Dulcy Fankam Kamerungo pibotarekin barruko jokoa osatuko du IDK Euskotrenek
South Florida unibertsitatean 16,5 puntu eta 12,3 errebote lortu ditu batez beste aurten duela 24 urte Kamerunen sorturiko 1,93 metroko pibotak. Ibaeta Basketek barruko jokalari laukote sendoa osatuko du eta egia esan, Azu Muguruzak ia talde osoa prest du 2023/24 denboraldiari begira.
Dulcy Fankamek, Kamerunen 1999ko uztailaren 26a sortua eta 1,93 metroko pibotak, IDK Euskotrenen jokatuko du 2023/24 denboraldian. Ondorioz, esan liteke Ibaetako taldeak datorren denboraldiari begira barruko jokoa ia erabat osatu duela, Becky Massey, Jewel Tunstull eta Erin Whalenekin batera, laukote oso sendoa osatuko duelako Fankamek.
Kanpotik jokatzen duten jokalarien multzoa ere oso aurreraturik dauka Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeak, egia esan. Yurena Diaz eta Maria España Almendro kapitainez gain, Lara Gonzalez, Alba Prieto eta Gracia Alonso de Armiñok ere dagoeneko lekua egin baitute Donostiako klubean.
Dulcy Fankamentzat Emakumeen Endesa Ligan estraineko urtea izango da. Hasteko bere jaioterriko High Scholl Lycee du Manengouba Nkongsamba taldean hasi zuen bere ibilbidea.
Artean junior kategorian jokatzen zuela hasi zuen AEBko bere ibilbidea, Walters State CCn, non 2018/19 denboraldian 15,5 puntu eta 8,8 errebote lortu zituen batez beste.
Hortik Memphiseko unibertsitatera igaro zen eta bertan bi urte eman zituen 2019tik 2021era bitartean. Hurrengo bi urtean, berriz aldi hau South Florida unibertsitatean bete zituen. Azken denboraldian NCAAn 34 partida jokatu ditu, 16,5 puntu eta 12,3 errebote pilatu ditu batez beste. Bi puntuko jaurtiketetan %58,6 asmatu du eta jaurtiketa libreetan, berriz, %72.
Horrez gain, Kamerunekin brontzezko domina lortu zuen 2021eko Afrikako txapelketan.
Aurten Seattle Storm WNBAko frankiziak aukeratu du draftean.
Puntuak eta erreboteak pilatzeko erraztasuna, barnealdeko sendotasuna ditu bertute nagusiak Dulcy Fankamek.
Zilarrezko domina
Bestalde, asteburu honetan jokatu dira Vienan 3x3 saskibaloi modalitateko Munduko Txapelketak eta Hortense Lemouzin antolatzaile lapurtarra aurten ere finalera iritsi da. Alabaina, iaz urrezko domina lortu bazuen, aurten AEBn aurka igandean jokaturiko finalean 16-12 galdu eta gero, zilarrezko dominarekin konformatu behar izan du Urketako jokalariak.
Kanpoko jaurtiketetan ezin asmatuz –12 saiakera egin eta bakarra ere ezin sartu– Frantziako selekzioak erreboteetan ere estatubatuarren nagusitasuna pairatu behar izan zuen –24-11, amerikarrak nagusi–. Alabaina, Lemouzinek 5 puntu sartuta, europearren aukerak ia azkenera arte mantendu zituen bizirik. Alabaina, estatubatuarrak izan ziren nagusi.
Gizonezkoen kategorian, berriz, Serbiak eraman du urrea, AEBn aurka 21-19 nagusitu eta gero.
Bestalde, Nerea Hermosa pibot gasteiztarrak ezin izan go du hilaren 15ean hasiko den Emakumeen Eurobasketen jokatu, Espainiako selekzioko Miguel Mendez hautatzaileak zerrendatik at laga baitu asteburu honen ostean. Estatu espainoleko selekzioak Turkiaren aurka 76-37 irabazi zuen larunbatean eta Nerea Hermosa jokalari arabarrak lau puntu eta hiru errebote eskuratu zituen. Aldiz, ez zuen igandean Belgikaren aurkako partidan jokatu eta neurketa horren ostean, datorren denboraldian Zaragozan jokatu behar duen pibot gaztea hautatuen zerrendatik kanpo laga zuen Miguel Mendez hautatzaile espainiarrak.
«Oso pozik gaude berarekin. Maila oso ona eman du eta txapelketan lortzen dugun emaitzaren erantzukizunaren zatitxo bat berea ere izango da», onartu du, nolanahi, Espainiako hautatzaileak.
Ondorioz, Emakumeen Eurobasketen ez da euskal jokalaririk izango. Hasteko, duela hiru hilabete Irati Etxarrik belauneko lesio larria izan zuen Espainiako taldea lekua irabazita zuela; Maria Eraunzetamurgilek ere lesio txiki baten erruz Miguel Mendezen kontzentrazioa laga egin behar izan du eta, azkenik, Nerea Hermosak ezin izan du azkenaurreko galbahea pasa.