Iñaki Ochoa de Olza, bizitzaren sokan
Asteartean, Iñaki Ochoa de Olza mendizalea zendu zela hamabost urte beteko dira. Annapurna mendian hil zen iruindarra buruko edema batek jota, 7.400 metrora lau egun luzez borrokatu ondoren. Iñaki erreskatatzeko batu zen elkartasun –eta indar– oldeak eredu izaten jarraitzen du oraindik ere.
Heriotzak bizitzaz daukagun kontzeptu perfektua hausten du. Heriotzak ez du zentzurik, zeinahi begiekin begiratuta ere. Zergatik bukatu behar da bizitza? Jendea hil egiten da, baina ezin gara haserretu, ezin delako ezer egin. Gizarte honetan ez gaude heriotzarako prestatuta. Heriotzak errotik hausten du gure konfort gunea, gure segurtasuna. Bizitza da, eta bizitzak heriotzarik gabe ez dauka zentzurik». Iñaki Ochoa de Olzak (Iruñea, 1967 - Annapurna, 2008) esandako hitz gordinak dira, heriotzaren mugan bizi izanaz zer pentsatzen zuen galdetzen ziotenean. Ondo asko baitzekien zer zen heriotzaren sokan ibiltzea. Mendi garaietan 30 espedizio egina zen Annapurnara joan aurretik (Himalaia, Nepal, 8.091 metro). Hamabi zortzimilako tontor igo zituen, eta hamahirugarrena igo nahi zuen. 2008ko maiatza zen.
Maiatzaren 19an egin zuen gailurrerako ahalegina Iñakik, 5. kanpamentutik hasita (7.800 metro). Ez zen ondo sentitu eta buelta hartu zuen. 4. kanpamentuan zeukaten dendara jaitsi zen Horia Colibasanu mendizale errumaniarrarekin batera (7.400 metro). Iñakik esku bateko hatzak izoztuta zituela ikusi zuen Horiak. Ezin zuen eskua erabili, eta zentzurik gabeko gauzak esaten hasi zela ere sumatu zuen: buruko edemaren sintoma (buruko edema garuneko zeluletan gertatzen den likido pilaketa da, eta azkar sendatzen ez bada heriotza eragin dezake).
Horiak berehala eman zuen abisua irratiz: «Iñaki gaizki dago, ezingo da bere kabuz jaitsi». Gurpila abian jarri zen azkar: kanpamentu nagusian, Annapurnaren magalean; Katmandun, Nepalgo hiriburuan; eta Euskal Herrian, Iruñean, ‘Diario de Navarra’ egunkariaren egoitzan, hain zuzen ere, garai hartan Iñaki Ochoa de Olzaren babeslea baitzen egunkaria.
«Istripuaren lehen berria anaiaren baten ahotik entzun nuen. Shock egoeran geratu nintzen. Himalaian gaixo zegoela esan zidan, ezin zutela erreskatatu, inork ezin zuela lagundu. Ez genekien ze gaixotasun zuen, bakarrik edo lagunduta zegoen… ezer ez. Ni ere ez naiz oso iaioa mendi kontuetan», esan du Pablo Ochoa de Olza anaiak. Asteartean, lanean zela, atzerriko dei bat jaso zuen Pablok, Nepalgoa. Nima Nuru Xerpa zen, Iñakik Nepalgo bidaiak antolatzen zituen bidaia agentziako nagusia. «Ingelesez esan zidan: ‘Kaixo, Nima Nuru Xerpa naiz. Iñaki ez da nire bezeroa, nire laguna da. Erreskatea antolatu dut, Dennis Urubko eta helikopteroa bidali ditut Annapurnara’. Hori guztia negar batean».
