Binakako euskal pentatloia egonkortze aldera, aurten markak hausten jarraitu nahi dute
Igande honetan, 17.30ean, jokatuko da Binakako euskal pentatloia Tolosako zezen plazan. Iaz, Amalur Arbelaitz eta Nerea Arrutik osatutako bikotea nagusitu ziren emakumezkoetan, beraien lehen parte-hartzean; gizonezkoetan, Izeta VI.ak laugarren txapela jantzi zuen Gorka Etxeberriarekin batera.
Binakako euskal pentatloiak marka guztiak hautsi zituen iazko edizioan eta aurten, oraindik ere gehiago egonkortu dela, erregistro guztiak apurtzeko prest dira kirolariak. Emakumezkoetan hirugarren edizioa lehiatuko da eta aurten ere, hiru bikotek neurtuko dituzte indarrak; gizonezkoetan, laugarren aldia dauka binakako probak, eta aurreko guztietan Andoni Iruretagoiena “Izeta VI.ak” jantzi du txapela. Aiako laugarrenaren bila doa, noski, eta beste bost bikoteak honen monopolioa apurtzera.
Ostegun honetan aurkeztu dute txapelketa, Leaburuko Mahala baserrian, probako babesle nagusiaren etxean, hain zuzen ere. Tolosako zezen plazan jokatuko da pentatloia, igandean, 17.30ean (ETB1). Sarrerak salgai daude Tolosako Kantabriko tabernan, bai eta bizum bitartez ere (607 44 39 29). Proba hasi baino ordubete lehenago irekiko da lehiatila eta bertan ere eskuragarri egongo dira sarrerak.
Emakumezkoen txanda izango da lehendabizikoa. Norgehiagoka estua espero da hiru bikoteen artean. Faboritoen artean, iazko txapeldun Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz daude. Aurreko urtean, beraien debutean, ezustekoa eman zuten. Lucia Orbek –lehen edizioko txapelduna Garazi Arrutirekin– Julia Martinezekin osatuko du bikotea, honentzat estreinako aldia izango da pentatloian, bai eta Lur Errekondo eta Oihana Fernandez de Barrenarentzat ere.
Proba burutzeko «gogotsu» dago Errekondo, NAIZi onartu dion legez. Duela hilabete batzuetatik begiz jota zuen proba eta iritsi zaio eguna. Gustatuko litzaioke apur bat gehiago entrenatzea, «segurtasun gehiagorekin iristeko, batez ere aizkoran, baina ondo joango dela uste dut». Fernandez de Barrena aizkoratik dator; usurbildarra, aldiz, harri-jasotzetik. Bakoitzaren indarguneekin elkar lagundu dira: «Oso ondo entrenatu gara, giro polita daukagu eta elkar lagundu gara, talde lana da eta biok egin behar dugu ahalik eta ondoen».
Hasieran lau bikote ziren parte-hartzekoak –inoizko gehien– baina bikote batek kale egin du eta hiru izango dira, iaz bezala. Errekondok uste du garrantzitsua dela egonkortzea eta geroz eta jende gehiago animatzea, «txapelketa jantziago geratzeko eta lehia handiagoa eskaintzeko».
Helburu garbirik gabe daude debuta egingo duten bikoteak baina gainontzeko bi bikoteekin borrokan ibiliko direla argi dauka. Beldur handiena, «korrikan» dauka usurbildarrak, bizkarreko minarengatik. Dena dela, bikote arteko lana ondo probestuko dutelakoan da.
Izeta baserrian entrenatu dute Errekondo eta Fernandez de Barrenak, txapeldun baten etxean, hain zuzen ere. Andoni Iruretagoiena “Izeta VI.ak” aurreko hiru edizioak bereganatu ditu eta aurten laugarrenaren bila doa: «Laugarren txapela, laugarren bikotearekin... Erronka eta marka polita litzateke».
Xabat Olaizolarekin osatuko du bikotea, berak propio eskatuta. Gutxi entrenatu dutela dio aiarrak baina ondo moldatu direla, «bikote polita osatu dugu». Lehia gogorra aurreikusten du, gainontzeko bikoteak ere indartsu daudelako. Julen Gabirondo-Beñat Telleria, Aritz Irazabal-Beñat Amade (debuta egingo du), Xabier Zaldua-Aratz Mugerza, Ioritz Gisasola-Jon Gisasola lehegusuak eta Julen Kañamares-Jagoba Otaegi izango Izeta VI.aren monopolioa hausten saiatuko direnak.
«Denok segundoak nondik jan pentsatzen ari gara; trantsiziotan, harrian..», dio Aiako herri-kirolariak. Onartzen du bera nahiko frikia dela horretan eta dena pentsatua izaten duela, «erreleboa non hartu, non eman, dena». Txapeldun baten teknikak, alegia.
Egin beharreko lanak
Tolosako zezen plazan jokatuko da Binakako pentatloia eta lan hauek burutu beharko dituzte. Emakumeen kasuan, 63 kiloko bolari 20 jasoaldi; giza-proban, 250 kiloko harriarekin bi plaza; aizkoran, 45 ontzako bi egur moztu; 35 kiloko txingekin 6 plaza eta bukatzeko, bi kilometro korrika.
Lan hauek burutzen orain arteko denborarik onena iaz lortu zuten, Amalur Arbelaitz eta Nerea Arrutik, 24 minutu eta segundo batean lanak bukatuta.
Gizonezkoetan, bi txanda izango dira, hiru bikotekoak. Zozketa 17.00etan egingo da. Hauek izango dira burutu beharreko lanak: 100 kiloko bolarekin 40 jasoaldi; giza-proban, 400 kiloko harriarekin lau plaza; aizkoran, 4 kanaerdiko; 50 kiloko txingekin 8 plaza eta bukatzeko, 4 kilometro korrika.
Andoni Iruretagoiena “Izeta VI” da hiru denbora onenen egilea, hiru bikote ezberdinekin eta markarik azkarrena iaz egin zuen, Gorka Etxeberriarekin, lehen aldiz 40 minututik jaitsita: 39 minutu eta 45 segundo.