INFO

Bi urte gehiagorako berritu du kontratua Imanol Alvarez entrenatzaileak Bera Berarekin

Ermuarrak Donostiako taldea entrenatzen jarraituko du, astearte honetan egindako prentsaurrekoan jakitera eman dutenez. Zortzi urte daramatza klubean, bi etapetan banatuta.

Imanol Alvarez eta Tati Garmendia. (BERA BERA)

Behin denboraldia amaituta, Super Amara Bera Bera datorren sasoiari begira jarri da aspaldi, eta astearte honetan oinarri sendo baten berritzearen berri eman du. Izan ere, Imanol Alvarez entrenatzaileak beste bi denboraldiz jarraituko du taldea entrenatzen. Bigarren etapan ari da Donostian, bosgarren urtea bete berri du eta guztira zortzi daramatza.

Horregatik, gaurko ekitaldian Tati Garmendia kirol zuzendariak azpimarratu du «guztizko konfidantza» dutela beregan eta Imanol Alvarez «Super Amara Bera Berak izan dezakeen entrenatzailerik onena» dela.

Gainera, larunbatean Madrilen Federazioak urtero banatzen dituen sarien artean, Imanol Alvarezek Espainiako junior eta goreneko selekzioetan egindako lanagatik Zilarrezko intsignia jaso zuen.

Duela egun batzuk klubak beste berri bat jakitera eman zuen. Izan ere, Esther Arrojeria, Maitane Etxeberria eta Laura Hernandez beste urtebete jarraituko dute taldean jokatzen.

11 urte egingo ditu Arrojeriak ohorezko mailan eta aurtengo denboraldia «onenetariko bat» izan dela aitortu zuen orduan usurbildarrak. Bestetik, Maitane Etxeberriak irailean 10 urte egingo ditu ohorezko mailan, 2013an debutatu zuelako, 16 urte bestetik ez zituela. 292 partida jokatu ditu eta 725 gol sartu Bera Berarekin. Ondorioz, 11. denboraldiari ekingo dio gipuzkoarrak. Laura Hernandezek, berriz, laugarren denboraldia beteko du Super Amara Bera Beran, non 301 gol sartu dituen. «Ilusionatuta» agertu zen hitzarmena berritzeagatik.