Amarengana joan zen azkar: «Ez nekien zer egin. Beste norbait Nepalera bidean jarriko zen berehala, akaso. Orduan jakin nuen laguntza talde bat osatu zela. ‘Lagun dezaket?’, bota nien. Ingelesez nekienez, horrela hasi nintzen». Koldo Aldaz irakasle eta mendizalea, Cristina Orofino Iñakiren emazte ohia eta Jorge Nagore kazetaria zeuden lantaldean. «Bulego bat eman ziguten, Internet eta telefono zenbaki finko batekin», kontatu du Pablok.
Ondo zekiten Iñaki handik bizirik jaistea ia ezinezkoa izango zela, baina… «Emozio handiko lau eguneko maratoi gogorra izan zen». Egunez egun taldera jende gehiago batzen joan zen. «Koldo Martinez medikuak laguntza itzela eman zigun azken egunean. Iñakik bere kumetzat zituenak ere azaldu ziren: Ignacio Barrio eta Oscar Fernandez, Iñaki zendu ondoren zortzi milako mendietara igo zirenak, eta egun igotzen jarraitzen dutenak. Nafarroako jendarteko jende ezagun asko batu zen laguntzera, eta modu transbertsalean, joera politiko guztietakoak: Miguel Sanz presidentea, Javier Esparza, Koldo Martinez bera…». Nafarroako Gobernuak ordura arte egin zuen jardun diplomatiko garrantzitsuena egin zuen: erreskate lanetan laguntzeko Annapurnako kanpamentu nagusian zegoen NBEko langile baten satelite bidezko telefonoa erabili ahal izatea lortu zuen.
«Nancy Morin Iñakiren neska-laguna kanpamentu nagusian zegoen, eta bera zen Iruñean geundenon begi, belarri eta ahotsa. Bere ahotik jakin genuen Dennis Urubko eta Don Bowie mendizale ezagunak laguntzera azaldu zirela. Berri bikaina izan zen guretzat». Izen asko botatzen ditu arrapaladan Pablok. Robert Scymczak mendizale eta mediku poloniarrak minutuko dei batean eta lau ‘yes’ erantzun soilekin Katmandutik Annapurnara joango zela agindu zion, erreskatean laguntzera: «Zortzimilako bat igo ondoren joan zen; pentsa nola egongo zen fisikoki. Alex Gavan eta Mihnea Radulescu errumaniarrak ere antzera. Zer esan, Alexei Bolotov-i buruz. Gailurra jo, jaitsi eta gorantz jo zuen atsedenik hartu gabe Urubko eta Bowieren arrastoari segika, glaziarrean gora trekking botekin».
Pablok Bolotov Iruñera etorri zeneko pasadizo bitxia gogoratzen du: «Nafarroako Kirol Merituaren domina eman zioten. Atleta bat da, gorputz ikaragarria duen gizon puska handia, eta Iruñean ni ikusi bezain pronto ‘I’m sorry’ (sentitzen dut) esan zidan». Pablok barkamen eskaera horren atzeko istorioa xehatu du: «’Helikoptero batekin saiatu ginen Iñakirengana iristen, baina ez genuen lortu. Gutxigatik. Aukera hori zegoela lehenago jakin izan bagenu...’ eta abar esan zizkidan Bolotovek… Esan nion, ez zeukala batere errurik, euren bizitza arriskuan jarri zutela Iñaki jaisteko, eta eskertuta geundela. Erreskate egun haietan jokaera heroiko anitz ikusi genuen jende askoren aldetik. Familia baten pare aritu ginen, eta ezerk ezin du aste zoragarri hura itsustu, ilundu», hausnartu du Pablok hunkituta.
Azken egun eta orduak Iñakiren alboan eman zituzten bi protagonisten balentriak kontatzen hasi eta Annapurnara bertara egiten du jauzi Pablok: «Ueli Steck suitzarra bi egunetan igo zen kanpamentu nagusitik 7.400 metrora; Iñaki zaintzen aritu zen Horia Colibasanu ordezkatuz. Horiak hiru egun egin zituen jan eta edan gabe, eta edema bat jasaten hasia zen. Horia jaits zedin konbentzitu behar izan zuen Uelik, baina kosta zitzaion errumaniarrak men egitea. Jaitsiko zela esan zion Horiak Ueliri, baina Ueli bera Iñaki zaintzen geratzearen truke. Ueli Iñakirekin geratzen ez bazen, Iñakirengana bueltatuko zela esan zion Horiak, hiltzeko arrisku handia hartuz. Guretzat keinu ikaragarria izan zen».
