Euskal eskola publikoa «ahulduko» duen legearen kontra mobilizatzera deitu dute ekainaren 9an
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak manifestazioak egingo ditu ekainaren 9an, ostiralean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen.
Euskal eskola publikoaren aldeko plataformak manifestazio berriak deitu ditu ikasturtearen amaierarekin batera, herritarrek adieraz dezaten Hezkuntzari buruzko Lege proiektuaren aurka daudela. Ekainaren 9an izango dira mobilizazioak, EAEko hiru hiriburuetan.
Sare publikoa ez lehenestea, segregazioarekin ez amaitzea eta euskarazko ikaskuntza ez bermatzea dira Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak araudi berriari egozten dizkion kalteetako batzuk. Lakuak joan zen hilean onartu zuen lege-proiektuak, plataformaren ustez, euskal eskola publikoa «ahulduko» du.
Etorkizuneko legea «ez da euskal eskola publikoak behar duena», adierazi dute Donostian asteazken honetan egindako agerraldian. Bertan, mobilizazio berriak aurkeztu dituzte Jon Errea eta Elena Cardenasek, eskola publikoa defendatzeko toki-erakundeak, sindikatuak eta irakasleen edo ikasleen gurasoen elkarteak biltzen dituen plataformako kideek.
18.00etan hasiko dira ekainaren 9ko manifestazioak: Donostian, Bulebardetik; Bilbon, Plaza Eliptikotik eta, Gasteizen, Plaza Berriatik.
Identifikatutako ahulguneak
Beraien iritziz, lege-proiektuak «sistema dual publiko-pribatua betikotzen du» Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren bidez. Egitura horrek, esan dute, «ez du oinarri juridikorik eta erabat anakronikoa da Europan, sare pribatua eta publikoa berdintzen baititu, berdinak balira bezala».
«Ez du eskola publikoa lehenesten, horren ordez, itunpeko ikastetxeei epe luze baterako finantzaketa bermatzen die», esan du Cardenasek. Nabarmendu du sare publikoak «plangintza estrategiko bat behar duela, auzo eta herri guztietara zabaltzeko, eta azpiegitura eta baliabide nahikoak ematea, hezkuntza-sistemaren erreferentzia-sare bihur dadin».
Ohartarazi dute, gainera, lege-proiektuak «zentro publiko eta pribatu guztiak» «merkatu-logika» batean sartzen dituela «programa-kontratuen» bidez, eta horien artean «lehiakortasuna sustatuko duela.
Ez dute begi onez ikusten, halalber, «segregazioaren arazo larriari» aurre egiteko legeak jasotzen dituen neurriak. «Neurri artifizialak» direla uste dute, eta horietako batzuk «alferrikakoak».
Erreak adierazi duenez, «arauak ez du bermatzen ikasleen euskalduntzea», ez baitu zehazten «nola edo zein baliabiderekin» sustatuko den, eta ez du eredu «benetan laikoaren» alde egiten.
Dekalogo baten bitartez ezagutzera eman dituzten arrazoi hauengatik guztiengatik, eta legea «akordio sozialik gabe» onartu nahi dela uste dutelako, manifestazioak deitu dituzte ekainaren 9an Donostian, Bilbon eta Gasteizen, «Euskal eskola publikoaren alde. Hezkuntzaren Lege honi ez» lelopean.