INFO

Larrabetzuko aterpea «dantzan» ari da lehen mailako arkitektura sarietan

Eraikuntza batek soinu-banda izan al dezake? Larrabetzuko udal aterpeak, bai, Fugazi post hardcore talde estatubatuarraren ‘Last Chance for a Slow Dance’ kantaren izenburuarekin bataiatu baitute. AHI sarien seigarren edizioan, hango izen ospetsuen artean, aterpea finalista gisa agertu da.

Larrabetzuko aterpearen irudi ikusgarria, kanpotik. (Mikel IBARLUZEA)

Joan den ekainaren 1ean egin zen Bartzelonan AHI (Architectural Heritage Interventention) sarien seigarren edizioko sari banaketa. Kataluniako Arkitektoen Elkargoak «ondare-jardunbide egokiari ikusgarritasuna emateko eta zabaltzeko» bi urtean behin deituriko lehiaketa da. Europako 28 herrialdetako arkitektura-bulegoen 241 proiektu, sariaren historiako zifra errekorra, eta Sant Pau Ospital dotorean gau hartan bildu zirenen artean lehen mailako izen bat nabarmendu zen: Pritzker sarietako azken irabazlea, David Chipperfield, Berlingo Neue Nationalgalerie-n egindako birmoldaketagatik saritu zutena AHIn ere. Pritzker sariak arkitekturan Nobel edo Oscarren parekoak dira. Sarituen artean, halaber, Santa Cruz de Tenerifeko El Tanque-ko proiektua, Fernando Menis arkitekto ezagunak sinatua, zeinak petrolio-findegi baten gordailua gune kultural bihurtu duen.

«Ekitaldia ingelesez eta katalanez egiten zen eta horrek inbidia pixka bat ematen du», aitortu digu Beñat Saratxaga arkitektoak. Euskal Herriko arkitektura estudio handietan hamar urtez lanean jardun ostean, Gentzane Goikuriak (1976) eta Beñat Saratxagak (1975) Donostiako Arkitektura Goi eskola Teknikoan ikasitako arkitektoek, Behark plataforma sortu zuten 2009an. Egun Bilbon dute bulegoa eta, egin dituzten lanen artean Bilboko Olabeagako  auzoko  Dike 2A etxebizitzen birmoldaketa ikusgarria dago edo Laudion kokatutako Araialdea Ekintzen Faktoria, auzolanean egindako gune industrial baten eraldaketa, gizarte-ekimeneko egoitza soziokulturala sortu ahal izateko.

Larrabetzuko aterpea, barnetik. (Mikel IBARLUZEA)

Sant Pau Ospitaleko sari banaketan hastapenetik poz handiak ekarri dizkien proiektu txiki batekin zeuden. Tira, txikitasuna erlatiboa da, batez ere arkitektura kontuetan, ohartarazten digutenez. Sarien Kanpoko Guneen kategorian, Larrabetzuko ‘Last Chance for a Slow Dance’ proiektua finalista suertatu zen beste hirurekin batera.

Dantzan Larrabetzuko plazan

«Bartzelonan jendeak zoriondu gintuen; berez finalista izatea asko da», esan du Saratxagak. Egia esan, sari eta aipamen ugari jaso ditu aterpe honek bere ibilbide laburrean: 2022. urtean, esaterako, euskal arkitektoen elkargoko (COAVN) saria,  Egurtek eta AITIM saria. Finalista izan da nazioarteko bost bat lehiaketatan. Horien artean BIAU (Bienal Iberoamericana de Arquitectura y Urbanismo) nabarmentzen du bereziki Saratxagak, Latinoamerikako ofizioko punta-puntako proiektuen artean zure buruari ikusgarritasuna ematea ez baita erraza. Hain justu, atzoko egunera  arte Bartzelonan ikusgai egon da, International Social Housing Festival (ISHF) jaialdiaren barnean, sari hauekin atondutako erakusketa.
Aterpearekin lanean hasi zirenetik, bihozkada izan zuten Beharkekokek. «Egiten ari ginenean bagenekien nahiko berezia zela –dio arkitektoak–. Konturatzen zara, azken finean arkitektoa zara, baina gero sariena ezin duzu jakin. Askotara aurkeztu gara, eta deialdi asko pasa zaizkigu, adi egon behar zarelako. Baina, bai, aterpearekin dugun sentsazioa da edozein sariketatan aukera dezaketela, nahiz eta mundu mailakoa izan. Badauka zerbait, eraikin honekin konturatzen zara berezia dela», nabarmendu du.

