INFO

Urte osoa motorrak berotzen

Festa handia girotzen hasteko asmoz, Zubi Zahar ikastolak ekimen ugari antolatu ditu ikasturteak iraun bitartean, hala nola kirol eta kultur ekitaldiak eta martxoaren 25ean ospatutako Euskal Jaxe arrakastatsua.

Apirilaren 30ean Genuine Futbol Torneoa jokatu zen Zaldupe zelaian. (NAIZ)

«Ibilaldia ez da egun bakar bateko ospakizuna, urte osoan gorpuzten den ekitaldi multzoa baizik». Horixe da antolatzaileek behin eta berriz errepikatu nahi izan duten mezua. Izan ere, festa handia girotzen hasteko asmoz, Zubi Zahar ikastolak hamaika ekimen antolatu ditu ikasturteak iraun bitartean. Arduradunen arabera, aipatu ekitaldi horiek arrakastatsuak izan dira, eta igandeko egun handia girotzeko ezinbestekoak.  

Zubi Zahar ikastolako zuzendari Estibaliz Urizarrek eta Ane Martinezek lehenik eta behin nabarmendu nahi izan dute iragan apirilaren 30ean Zaldupe zelaian ospatu zen Genuine Futbol Torneoa; han Realeko, Athleticeko, Osasunako, Alaveseko eta Eibarko genuine taldeak lehian aritu ziren eta giroa oso ona izan zen, eta jokalarien jarrera «eredugarria». Izan ere, ikastolako zuzendarien iritziz, «futbol txapelketa horretan izandako baloreak transmititu nahi dizkiegu gure ikasleei, kirola ez baita lehia soilik». Unerik entretenigarriena hirugarren denbora izan zela diote Urizarrek eta Martinezek.

Musika, antzerkia…

Baina horrez gain, mota askotako beste ekimen batzuk ere antolatu dituzte. Iragan urrian, esate baterako, gaztetxeoi zuzendutako ping-pong txapelketa egin zuten Ondarroako Musika plazan. Azaroan, berriz, Ekain pailazoak ikuskizun dibertigarri bezain eroa eskaini zuen herriko frontoian. Eta abenduan Maren Basterretxeak zuzendutako Igaro antzezlana ikusgai izan zen gaztetxean.

Urte berriaren hasiera ere ekitaldiz josia izan zen. Otsailaren 5ean Ibilaldiko bideokliparen grabaketa egin zuten herritarrekin batera, eta handik hiru astera egin zuten haren aurkezpen ekitaldia. Hilaren 11n Lin Ton Taun talde zestoarraren kontzertua izan zen portuan, eta 25ean, aldiz, “Etaren Agiri Bulegoa” antzezlana ikusi ahal izan zen Kofradia Zaharrean.

Martxoa ere oparoa izan zen ekimenei dagokienez. Besteak beste, Fermin Muguruzak zuzendutako “Black Is Beltza II: Ainhoa” filma ikusteko aukera izan zen; hilaren 19an Jose Mari Naberan IV. Herri Krosa egin zuten Ondarroan, exijentzia ezberdineko hiru ibilbiderekin. Hilaren 25ean Euskal Jaxe eguna ospatu zen; bertan izan ziren inguruko herrietatik etorritako dantzariak, dultzaineroak, txistulariak, joaldunak eta abar. Apirilaren 21ean, azkenik, haurrei zuzendutako “Ipuinez Ipuin” izeneko ipuin kontaketa interesgarri bezain arrakastatsua izan zen Musika plazan.

Liburu eta komikiak

Arestian aipaturiko ekimenez gainera, aurten Euskal Herriko ikastolen jaiek elkarlanean antolatutako Komiki Lehiaketaren II. edizioa egin dute. Oraingoan “Gernikako Bonbardaketa” izan dute gaia, eta 16 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartu dute. Orotara, 83 lan aurkeztu dituzte, eta irabazleen lanak Xabiroi komiki aldizkarian argitaratuko dira.

Aurtengoa, bestalde, Liburu Ibiltariaren III. ekitaldia izango da. Ekimen hori ikastolen jaiek era bateratuan garatzen duten jarduera programatik abiatzen da, eta iragan urtarrilean martxan jarri zuten Zubi Zahar ikastolan. Euskal Herri osoko 24 ikastolatako DBH 3. mailako ikasleak dira parte hartzaileak, eta egitasmoak gazteen sormenean eta elkarlanean du oinarria.

Edizio honetako Liburu Ibiltariari amaiera emango diote Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan, hura baita aurtengo Nafarroa Oinez antolatzeaz arduratuko dena.