INFO

«Compramos residencias de mayores», Gipuzkoako egoeraren isla

Zerga sistema eta adinekoentzako zaintza-baliabideak dira kanpainaren gako nagusiak Gipuzkoan, eta honela irudikatu da ere ETBn euskaraz bost hautagai nagusien artean astelehen gauean egindako eztabaidan.

Maddalen Iriarte (EH Bildu), iragarki argigarria erakusten ETB-1eko eztabaidan. (NAIZ)

Zerga sistema eta zaintza, zaintza eta zerga sistema. Elkar gurutzatzen diren bi aldagai hauek ezaugarritzen dute hauteskunde kanpaina Gipuzkoan, beste ezerk baino gehiago. Fiskalitatearen inguruan ezberdintasun nabariak azaltzen dituzte alderdiek, batetik EAJ eta PP direla, eta bestetik, hitzez behintzat, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin direlarik. Adinekoentzako zaintzari dagokionez, kezka bera azaltzen dute guztiek, baina hori bide publikotik eta doakotasunetik bideratu behar den ala alde pribatutik eta kopagoaren bidez eztabaidagai dute.

ETB-1ean astelehen gau honetan egindako eztabaidara Gipuzkoako egunkari batean agertu berri den iragarkia eraman du Maddalen Iriartek, EH Bilduko aldun nagusigaiak. «Compramos residencias de mayores», honela aipatzen zuen, iragarleen asmorik batere izkutatu gabe. Ondorio garbia ateratzen du Iriartek: zaintzarekin aberastu nahi duten horiek «Gipuzkoa begiz jota dute» eta hori saihesteko gai hau bakarrik «publikotik» jorratu daiteke.

Adierazpen hau ez du ukatu EAJko Eider Mendozak, baina beren eredua defendatu du, eta Irunen sortu berri den egitasmoa «kooperatiba» gisa landuko dela jarri du adibide gisa. Honi aurre egin dio Elkarrekin-eko hautagai den Miren Echevestek, ordea: «Ez, Mondragonena da, enpresa batena da».

Mendozak onartu duenez, nabarmen zaharkitutako Gipuzkoa honetan «sekulako ahalegin kolektiboa behar da» adineko bakoitzak nahi duen arreta mota eskaintzeko. «Baliabideak bikoiztu beharko dira», ziurtatu du, eta «nola egingo duzue zuek?» galdetu dio EH Bilduko hautagaiari, mesfidantzaz.

Esanak esan, agian Iriartek erakutsitako iragarkia mintzo da hautagaiek baino garbiago afera honetaz.

Zergei buruz, hitzak eta ekintzak

Eta zaintzatik zerga sistemara, txanpon bereko bi aldeak baitira. Iriartek marraztu du lotura: «Gaur egun ez dira zaintza duinak bermatzen. Horretarako dirua behar da, zergen inguruko debatea zabaldu behar da, orain da unea».

Aldatu behar horretan bat etorri dira Echeveste zein Asensio. Elkarrekineko zerrendaburuak ziurtatu duenez, «gobernatzen dugun tokietan PSOE horretara bultzatu dugu. Errenta altuenetarako jo behar dugu». PSEko hautagaiak 2011-15ko legealdian Bildurekin hitzartutako Aberastasun Handien Zerga aldarrikatu du, «elkartasuna hori delako». Iriartek aurpegiratu dio, orduan, hitz onak dituela PSEk arlo honetan baina gero EAJren eskutik doala. Orduan bere argudioak nolabait berbideratu ditu Asensiok, orain Aldundiak jasotzen duen dirua ordukoa baino 11 milioi euro handiagokoa dela aipatuz.

Beste hiruengandik bereiztu da Eider Mendoza jeltzalea atal honetan. Izan ere, bere ustez zerga sistema «ezin da etengabe birpentsatzen aritu. Epe luzeko begirada behar du. Gure sistema progresiboa da. Ondare Zerga ere egon badago. Krisiari aurre egiten ondo lagundu digu. Eta zerbitzu publikoak eskaintzen segitzeko aukera eman digu», ziurtatu du. Gainerakoen posizioetan «eslogan gehiegitxo» ikusten ditu Aldundiaren eleduna izan denak.

PPko Mikel Lezamaren ustez ere, zerga sistema «epe luzera» pentsatu behar da eta familiekin eta enpresekin «sentsibilitate askoz handiagoa erabiliz». Gaizki ikusten du erakundeek «diruz beteta daudela» etengabe zabaltzea, «klase ertaina oso egoera txarrean dagoenean. Helburua ez baita erakundeek gero eta diru gehiago izatea».