Helikopteroaren ametsa
Maiatzaren 23a iritsi zen, Iñaki hil zen eguna. Goizeko bostak aldera egunkariko bulegora joan zen Pablo. «Han zegoen norbaitek Youtube-n helikoptero bat Himalaiako zortzimilako mendiren batean lur hartzen ikusi zuela esan zigun. Begiak zuloetatik irten zitzaizkigun». Ikertzen hasi eta helikoptero militarra zela jakin zuten. «‘Berdin da’, bota zuen norbaitek, eta egurrean hasi ginen, helikoptero hori Iñakirenganaino eramaten saiatzeko». Espainiak Delhin, Indiako hiriburuan, duen enbaxadorea izan zen taldeko bitartekaria: Jon de la Riva Guzman de Frutos. «Inoiz ez zait izen hori ahaztuko, laguntza ikaragarria eman baitzigun. Berak jarri gintuen harremanetan Nepalgo Armadako arduradun egokiarekin».
Goizeko zazpietan lantaldearen bulegoa jendez lepo omen zegoen: «Tentsioa ikaragarria zen, Iñaki muga-mugan zegoelako eta Uelik oso gau txarra pasa zuela esan zigulako. Nancyk deitu zuen, Iñakik arnasa hartzeari utzi baina Ueli Steckek berpiztea lortu zuela esateko, bihotz-biriketako bizkortzea eginez. Ordurako egoera kritikoa zen, Koldo Martinezek Iñakik garuneko edemaz gain biriketakoa ere bazuela ziurtatu baitzigun, egiten zituen soinuengatik».
Urubko Iñakirengandik gero eta hurbilago zegoen, dexametasona eta oxigenoarekin, eta errusiarraren atzetik Don Bowie eta Aleksey Bolotov zihoazen. «Simon Anthamatten alpinista suitzarra zihoan helikopteroak 3. kanpamentutik gertu lur hartu zuen, 6.400 metrora, eurekin kamera hiperbarikoa zeramatela (oxigeno garbia sortzen duen tramankulua, odol isuria oxigenatzeko). Xerpak ere gorantz zihoazen Urubkoren atzetik, Iñakiren gorputza 3. kanpamentura eramaten saiatzeko… Baina erlojua gelditu egin zen». Pabloren kontakizuna bezala.
Ueli Steckek Iñaki hil egin zela baieztatu zien, ezin zuela ezer egin biziberritzeko. «Bi ordura geratu ginen», esan du Pablok. «Egun bat lehenago lur hartzea lortu ez zuen helikopteroak lur hartu izan balu, Urubko eta beste batzuk lehenago iritsiko ziren Iñakirengana, baina ez zen posible izan. Iñakik muturreraino borroka egin zuela badakigu, buruko edema batekin lau egun iraun zuelako 7.400 metrora». Orri batean gurutze bat marraztu eta RIP idatzi zuen Pablok. Lanean ari ziren gela «isiltasun mutu batek estali zuen, eta dena bukatu zen». Gurasoen etxera joan zen Pablo, baina kideei agindu garbi bat emanda: «Laguntzen aritu diren alpinista guztiak bizirik jaitsi behar ditugu».