Eraikin xumea da aterpea: egurra, harria eta hormigoia. Eta udaletxeari itsatsita dago. «Gure herriko plazan ez zegoen aterperik euria egiten zuenerako. Jendeak euria egiten duenean erabiltzen du eta batez ere haurrek asko erabiltzen dute egunerokoan. Inoiz egin dugu erakusketaren bat, eta Liburu Egunean egin zen errezital bat, 30 bat lagun sartzen delako. Gero, behean, txosna bat bezala daukazu zabaldu daitekeena eta hor dago barra bi aldeetara. Kuadrillen Egunean, esaterako, goiko solairuan DJ bat jarri zen eta azpian egon zen herri erdia dantzatzen», esan du Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkateak.

Dantza geldoa aterpean

Larrabetzuko hirigunean, estalitako espazio publikoen gabezia ikusita, udaletxearen birgaitze proiektuaren garapenen prozesuan, hari atxikitako eraikina ordezkatzeko ideia sortu zen, udaletxea inguratzen duen espazio publikoa osatuko zuen eremu estali eta babestu bat sortzeko. 2014an sortu zen ideiaren hazia. 2017an aurreproiektua egin eta, tamalez, gorabehera batzuk egon ziren. «Covid-a iritsi zen, eta lanak Burgosko enpresa batek hartu zituen. Kontratua apurtu behar izan genuen ez zutelako ondo betetzen. Bi urtetan lanak geldirik egon ziren, gero lizitazioa berriz atera behar izan genuen, eta horrek pixka bat garestitu zuen, konponketa batzuk egin behar izan genituelako. Azkenik, dena oso ondo atera da, herritarrek oso pozik hartu dutelako», esan du alkateak.

Hortik datorkio ‘Last Chance for a Slow Dance’ izena,  arkitektoak, une batean, traba guztien gainetik proiektua gauzatzeko azken aukera izango zirela ohartu zirenean. «‘Eztulka zure hilkutxa barruan itsas hondoan bezala’, horrelaxe hasten zen ‘Last Chance for a Slow Dance’, Fugaziren abestia, dantza geldo batentzako azken aukera, eta horrelaxe sentitzen ginen gu Larrabetzuko aterpe txikiaren eraikuntzaren azken fasea izan behar zenaren hasieran», irakur daiteke beraien webgunean.

Soraluzeko SAPA kanoi-fabrika zaharraren proiektua.

Aterpeak behar ditu herriak «Eraikin itxura izan dezake, baina espazio publikoa da», argitu du Beñat Saratxagak. Bi solairutan banatuta, arkitekturan eskolagabea denari lehen begiratuan deigarria egiten zaiona egituraren egurrezko saihets edo nerbioak dira. Inguratzaile ireki eta aireztatu gisa funtzionatzen dute eta hiru isurialdeko teilatuari eusten diote. Aurretik zegoen eraikinaren bolumena mantendu dute, baita elementu batzuk (iturria, esaterako) mantendu dira, «garrantzitsuak direlako larrabetzuarrentzat eta lekuaren memoriarentzat», esan du Beñat Saratxagak. «Eta uste dut hori gertatu dela herrian: oraindik sentitzen dutela herrikoa bezala. Funtzionatzen du lehengo eraikina bezala eta lotuta dago udaletxearekin». Behark estudioak irabazi baitu udaletxea birmoldatzeko egin zen lehiaketa. Aterpearen ‘izpirituan’ inspirazioa hartuta, eraikin biak lotuko dituzte. 

Aterpea falta dugu herri askotan, eta, era berean, dugun ondare industrial aberatsari beste erabilera bat eman beharko genioke. Hor koka daiteke, esaterako, arkitekto hauek esku artean duten beste proiektu bat, Soraluzeko SAPA kanoi-fabrika zaharraren ekialdeko nabea espazio publiko bihurtuko duena. Hau da: aterpea izango da, erabilera anitzeko gunea. Benetan ikusgarria dirudi. Lanak aurten bukatzea espero dute.