INFO

Hego Euskal Herrian 16.717 ikasle ari dira unibertsitatean sartzeko azterketak egiten

Ekainarekin batera iristen da bigarren batxillergoko ikasleen etorkizuna baldintzatzen duen proba. Unibertsitatean sartzeko ebaluazio horretara aurten Hego Euskal Herrian guztira 16.717 ikasle aurkeztu dira. Gaur amaituko dituzte azterketok nafarrek, eta ostiralean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoek.

Nafarroako ikasleak, USE proba egiten, Iruñeko Arrosadiako campusean. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Esnatu naizenean lasaiago nengoen, baina orain ate aurrean egonda, sartzeko prest, urduri samar nago»; hori aitortu zuen atzo ikasle batek Donostiako campusean. Guztira, 16.717 ikaslek hartuko dute parte egunotan USE Unibertsitatera sartzeko ebaluazioan Hego Euskal Herrian, lehen Selektibitate esaten zitzaion horretan. Etorkizunean ikasi ahalko dutena baldintzatzen du, eta ikasle gehienei urduritasuna eta buruhausteak eragiten dizkie.

Astelehenean hasi zen proba Nafarroan, eta asteazkenean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 3.822 ikasle aurkeztu ziren Nafarroan; 2.847 ikaslek gazteleraz egingo dute azterketa, eta 975ek, aldiz, euskaraz. Iaz baino 114 ikasle gehiago aurkeztu direla azaldu zuen Ane Zabalza Nafarroako USE probaren arduradunak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, 12.895 ikasle aurkeztu dira.

Hezkuntzan Lomce legearen ordez Lomloe onartu zenean sortu zen USE (gaztelaniaz EvAU), gaur egun egiten den ebaluazioa. Datorren urtean hastekoa zen proba hau ordezkatuko zuen berria, baina hauteskunde orokorrak izango direnez, ez dakite zer gertatuko den, proba berriren diseinua oraindik amaitu gabe baitzegoen.

NAIZ irratiarekin hitz egin duten ikasleen iritziz, matematika eta historia dira ikasteko zailenak: «Historian galdetzen duten gaiaren arabera ikusiko da… agian idatzi gabe aterako naiz, baina ezetz espero dut». Azken egunak «etxetik atera gabe eta deprimituta» igaro dituela aitortu zuen ikasle batek, baina umorez erantzun zuen orain zer egingo duen galdetutakoan: «Pixka bat errezatu!».

Gizarte Langintza ikasi nahi du beste batek, eta lehen azterketak ongi ateratzea nahi du, bigarren egunekoak zailagoak iruditzen baitzaizkio; «gero eta urduriago egongo naizela uste dut». Oro har, ikasleen urduritasuna nabaria da campus atarietan, 90 minutuko azterketetan beraien etorkizuna nahi bezala erabakitzeko behar besteko maila erakutsiko ote duten zalantzan.

Hauteskunde orokorrak

Aurtengo USE probari eragin ez badio ere, hurrengo urtean aldatzea aurreikusita zutenez, eragin zuzena izango dute uztaileko hauteskundeek. Izan ere, ekainean ziren aurkeztekoak azterketaren diseinu berriak eta hortik abiatuta edukiak, zuzenketa irizpideak... Baina ez dela hala izango azaldu zuen Zabalzak, «guztia atzeratuko da hauteskundeak igaro arte gutxienez». Ezinegona sortu die horrek ere.