INFO

Euskara batuaren sortzaileak gogoan Komiki Lehiaketan

Errenteriako Orereta ikastolako Inge Telletxea, Uxue Berra, Garazi Zabaleta eta Lur Gracia ikasleek elkarlanean marraztutako komikiak Oteizaren apostoluetako batzuk bilakatu ditu euskara batuaren sortzaile.

Inge Telletxea, Uxue Berra, Garazi Zabaleta eta Lur Gracia, aurtengo irabazleak. (NAIZ)

Sormena astindu eta Euskal Herriko historiaren momentu zehatz batean gertatutakoa komiki-kontakizun bilakatzeko helburuarekin, Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketaren hirugarren edizioa martxan jarri zuten ikastolen jaiek. Azken festa gaur ospatuko dute, eta haren bezperatan ezagutarazi dute nor izan den aurtengo sariketaren irabazlea.

Lehen urtean, Amaiurko gazteluaren setioa izan zuten gai, bigarrenean, berriz, Gernikako bonbardaketa, eta aurten, Euskara Batua hartu dute marrazkietarako ardatz. Guztira 35 lan aurkeztu dituzte lehiaketara eta epaimahaiak Orereta ikastolako Inge Telletxea, Uxue Berra, Garazi Zabaleta eta Lur Garcia ikasleek osatutako laukotearen Zazpiak bat izeneko komikiari eman dizkio puntu gehien.  

Amaia Ballesteros, Ekaitz Agirre Garluk, Joseba Larratxe Josevisky, Aritz Trueba eta Koldo Aldabe izan dira epaile lana egin duten adituak. Marrazketa teknikaz gain, gidoia edota eszenak kateatzeko modua ere kontuan hartu dute euren balorazioa egitean.

Lehiaketako oinarrietan jasotako testuinguruaren arabera, 1968ko urrian aurkeztu zuen Koldo Mitxelenak euskararen batasunerako proposamena biltzen zuen txostena. Horren bidez, mendetan zehar zenbait hizkuntzalarik, euskaltzalek eta idazlek egindako aldarrikapenak erantzuna izan zuen: zeregin jasoetarako, literaturarako edota irakaskuntzarako hizkuntza aldaera estandarra.

Ideia horri heldu eta buelta bat eman diote gazteek, egiaz izan zena baino askoz errazago bilakatuz prozesua bera. Izan ere, Jorge Oteizak zizelkatutako apostoluetako zazpi dira hizkuntzaren batasuna erdietsi zutenak, elkarren artean eztabaidatuta; eta bilkurara deitu zituena Xabier Euskitze (une batean Dragoi Bolako Son Goku bezala jantzia, haren laino hegalarian). Muga zuten lau orrietan garatutako istorioa da, marrazki koloretsuekin osatua.

Komikigintza gustuko duten eta horretan trebatzen hasi nahi duten gaztetxoei euren lana garatzeko aukera izan nahi du lehiaketak. Irudimena lantzeko berezko gaitasuna baliatu dute gaztetxoek, komikiak sortzeko, aldiz, laguntza eman diete antolatzaileek.

DBH3 mailako ikasleak
Salome Martinez de Ilarduya Lautada Ikastolako zuzendariak azaldu duenez, «ikastoletako DBH3 mailako ikasleek parte hartu dute eta lanak gidatzeko Xabiroi-ko komikigile bat ikastoletara joan da lana nola egin behar duen aurkeztera. Lehen bisitatik bigarrenera tartea utzi zuten, ikastoletan komikiaren lanketarekin jarraitzeko eta azkenik bigarren bisitan komikilariak ikasleei egindako lanaren iritzia eta ekarpenak egin zizkien».

Euskal Herriko Ikastolen jaiek elkarlanean antolatutako ekimena da eta lehia baino parte hartzea sustatzea du helburu. Hamalau eta hamasei urte arteko ikasleei bideratutako jarduera da eta aurten Etxarri, Ondarroa, Agurain, Ziburu eta Orereta ikastolako gaztetxoek parte hartu dute.

Zazpiak bat komikia Xabiroi aldizkariaren urriko zenbakian argitaratuko dute eta parte hartze sustatzeko pizgarri gisa, lanen bat aurkeztu duten guztien artean tableta bat, Xabiroi aldizkariaren urteko harpidetzak eta urteko hiru bilduma zozkatuko dituzte.