«Ziklo aldaketa baten lehen urratsa da hau», ziurtatu du Otegik (EH Bildu)
Igande honetakoak ez dira udal hauteskunde hutsak izan, Arnaldo Otegiren aburuz, «ziklo aldaketa baten lehen urratsa» baizik. «Euskal Herri osoa kontutan hartuta, lehen indar politikoa gara», nabarmendu du, oharkabean pasatzen den datua baita hau.
Harrotasunez baina harrokeriarik gabe, emaitza hauek «ziklo aldaketa baten lehen urrats» gisa hartu ditu Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak Donostia eginiko agerraldian. Indar horrena poliki goruntz zihoan marea dela esan du Otegik, baina egun honetan «oso altu» iritsi da ur maila.
Oharkabean pasa bada ere, emaitza hauek eta Ipar Euskal Herrikoak batuz, «Euskal Herri osoa kontutan hartuta, lehen indar politikoa gara», nabarmendu du Otegik, txalo artean.
«Gaur magikoa izango zela esan genuen eta horrela izan da –abiatu du bere hitzaldia Otegik–. Zaratatik haratago soluziobideak planteatu ditugu», ekarri du gogora. Bere ustez, EH Bilduk eginiko kanpaina «eredugarria izan da».
Tokian tokiko zenbait garaipen zerrendatu ditu EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, bereziki Gasteizen eta Gipuzkoan lortutakoak aipatuz eta Iruñean «oso gertu gelditu garela» ahaztu gabe.
«Gurea ez da harrokeria, herri konpromisoa baizik. Gobernatu ditugun herri guztietan nabarmen egin dugu gora», ekarri du gogora Arnaldo Otegi. Orain «lanean» segitzeko deia egin du: «Bihar, ‘al tajo’». Eta «Euskal Errepublika osatu arte» aurrera egin beharra adierazi du.
Negoziaketak abiatuko ditu Iriartek
Donostiako agerraldi honetan Gipuzkoan irabazle izan den Maddalen Iriartek hitz egin du Otegik baino lehenago. Eskerrak emateko eta albiste bat iragartzeko: astelehen honetan bertan «negoziaketak» abiatuko ditu «Gipuzkoak gobernu aurrerakoia izan dezan. Konpartitutako lidergoak behar ditugu eta ni horretarako prest nago», ziurtatu du.
«Ez ditut inolaz ere ahaztu nahi gaur gauean EH Bilduk lortu dituen udal horiek guztiak, udal horien lanaren emaitza izan dira», erantsi du Iriartek. Eta txalo berezi bat eskatu du Donostiako zerrendaburu Juan Karlos Izagirrerentzat, «emaitza izugarri hori gabe ez baitzen Gipuzkoakoa posible izango».