Annapurnan zeuden mendizaleek errudun sentimendua izan zutela esan du Pablok: «Oraindik ere kosta egiten zait zergatia ulertzea. Horiak hiru egun egin zituen 7.400 metroan Iñaki zaintzen, bere bizitza arriskuan jarriz. Horiarekin telefonoz hitz egin nuenean nire heroia zela esan nion ingelesezko hitz itsusi ezagun batekin». Ueli Steck zenari ere gorazarre egin dio Pablok. «Hil zen eguneko gaua denda barruan pasa zuen Uelik, Iñakiren hilotza ondoan zuela. Bere bizitzako gaurik txarrena izan zela aitortu zidan ondoren, kanpoan oihuak entzun eta paranoiak eduki zituela, eta han ez zegoen inor». Eguna argitu zuenean atera zuen gorpua dendatik Uelik, eta elurretan utzi. Pablo etxera joan zen, eta familia osoak harrera egin zien doluminak eta babesa ematera joan ziren lagun eta senideei. Gorpuarekin zer egin ez zen eztabaidarik egon sendian. Iñakik hainbat erreskatetan parte hartu zuen, eta zintzo esaten zuen bere gertuko norbait erreskatatzeko ahaleginen bat egin behar bazuen hilotz bat erreskatatzeko azazkal bat arriskatzea ez zuela merezi. Familiak oso argi izan zuen hasieratik hilotza Annapurnan bertan geratuko zela.
Dolua eta oroimena
Heriotzak dena hausten du, eta Ochoa de Olza-Seguin familian ere dolua gogorra izan zen. Pablo: «Denok galdu dugu bizitzan maite genuen norbait, eta, Iñakik zioen moduan, heriotza bizitzako zati banaezina da». Etxean jakitun ziren Iñakiren jardunaz: «Nahiko lasai egoten ginen. Gailurreko ahalegina egin bezperan deitzen zuen eta amarekin edo aitarekin hitz egin. Animoak ematen genizkion, eta onik jaisteko eskatu». Pablok ongi gogoratzen du Iñakik noizbait ederki jo ziola adarra amari: «’Ama, ezin dut gorago jarraitu’, bota zion. Eta gure amak: ‘Bueno, seme, lasai, jaitsi eta kito’. Eta Iñakik: ‘Ez, ez, ezin dut gorago jarraitu gailurrean nagoelako’».
Iñaki oso alpinista zuhurra zela ziurtatzen du Pablok. «Ezin bazuen gailurrera iritsi, ez zen egoskortzen. Ahalik eta segurtasun handiena bilatzen zuen». Naturaltasunez onartu zuten haren hautua, arriskutsua izanda ere. «Bere erabakia zen, eta errespetatu eta babestu egin genuen hasieratik». Ama Iñaki alpinista zela bere logelan jantziren batzuen azpian gordetako soka batzuk bilatu zituenean jabetu zela gogoratzen du Pablok: «Iruñeko Gotorlekuko hormetan erabiltzen zituen, eskalatzeko. Sokak kaskar samarrak ziren, nonbait, eta etxera etorri zenean amak dirua eman eta soka on batzuk erosteko agindu zion. Orduan jabetu ginen etxean Iñakik mendiarekin zeukan harreman estuaz».
Bizimodu xumea egiten omen zuen Iñakik, batere luxurik gabea. «Bagenekien ez zela eskalea, garbi zihoalako. Anaia zaharrena zen, baina anaia gazteen arropa erabiltzen zuen. Ez zuen kontsumismoa ulertzen, eta ez zen ondo moldatzen diruarekin. Ez asko zeukalako, sosik ez baitzeukan». Bere herentzia, hauxe: «Jendea, lagun pila bat; Ulises bere zakurra, liburu mordoa eta immateriala den herentzia aberatsa». Heriotzaren ostean, bisitan joan ziren mendizaleen artean banatu zuten Iñakiren mendiko materiala.
