‘Han goian urkiak hostoberritzen direnean’ liburuaren zertzeladak, Pregelj eta Igerabiderekin
Breda Smolnikaren ‘Han goian urkiak hostoberritzen direnean’ eleberriaren aurkezpena egin dute astearte honetan Donostiako Udal Liburutegian. Barbara Pregelj eta Juan Kruz Igerabide, esloveniar jatorriko eleberri honen itzultzaileak, liburuaren nondik norakoen inguruan aritu dira.
Barbara Pregelj eta Juan Kruz Igerabidek aurkeztu dute astearte honetan ‘Han goian urkiak hostoberritzen direnean’ liburua. Breda Smolnika da eleberriaren idazlea, literatura esloveniarrean zeresan handiko emakumea. Pregelj eta Igerabidek itzuli dute eleberria gaztelera eta euskarara, hurrenez hurren, Alberdania argitaletxearen eskutik. Aurkezpenean idazlearen eta eleberriaren inguruan aritu dira.
Itzultzaileek Smolnikaren idazteko estilo bitxia eta bizia azpimarratu dute. Azaldu dutenez, oso era naturalean kontatzen dituenez istorioaren pasarteak, hasieratik amaierara harrapatzen ditu irakurleak. Eleberriak garai latzak islatzen ditu; horien artean, gerren arteko garaian eta Bigarren Mundu Gerran zehar protagonistak bizi dituen nondik norakoak. Juan Kruz Igerabideren arabera, gertaerak «apaindurarik gabe» kontatzen ditu, era gordinean, eta horrek kontakizuna maitagarria bilakatzea dakar.
Breda Smolnika 19 urterekin hasi zen idazten eta denbora luzez bere lan asko ezkutuan egon ziren zentsura zela eta. Barbara Pregelj, eleberria gaztelerara itzultzeaz arduratu dena, idazleari buruz aritu da aurkezpenean. Pregeljek azaldu duen moduan, idazleak gai polemikoak lantzen ditu bere idazkietan. Tabuak azaleratzen ditu eleberrietan eta horrek eragina handia izan du bere bizitzan. Smolnikaren liburuak denbora luzez zentsuratuak egon ziren, baina momentu oro idazten jarraitu du.
Pregeljek, idazlea definitzeko orduan, bere izaera «xelebre eta bizia» azpimarratu du. Une oro idazten jarraitzeko beste aukeren bila aritu zen; sozialismo garaian ‘Gospa’ pseudonimoaren bitartez idazten jarraitu zuen. Horretaz gain, Igerabidek irakurleak eleberriarekin ezartzen duen «konexioa» nabarmendu du, baita pertsonaia protagonistarekin identifikatzeko erraztasuna ere. Azken horrek arazoak sorrarazi zizkion idazleari: izan ere, autoreak idazle suitzarren kolektibo batek gonbidatuta Ittengen-eko monastegian igaro zuen aldi bat eta bertan idatzi zuen eleberri hau, baina kolektibo horretako hainbat emakumek salatu zuten eleberrian kontatzen zena beren amaren istorioa zela. Salaketaren ondotik irekitako prozesua zortzi urtez luzatu zen, baina azkenean 2005ean Auzitegi Konstituzionalak sententzia bertan behera utzi zuen.
Liburua itzultzean Pregelj eta Igerabideren arteko elkarlana funtsezkoa izan dela adierazi dute itzultzaileek. Biek istorioa ahalik eta fidelagoa izatea bilatzen zuten; horregatik idazlearekin ere kontaktuan aritu dira. Aurkezpenean ere elkarrekin aritu dira liburuaren inguruan eta idazlea eta eleberriarekiko duten miresmena islatu dute solasaldian.