INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Txokolatezko lehen baleontzia itsasoratzearen testigu izan da Pasaia

Txokolatezko lehen baleontzia egin dute Albaolak eta Gozoa Elkarteak elkarlanean, 45 egunetan egin dute, eta 1.500 txokolate kilo erabili dituzte. Ostegun goizean itsasoratu dute, eta osorik ibili da Pasaiko portuan zehar.


«Flotatuko ote du baleontziak?» Hori zen ostegun eguardi arte Pasaia inguruan zegoen kezka nagusia. Izan ere, 45 egun igaro dituzte Albaolako eta Gozoa Elkarteko kideek 1.500 kiloko txokolatezko txalupa eraikitzen. Ikusmira handia sortu du proiektuak eta adin guztietako herritarrak bertaratu dira, guztien nahia bete da, urperatu gabe itsasoratu da txokolate hutsez eraikitako baleontzia.

Eguardiko ordubiak aldera katamaran batean iritsi dira gozogile eta gonbidatuak Albaola itsas fabrikara, tentsioa zen nagusi lehorrean, inoizko baleontzirik bereziena itsasoratzeko eguna zelako gaurkoa: lehen txokolatezko baleontzia. Albaola kanpokaldean zegoen txalupa prest, gozogileek eusten zituzten 18 arraunek inguratuta. Ekitaldia egin da barnekaldean eta ondoren, Jon Maia bertsolariak kantatu du, eta «Itsasoa gara» abestiaren erritmoan bi lagunek dantza egin ostean iritsi da, Xabier Agote Albaolako lehendakariak azaldu gisa «probarako momentua». Maiak ere zalantza zuen zer gertatuko ote zen, hala adierazi du kantuz: «Zoaz uretan askatasunez/ txalupa goxo maitea/ ta itsasoan urtu ezkero/ gozatu etenitatea».

Albaolako txokolatezko txalupa Pasaiko badian

Agotek berak eta Miren Lukasek, Gozogileen Elkarteko kideak, txanpain botila txaluparen aurka hautsi dute hasiera emateko, hau ere txokolatezkoa, noski. Eta Albaolako bi aprendiz baleontzira igo dira, heldu da momentua. Alde batean gonbidatuak adi, beste aldean herritarren kamarak, eta gozogile zein albaolatarren urduritasuna gurutzatu dira arratsaldeko hirurak aldera. Pixkanaka aurrera egin du, eta itsasoratu da ontzia, ordu erdiz baino gehiagoz ibili da inoiz euskal itsas historian egon den baleontzi gozoena Pasaiko portuan bueltaka. Poza zen nagusi, ekitaldian Agotek kontatu bezala euskal itsas historia zabaltzeko egitasmo «berezia» izan delako; 1.500 kilo txokolate egin, eta eskuz txalupa bat osatzea ez baita lan makala.

«Elkarlanaren emaitza»
Guztiek itxaroten zuten momentua baino lehen, ekitaldia egin dute Albaolan bertan prozesua nolakoa izan den azaltzeko. Gozogileen elkarteko ordezkariak, Albaolako kideak, Eneko Goia Donostiako alkatea, Joseba Erramundeguy Comunitate du Pais Basqueko ordezkaria eta Raul Perez Lakuako Gobernuaren izenean egon dira beste hainbat gonbidaturekin batera.

Agote izan da hitza hartzen lehendabizikoa, eta hasieratik aitortu du «Ez dago %100ean seguru zer gertatuko den, baina guztiok izango gara testigu». Kontatu du proposamena beraiengana iritsi eta pozarren hartu zutela: «Hasieran uste genuen txokolatezko maketa bat nahi zutela, baina, ez ez, baleontzi baten erreplika nahi zuten!». 45 egun eta 1.500 kilo txokolate eman zizkioten haien buruari proiektua gauzatzeko, prozesuan asko gozatu duela aitortu arren, urduri ere bazeudela esan du. «Gaur da txalupa itsasontzi bilakatuko den eguna, txalupa, itsasorik gabe, objektu bat besterik ez delako». Gozogileen eta Albaolako aprendizen arteko elkarlana txalotu du, eta egunero elkarlanean ikusteak poza sorrarazi diola aitortu.

Txalupa prest

Lorena Gomez Gozoa Elkarteko lehendakariak «inoizko istorio gozoena kontatzera goaz» esanaz hasi du bere hitzartzea, eta Gernika koadroaren txokolatezko bertsioaren arrakastaren ostean bururatu zitzaiela itsasontziarena azaldu du. Miren Lukas Gozoako kideak gozogintza «krisian» dagoela adierazi du, eta «birmoldaketa» bat beharrezkoa dela, adibide egokitzat jarri du gaur aurkeztua izan denaren gisako proiektu «berritzaileak».

«Mugaz gaindiko elkarlana» txalotu du Erramundeguyk, eta adierazi beharrezkoak direla horrelako ekimenak: «Gure historia komunak, kulturak, gastronomiak, ekonomiak… itsasoarekin eta bale ehizak Euskal Herrian izan duen garrantzia zabaltzen lagunduko du».