INFO

Bidasoa Irunek Julen Aginagalderen 13 zenbakia erretiratuko du

Pibote irundarrak larunbat honetan jokatuko du bere azken partida, Artalekun, 18.30ean, eta izan duen kirol ibilbidearen aitortza gisara, klubak erabaki du 13 zenbakia Artalekuko horman zintzilikatuta geratzea betiko. Banakako lorpenen artean, hirutan izendatu dute Asobal Ligako jokalaririk onena.

Julen Aginagalde denboraldi honetan Aguas Santas Milanezaren aurka Europan jokatu zuten partidan. (Jon URBE | FOKU)

Julen Aginagaldek aro bat markatu du Bidasoa Irunen, eta bere kirol ibilbidearen aitortza gisara, klubak erabaki du 13 zenbakia Artalekuko horman zintzilikatuta geratzea betiko. Klubaren hitzetan, «euskal kirolari batek Euskal Herrian, Gipuzkoan eta Irunen izan duen ibilbide arrakastatsuenetariko baten aitortza gisara».

13 zenbakia erretiratzeaz gain, klubak aste honetan ere aurkeztu zuen Aginagalderen azken partidarako kamiseta berezia.

Pibot irundarrak larunbat honetan jokatuko du bere azken partida Bidasoako jokalari gisara, Angel Ximenez Puente Genilen aurka, 18.30ean. Klubak jakinarazi duenez, partida amaitzean denboraldi amaierako ohiko ekitaldia egingo da, eskerrak emateko lehen taldeari, babesle eta laguntzaile guztiei, eta zaleei zein klubeko kide guztiei.

Horrez gain, taldean jarraituko ez duten bost jokalariei agur esateko tartea ere izango dute zaleek. Aginagaldez gain, Ander Ugarte –erretiroa hartuko du–, Jon Azkue, Victor Rodriguez eta Mihajlo Miticek ez baitute segituko taldean.

Ibilbidea, hasi eta buka, Irunen

Pibote irundarrak bere kirol ibilbidea Bidasoa Irunen hasi eta bukatuko du. 1999. urtean egin zuen debuta lehen taldearekin eta bertan egon zen zazpi denboraldiz. Hain justu, 2005-2006 denboraldi amaierara arte, sasoi horretan Bidasoak ezin izan zion Asobal Ligari eutsi, eta mailaz jaitsi zen.

Momentu horretan Aginagaldek erabaki zuen bere kirol ibilbidea jarraitzea Bidasoatik urrun. 2006tik 2009ra Ademar Leon taldean jokatu zuen, eta bertan garaipen garrantzitsuenen artean, Asobal Kopako txapelduna (2008-2009), eta Europako Errekopako txapeldunordea izan zen (2006-2007).

Leonetik Ciudad Real taldera joan zen, 2009tik 2011ra. Bertan lortu zituen bere ibilbideko garaikur garrantzitsuenetariko batzuk. Besteak beste, Asobal Ligako txapeldunak izan ziren (2009-2010), Kluben Munduko Txapelketako txapelduna (2009-2010) eta Txapeldunen Ligako txapeldunordea (2010-2011).

Handik Atletico Madril taldera joan zen, 2011tik-2013ra. Besteak beste, birritan izan zen Errege Kopako txapelduna (2011-2012, 2012-2013), Espainiako Superkopako txapelduna (2011-2012) eta Txapeldunen Ligako txapeldunordea (2010-2011).

2013an, Aginagaldek Poloniako talde batera joateko erabakia hartu zuen. 2013tik 2020ra arte egon zen KS Kislce taldean. Pibote irundarrak Poloniako Liga irabazi zuen zazpi aldiz, Kopako txapelduna izan zen birritan, eta Txapeldunen Ligako txapelduna izan zen Coloniako (Alemania) lauko finalean (2015-2016).

Banakako lorpenak

Klubetan izan duen arrakastaz gain, Espainiako selekzioarekin ere izan du ibilbide oparoa. Lorpen garrantzitsuenen artean ditu, besteak beste, 2013ko Munduko Txapelketan lortu zuen urrea, 2018an eta 2020an Europako Txapelketan eskuratutako urrezko dominak, eta 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan lorturiko brontzezkoa.

Banakako lorpenak ere eskuratu ditu. 2012an munduko jokalari onenen artean hirugarrena izan zen. Asobal Ligan hirutan izan da izendatua denboraldiko jokalari onena, eta Txapeldunen Ligan birritan izan da pibote onena. 2012ko Olinpiar Jokoetan ere pibote onena izan zen izendatua, baita Munduko Txapelketa zein Europakoan ere.