INFO

Bidasoaren bi aldeetan dagoen herria nazioartean proiektatzeko baliatuko du Tourra Gure Eskuk

Ipar Euskal Herriko Gure Eskuk bat egin du Tourraren lehen etapen harira Hegoalden garatuko den dinamikarekin. Helburua da lasterketak duen nazioarteko oihartzuna aprobetxatzea munduari erakusteko Euskal Herriak zazpi lurralde dituela eta erabakitzeko eskubidea daukala.

Baionan egin du agerraldia Gure Eskuk. (Patxi BELTZAIZ)

Baionan agerraldia egin du Ipar Euskal Herriko Gure Eskuk Tourraren harira martxan jarriko duen ‘Euskal Herria mundura’ ekimena plazaratzeko. Bidasoaren bi aldeetan dagoen herria aldarrikatu asmoz, lasterketa pasatzen den tokietan «ikurrin uholdea» sortzea du xede egitasmoak.

Lehen etapa, uztailaren 1ean, Bilbo-Bilbo izango da; bigarrena, Gasteiz-Donostia; hirugarrena, Zornotza-Baiona; eta bosgarrena Zuberoan sartuko da. Hori dela eta, Euskal Herria nazioartean proiektatzea du helburu Gure Eskuk, Tourrak duen oihartzuna baliatuz. «Munduari erakutsiko diogu Euskal Herria 7 lurraldeko herri bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela».

«Bidasoaren bi aldeetan herri bera dagoela erakutsiko» dutela esan dute, eta «nazioartean aitortua izan nahi duen herria» garenez, ‘Basques decide - Euskal Herriak erabaki!’ leloarekin erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dutela.

Era berean, Tourraren antolatzaileei eta bertako erakundeei exijitzen diote lasterketa Ipar Euskal Herritik igaroko denez, «euskararen presentzia duina bermatzea komunikazioan eta antolatuko diren ekitaldietan».

Ikurrinka erraldoia

Gure Eskuri gustatzen zaizkio erronkak egitea, jendearen parte hartzea sustatuz. Hori dela eta, oraingoan ‘1.000 ikurrin baietz’ proposamenari helduz, Ipar Euskal Herrian 4.000 bandera banatuko dituzte (jendeak gureesku.eus webgunean izena eman behar du). Era berean, uztailaren 3an Tourra zeharkatuko dituen Lapurdiko herrietan animazioa antolatuko dute, eta berdina egingo dute uztailaren 5ean Zuberoan.

Leku esanguratsuetan airetik hartzeko moduko irudiak sortuko dituzte herrietako taldeek. Gainera, lasterketak Bidasoa zeharkatzen duenean, ekimen berezia egingo dute bi aldeetan euskaldunak bizi direla adierazteko.

Amaitzeko, gogoratu nahi izan dute crowdfunding kanpaina bat abian dela inoiz egin den ikurrinik handiena sortzeko. Ekarpenak egiten dituzten pertsona, elkarte zein erakundeen izenak oihalean bertan idatziak joango dira, zati gorri eta berdeetan. Zurian, berriz, ‘Basques decide - Euskal Herriak erabaki!’ leloa joango da. Ekarpenak ekainaren 11ra arte egin daitezke. Ikurrina erraldoia Euskal Herria zeharkatzen duten etapa guztietan erakutsiko dute.