INFO

Lukas Agirreren heriotzagatik atxilotu zuten bigarren gizonezkoa espetxeratzeko agindu dute

Lukas Agirre gaztearen heriotzagatik atxilotu zituzten hiru pertsonetako bat espetxeratu dute. 26 urte dauzka eta hilketa jazo zen tokitik gertu atxilotu zuen Ertzaintzak, ondoren baldintzapean aske utzi bazuten ere. Lehendik, 24 urteko beste gizon bat zegoen espetxean gertakari beragatik.

Lukas Agirre oroitzeko ikasle izan zen Usandizaga ikastetxean elkarretaratzea egin zuten. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lukas Agirreren heriotza ikertzen ari den epaileak atxilotu zuten bigarren gizona kartzelan sartzeko agindu du astelehen honetan, hilketarekin zerikusia duelakoan. Agirre Eguberri egunean hil zuten Donostiako erdigunean, labankadaz.

Gaur goizean auziaren jarraipenarekin lotutako saio baten ostean hartu du erabakia epaileak. Bertan, Fiskaltzak eta Agirreren gurasoek egindako akusazio partikularrek bigarren gizon hori behin-behinean espetxeratzeko eskatu dute, eta kasua bideratzen ari den magistratuak eskaera horri baiezkoa eman dio.

Bigarren gizon horrek 26 urte dauzka eta aurretik behin-behineko espetxealdian zegoenak 24 urte. Azken honek bere burua entregatu zuen heriotzaren ondoren. Egun hartan, 28 urteko emakume bat ere atxilotu zuten. Hilketaren lekutik gertu zegoen orain espetxeratu duten gizonarekin, eta behin-behineko askatasunean jarraitzen du.

Hilketa 2022ko abenduaren 25ean gertatu zen, 6.20ak aldera, Okendo plazan, Victoria Eugenia Antzokiaren eta Maria Cristina Hotelaren artean. 24 urteko biktimak hainbat labankada jaso zituen eta bertan hil zen.

Hiru pertsona atxilotu zituzten eta hiru egun geroago, gertakariaren inguruan atxilotu zituzten gizona eta emakumea behin-behineko askatasunean utzi zituzten kautelazko neurriekin, eta hirugarrena, bere burua entregatu zuena, behin-behineko espetxealdian sartu zuten Martuteneko espetxean, epailearen aginduz.