Hamabost urte geroago, erreskate hura zergatik geratu den askoren oroimenean iltzatuta galdetu diogu Pablori. Zergatik gertatu zen halako laguntza, halako jarraipena han eta hemen? Di-da bota du: «Iñakirengatik. Jende askoren arimara, bihotzera, iritsi zelako. Dennis Urubkok ‘Iñaki was a doctor of the soul’ (Iñaki arimaren maisua zen)», esaten zuen. Oso gutxirekin, edonoren barru-barruraino iristeko gaitasuna zeukan. «Mutil zintzoa eta naturala zen. Oso azkarra buruz, eta berak bizitza ulertzen zuen moduarekiko oso leiala. Ukitu behar ziren tekla egokiak ukitzen zekien. Halako esploratzaile aura, sona, zeukan; abenturazalea, hipster itxura, Nirvana musika taldeko Kurt Cobain-en antza…».
Jakina da fisikoki ere oso erakargarria zela Iñaki: «Etxean nabaritzen genuen emakume asko erakartzen zuela: beste anaia guztioi zegokiguna berak eraman zuela esan nezake…», esan du txantxetan Pablok. Elena Sagaseta de Ilurdozek, Iñaki Ochoa de Olza Sos Himalaia Fundazioko arduradunak, bere ikasle garaiko oroitzapena ekarri du solasaldira: «Moja ikastetxe batean ikasi nuen, eta ondo gogoan dut Iñaki eskolara etortzen zenean sekulako harrabotsa sortzen zela. Iraultza antzekoa pizten zen eskolan; halako mito bat zen guretzat, eta bera etortzen zen egunean neska guztiok gure arropa politenak janzten genituen, guri begira ziezagun lortzeko». Pabloren hitzetan, jendetasuna zeukan, «eta oso erraza zen berarekin maitekor, liluratuta sentitzea. Parean gizonak edo emakumeak egon. Oso gertukoa zen».
Iñaki Ochoa de Olza SOS Himalaia Fundazioa
Dolua atzean utzi gabe zutela gorpuztu zen Iñakiren nahia betetzeko ahalegina. «Himalaiak eta bertakoek emandakoaren zati bat itzultzeko ametsa izan zuen betidanik Iñakik; izan erietxe, eskola edo elikadura on batekin, eta bere ametsari martxa ematen saiatu ginen», esan du Pablo anaiak. Iñaki hil eta lehen egunetan ia 70.000 euroko dohaintza batu zuten, «fundazioa sortu aurretik». Jendeak ‘Diario de Navarra’ egunkariaren fundazioan jarri zuen dirua, Iñakiri zion maitasuna erakusteko. Asturiastik jasotako dei bat gogoratzen du Pablok: «Diru bilketa bat egin zuela eta bidali egin nahi zidala esan zidan telefonoaren bestaldetik. 3.000 euro baino gehiago ziren. Esan nion ez geneukala konturik, baina jabetu ginen zerbait egin beharra zegoela».
Fundazioarekin hasi zen Pablo, erraza izanen zelakoan: «Gurean dirua eman nahi duen jendea dago eta Nepalen, berriz, diru hori behar duen jendea. Non jarri asmatu behar da, eta hara bidali, baina trabak ere badira, burokrazia». Nepalgo lehen diru-iturria turismoa da, «eta bigarrena, munduko hainbat fundaziok ematen duten laguntza. Laguntza horri koskak kentzen aritzen den meatzari asko daude Nepalen. Hainbeste, ezen horretaz bizi baitira. Tramite hau, zerga hau…».
Egitura eraginkorra dute: «Langile eta erdi dugu Iruñean, eta arduradun bat Nepalen bertan, hango mikroegitura guztiak martxan jartzen dituena: Mingma». Azken 14-15 urteetan gauzatutako ekimenak zerrendatu dituzte Pablok eta Elenak: «200 etxebizitza eraiki ditugu Langtang bailaran 2015eko lurrikararen ostean, eta zortzi eskola ere bai, Edurne Pasaban eta Kilian Jornet-en fundazioekin elkarlanean». Gurutze Gorriaren eta Nepalgo Gobernuaren eskertza jaso zuten. Mediku-kanpamentua ere egin dute Katmanduko kaleetan, beharra hiriburuan bertan sumatu zutelako.
