Agur Asurmendiri Gasteizen, Buchek Gernikan jarraituko du eta Donostian arituko da Whalen
Lau urtez Kutxabank Araskiko erreferente izan eta gero, antolatzaile iruindarrak ez du Madelen Urietaren aginduetara segiko. Roso Buchek, bestalde, laugarren urtea beteko du Bizkaian, hain justu Julie Wojtari agur esan zaion egunean bertan. Erin Whalenek IDK Euskotrenen barruko jokoa indartuko du.
«Nire nahia nire kirol bizitza Gasteizen amaitzea zen, baina ezinezkoa izan da. Baina badakizue, saskibaloi jokalari baten historia ez du norberak bakarrik erabakitzen. Letrak, berbak eta paragrafoak idaztea norbere esku dago, baina ez atalak zenbat luze izango diren... Saskibaloian jokatzen jarraituko dut, baina nola hasi ez dakidan orri zuri baten aurrean nago orain... Mila esker denoi, zalerik txikienetik hasi eta azken taldekideraino, zuen berotasuna sentituz noa Gasteiztik. Ikusi arte, araskizaleok!»
Últimas líneas para cerrar un capítulo especial.
— Maria Asurmendi (@MariaAsurmendi) May 26, 2023
Ahora sí, hasta siempre Araski. pic.twitter.com/ZTzojzsDG9
Horrela agurtu da bere sare sozialen bitartez Maria Asurmendi antolatzaile nafarra. Lau denboraldi Kutxabank Araski taldeko erreferente izan eta gero, jokalari iruindarrak ez du Madelen Uriertaren aginduetara elastiko berdearekin jokatzen jarraituko. Kutxabank Araskik berak ere esker oneko ohar baten bidez adierazi du azken agur hau.
«Taldeko historiako hirugarren saskiratzaile onena da –807 puntu– eta asistentzia banatzaileen artean, bigarrena da –277 asistentzia–. 2019ko udatik hona 113 partida jokatu ditu gure elastikoarekin, Superkopan, Emakumeen Ligan eta Kopan», aitortu dute talde gasteiztarretik.
Hala, fitxaketak egin besterik ez zaio geratzen talde arabarrari, orain arte bederen Natalie Van den Adel eta Txell Alarconek baiuno ez baitakite Gasteizen jarraituko dutela 2023/24 denboraldian.
Aurkia eta ifrentzua Gernikan
Agurra bezala, ongi etorria ere zabaldu du Lointek Gernika Bizkaiak, bestalde. Julie Wojta hegal-pibot estatubatuarrak ez du segiko Mario Lopezen aginduetara. Giharretako lesio baten erruz ia hiru hilabete jokatu ezinik eman ditu 34 urteko jokalariak, baina sano egon delarik 11,7 puntu eta 5,9 errebote pilatu ditu Wojtak. Hala ere, datorren urteari begira aurpegi berriz gainezka egongo den Lointek Gernika Bizkaian ez du lekurik izango, talde bizkaitarrak adierazi duenez.
Aldiz, Roso Buch Mataroko eskoltak laugarren denboraldia beteko du Bizkaia aldean. Jokalari katalanak bere alaitasuna erakutsiko du beste urte batez, kantxa barruan duen jarrerarekin zein kanpoan bere gertutasunarekin. Amaitu berri den denboraldian 8 puntu, 2,7 errebote eta 2,1 asistentzia eskuratu ditu batez beste.
Matarokoak esan du dagoeneko «etxean bezala» dagoela Gernikan eta Malosten. «Oso eroso nago herrian eta harreman berezia sortu dut zaleekin eta hori niretzako oso garrantzitsua da». Hurrengo sasoiari begira, eskoltak nahiko luke talde bizkaitarra «orain arte bezala lehiakorra izatea. Taldeko liderretako bat sentitzen naiz eta beste urte batez nire taldekideekin gozatu nahi dut».
Jokalari berria Donostian
Azkenik, IDK Euskotrenek Erin Whalen hegal-pibot estatubatuarra fitxatu du 2023/24 denboraldirako. 1,85 metro eta 2r urte ditu Charlotten 1997ko azaroaren 14an sortutako jokalariak. Vanderbilt Unibertsitate ospetsuan urtebetez aritu ostean, Daytongo Unibertsitateko Flyers taldean saiatu zen gero. Talde horretan hiru urtez jokatu zuen, partidako 13 puntu eta 4,8 errebote batez beste lortuta, hirukoetan %36 asmatuz eta eta %81 jaurtiketa libreetan.
Unibertsitatea utzita eta Indiana Fever WNBAko taldearekin aproba egin ondoren, 2022an Zeelanda Berriko Mailand Pouakai taldean aritu zen. 13 partida jokatu zituen, batez beste 15,3 puntu, 5,6 errebote eta 2,2 asistentzia lortuz.
Zeelanda Berriko txangoa eta gero, Emakumeen Endesa Ligan ere jokatu zuen zen iragan denboraldian Bierzoko Bembibren jokatzeko. Partidako 14,1 puntu eta 5 errebote lortu zituen.
Barruko jokoa indartzeko asmoz fitxatu du Azu Muguruzaren taldeak Erin Whalen, baina kanpotik ere jokatu lezake.