
Zubi Zahar ikastolako zuzendari pedagogikoa eta gerentzia zuzendaria

«Ikastola herrira zabaltzeko eta harekiko harremanak estutzeko balio du Ibilaldiak»

Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolako zuzendariak dira Estibaliz Urizar eta Ane Martinez. Iragan urtarriletik gaur arte buru-belarri Ibilaldiaren prestakuntzan murgilduta aritu dira, eta egun handiaren atarian urduritasuna, zirrara eta gogoa bezalako sentimenduak nahasi zaizkie biei ala biei.

Estibaliz Urizar eta Ane Martinez, Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Ibilbidea luzea izan da, baina heldu dira jada helmugara, eta ziur dira igande ederra izango dela ikastolarentzat eta herritar ororentzat. Euskaltzale andanaren bisita espero dute Ondarroako kaleetan, eta haiei harrerarik onena egiteko prest dira.

Heldu da, azkenean, hainbeste denboran itxarondako momentua. Gainean daukagu ibilaldia, Bizkaiko ikastolen aldeko festa handia. Nola bizi duzue une berezi hori?

Esan beharra daukagu zenbait sentipen kontrajarri batzen zaizkigula une honetan. Alde batetik, urduritasuna nabari dugu, noski; baina, era berean, gogo handia daukagu egun handia modurik onenean ospatzeko. Batzuetan badugu irudipena egoerak gainezka egingo digula edo eskuetatik ihes egingo digula. Beste batzuetan, ordea, guztia kontrolatuta dugun sentipena ere badugu. Gauza asko, sentsazio asko elkartzen dira aldi berean.

Igandekoa bezalako ekitaldi erraldoi bat prestatzeak sekulako talde ahalegina eskatzen du. Nolakoa izan da, oro har, herritarren inplikazioa festa handiaren prestakuntzari eta antolaketari dagokionez?

Egia da Ibilaldia antolatzen hasi ginenean ikastolako kideak izan ginela, nagusiki, lanaren ardurarik handiena hartu genuenak. Gerora zenbait ekintza antolatu ditugu, han eta hemen, maiatzaren 21eko festa handia girotzeko asmoz. Horietako bi nabarmendu ziren, gure ustez, denen gainetik: batetik, motorrak berotzeko balio izan zuen 2023ko Ibilaldiaren kanta eta bideokliparen aurkezpen ekitaldia; eta bestetik, martxoan Ondarroan ospatu zen Euskal Jaia. Zentzu handi batean bi ekimen horiek izan ziren herritarrak martxan jarri zituztenak eta festa gainean genuela ohartarazi zutenak. Harrezkero argi ikusi dugu jendea gero eta gehiago inplikatu dela jaiaren prestaketan, eta erakutsitako prestutasunarekin eta lanerako deialdiek izandako erantzunarekin oso pozik gaude.

Aurtengoa Ibilaldiaren 41. edizioa izango da, eta hirugarrenez ospatuko da Ondarroan. Zuen ustez, zergatik da garrantzitsua Zubi Zahar ikastolarentzat horrelako ekitaldi bat antolatzea?

Hasteko, eta zalantzarik gabe, ikastola bera herrira zabaltzeko eta harekiko harremanak estutzeko baliagarria da Ibilaldia. Bestalde, gure ikasleek ikusi eta ikasi egiten dute zelako auzolana behar den horrelako ospakizun bat antolatzeko. Izan ere, ikastolako komunitatea osatzen dugun guztion inplikazioa eta lana behar-beharrezkoak dira helburuak lortzeko bidean. Ezin ahaztu, horrelako festen bidez baliabide ekonomikoak eskuratzen ditugula, ikastolek aurrera egin dezaten. Azkenik, herria alaitzeko eta euskara aldarrikatzeko ere balio du Ibilaldia bezalako ekitaldi batek. Beraz, bultzada handia da ikastolentzat.

Oraingoan ere egitarau zabal eta erakargarria prestatu duzue, inor aspertu ez dadin. Ba al dago guztien gainetik nabarmentzea merezi duen berritasunik?

Hasiera-hasieratik izan dugu garbi ez genuela musika festibal soil bat antolatu nahi. Zentzu horretan, eskualdeko musikari eta kultur eragileen aldeko apustua egin nahi izan dugu, baina Euskal Herriko beste txoko batzuetako artistak ere etorriko dira gurera, jakina. Aurtengo Ibilaldiak orotara lau gune izango ditu, eta denetan egongo dira animazioak, kontzertuak eta abar. Beraz, adin guztietako pertsonek izango dute jaiaz gozatzeko aukera paregabea.

Leloa eta logoa ezin dira falta horrelako hitzordu batean. Oraingo honetan zer adierazi nahi izan duzue haien bidez?

Azken batean, aukeratu ditugun Xe hizkien esangura oso zabala eta anitza da, norberak bere modura interpreta baitezake. Izan daiteke norberak gura duena: Handixe, maitagarrixe, zoragarrixe, jaixe... Ondarroan darabilgun atzizkia da, eta gure izatea eta hizkuntza adierazi edo islatzen du. Modu horretan, gainera, Euskal Herriko mendebaldeko euskalkiari ere keinu bat egin nahi izan diogu eta hizkuntzarekin jolastu nahi izan dugu, Ibilaldia geurera ekarriz.  

Herri euskalduna izan da historikoki Ondarroa. Gaur egun nola ikusten duzue euskararen egoera herriko kaleetan, zehazki, eta eskualdean oro har?

Esan beharra dago, lehenik eta behin, Ondarroa arnasgunea dela gure hizkuntzarentzat, eta hemen euskaraz bizi garela. Hala ere, herriko errealitatea aldatzen ari da, eta zoritxarrez gaztelera gehiago entzuten da gazteen artean, eta horrek asko arduratzen gaitu, nahiz eta joera orokorra ez izan. Edonola ere, Ondarroan, zehazki, eta Lea-Artibai eskualdean, oro har, euskarak duen egoera ez da, inondik inora, Euskal Herrian duen egoeraren isla. Izan ere, gure herria arnasgunea da, aipatu bezala, eta hona datorren edonork ikus dezake hemen euskaraz bizi garela. Hau da, modu naturalean bizi dugun egoera da, eta hori zaindu egin behar dugun zerbait da.

Gaur egungo mundu dinamikoan, esan bezala, gauzak etengabe aldatzen ari dira, eta hezkuntza ez da salbuespena. Zein dira Zubi Zahar ikastolaren etorkizuneko erronka nagusiak?

Egia esateko, erronka nagusia matrikulazioa da. Baina hori, zoritxarrez, ez dago gure esku. Nahi duguna da planteatutako berrikuntza pedagogiko guztiak martxan jartzea, hau da, arkitektura guztia egokitzea pedagogia berri horretara. Zentzu horretan, lortutako baliabide ekonomikoak helburu horretara bideratuko ditugu.

Amaitzeko, zein mezu helarazi nahi zenieke aurtengo hitzordura etortzeko asmoa duten Ondarroako herritarrei eta euskaltzale guztiei?

Leire Bilbao idazle herrikideak aurtengo Ibilaldirako sortu duen kantaren errepikak dioen moduan, ‘ez da jauziko zubixe, geu ga eusten daben herrixe!’. Horixe bera aldarrikatu nahi dugu aurtengo Ibilaldiaren ospakizunari begira. Ondaarroako Zubi Zahar ikastolaren helburuak lortzeko herritarren inplikazioa eta haren auzolana ezinbestekoak direla adierazi nahi dugu aldarri horren bidez.