Makalu mendiko bailaran laguntza beka ematen diete 50 haurri. Gosaldu, bazkaldu eta afaldu egiten dute, egunero, txukun, euro baten truke. «Hori da gure mezua: euro batekin haur batek hiru otordu egiten dituela Nepalen. Horretaz arduratzen diren bertako nekazari xumeak kontratatzen ditugu, hilean 200 dolarreko soldata emanda (erizain batek 300 dolar kobratzen du; maisu batek 500, gutxi gorabehera). Ikasi nahi duten haurrei arrautzez, esnez eta haragiz osatutako janaria ematen zaie. Aintzat hartu Nepalen normalean haurrek otordu bakarra egiten dutela». Ekimen horren kontuak plazaratu ditu Pablok, ze kostu duen uler dezagun: «Hogeita hamar haur, hiru otordu eguneko, 900 euro. Garestia al da hori?».
Elena Sagaseta de Ilurdoz arduradunak azaldu ditu fundazioari laguntzeko bideak: «Edonor egin daiteke bazkide, dohaintzak eman, teaming euskarriaren bitartez lagundu, hilero euro bat eman haurrentzako jantokia mantentzeko, eta salgai dugun materiala erosi. Enpresek ere eman dezakete dirua, mezenasgo legearen barruan gaude». Iaz fundazioaren lana gertutik ezagutu nahi zuen jendea Nepalera eramateko ekimena jarri zuten abian. «Esperientzia aberasgarria izan da, jendeari zer egiten dugun bertatik bertara erakutsi diogulako. Fundazioa barrutik ezagutaraztea zen helburu nagusia, jendeak bere dirua zertan erabiltzen den jakitea, eta lortu dugu». Seduwa herrixkan izan ziren, Makalu mendiaren magalean (8.481 metro, munduko bosgarren garaiena), eta fundazioa lagundu duen jendea hunkitu egin omen zen bere diruarekin erietxe bat eraiki dela ikusi zuenean. «Horrek geu ere asko asetzen gaitu», esan du Elenak.
271 bazkide dira eta 65 beka dituzte indarrean gaur-gaurkoz. «Fundazio txikia gara, baina hazten jarraitu nahi genuke. Bidaien bidean sakondu nahi genuke, eta etorri nahi dutenei erakutsi nahi diegu guk lan egiten dugun bailarek trekking ezagunak egiten direnekin zerikusirik ez daukatela, nepaldarrak bakarrik dauden bailarak baitira». Elenak diru kontuen gaineko azalpena eman nahi izan du, badaezpada: «Gure kontuak gardenak dira, ikuskatuak daude bai han bai hemen. Arau fiskalak ezberdinak dira han eta hemen, baina dena ikuskatua dago». Elena Nepalen familia bat daukala jakiteak bultzatzen du eguneroko jardunean. «Tarteka 10-11 urteko neskatoen mezuak jasotzen ditut messenger bidez, ‘Izeba Elena, zer moduz zaude?’ galdetuz, ea bideo-dei bat egin dezakegun. Neke oro arintzen duten keinuak dira».
Pablok gogora ekarri du zakurreztul gaiztoa zeukan haur txiki bat heriotzatik libratu zutela, zeuden tokitik oinez egun batera eta orotariko ibilgailuan zazpi ordura zegoen botika batean antibiotiko bat erosiz: «60 euro gastatu genituen». Hara joaten direnean pertsona inportanteak balira bezala hartzen omen dituzte fundazioko kideak. «Fundazioaren laguntzak euren egunerokoan duen garrantziaz mintzatzen zaizkit, eta esker oneko mezuak ematen dizkidate etengabe. Errespetu izugarria erakusten diote Mingma-ri, Nepalen dugun arduradunari. Lorez janzten gaituzte, eta ‘namaste’ agur hitza hamaika aldiz esan. Nola ez diegu lagunduko, bada?».
Lagundu, bizitzaren soka ez baita eten.