INFO

Tolosako Asuncion klinikako langileek beste 14 greba egun egingo dituzte

Maiatzeko hamar egunetan greba egin zuten Tolosako Asuncion klinikako langileak, baina Inviza enpresak ez die kasurik egin, LAB eta ELA sindikatuen arabera. Hori dela eta, beste hamalau lanuzte deitu dituzte, zazpi ekainean eta beste zazpi irailean.

Asuncion klinikako langileek grebaren luzapena iragartzeko agerraldia egin dute. (Maialen ANDRES | FOKU)

Tolosako Asuncion klinikako langileek 14 greba-jardunaldi antolatu dituzte ekainetik irailera bitartean, lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen berri bat eskatzeko.

Astearte honetan LABek eta ELAk komunikatu batean adierazi dutenez, beharginek berriro mobilizatzea erabaki dute, izan ere, lanuzte partzialak eta hamar eguneko greba egin badituzte ere, Inviza enpresak (Asuncion klinikaren jabea) beraiek eskatutakoari erantzun gabe jarraitzen du.

Bihar bertan egingo dute lehenengo lanuztea, eta hilabete honetako 8, 9, 12, 13, 19 eta 20an jarraituko du mobilizazio agendak. Bi hilabetez lanuzteak baztertuko dituzte langileen oporraldiak direla eta, baina irailean segituko dute mobilizazioekin: hilak 13, 14, 15, 18, 19, 28 eta 29 izango dira greba egunak.

Gainera, ekainaren 12an eta 13an Tolosako Triangulo plazan kanpaldi bat egingo dutela iragarri dute sindikatuek.

Arratsaldean mobilizazio berriak iragartzeko agerraldia egin badute, eguerdian Tolosan osasun publikoaren alde egin den manifestazioan parte hartu dute Asuncion klinikako langileak.

Erosahalmena berreskuratzeko eskaera

LABek eta ELAk zehaztu dute klinikako langileen hitzarmena berritu gabe dagoela 2021etik eta urte hauetako KPIaren igoera kontuan hartuta, %12,2eko erosahalmena galdu dutela. «Langileak gero eta pobreagoak dira, eta honek, ezinbestean, zerbitzuaren okertzea dakar», ohartarazi dute enpresa batzordean ordezkaritza duten bi sindikatuek.

Hitzarmen berriarekin, besteak beste, galdutako erosahalmena berreskuratu, KPIaren araberako soldata igoerak ezarri eta 35 orduko lan astea lortu nahi dute.