INFO

Iruñeko Udalak jarritako traben gainetik Gazte Astean parte hartzera deitu dute

Iruñeko Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak ohartarazi du erakundeetatik ezarritako oztopoek ez dutela geldiaraziko asteazken honetan hasi eta larunbatera bitartean antolatutako Gazte Astearen bigarren edizioa.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Ohar baten bitartez, Iruñeko Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak ekainaren 14. honetatik 17ra antolatutako Gazte Astearen bigarren edizioari jarritako traben berri eman du eta, horien gainetik, ekimenean parte hartzeko deia egin du.

Azaldu dutenez, Enrique Maya buru duen Iruñeko Udalak ez die baimenik eman antolatutakoak egiteko, «auzoa ekimenez gainezka dagoela edo bizilagunak deskantsatzeko eskubidea duela» argudiatuta. Gazte mugimenduak jarrera «hipokrita» hori gaitzetsi du: «Auzokideak gara udaletxea bezalako agenteek elikatzen duten turistifikazio eta masifikazioaren biktimak».

Hori dela-eta, Alde Zaharreko gazteei prestatutako ekintzetan parte hartzeko deia egin diete, «bai eta egungo auzoko gazteen egoera zalantzan jartzera ere».

Hain zuzen, ‘Auzoan sortuak kolektiboan’ urtuak lelopean antolatu dute Gazte Astearen bigarren edizioa, hainbat ekimen barnebiltzen dituena: ginkana tematiko bat, futbolin eta frontenis txapelketak, ur guda bat, Iruñerriko gazte asanbladen arteko topaketa edota larunbateko bazkari eta ondorengo kontzertuak.

Era berean, ‘Auzoko gazteok irmo’ lema daraman kanpaina politiko bat jarri dute abian, gazteek bizi duten egiturazko arazoak sozializatzeko. Horren baitan, ostiralean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. 19.30ean abiatuko da mobilizazioa, Piparrika plazatik.