INFO

Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa berrikusteko eskatu du Gasteizko Parlamentuak

Gasteizko Parlamentuko talde guztiek, Voxek izan ezik, emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako protokoloak eta erakundeen arteko akordioak berrikusteko eskatu dute. EH Bilduk proposatu du berrikuspena, azkenaldian Euskal Herrian izan diren bi erailketa matxistak direla eta.

Maialen Mazonen hilketa salatzeko elkarretaratzea Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko Parlamentuak Lakuako Gobernuari eskatu dio indarkeriaren kontrako protokoloak eta erakundeen arteko akordioak berrikusteko. Ekimena EH Bilduk aurkeztu du, maiatzean Euskal Herrian izan ziren bi erailketa matxistak direla eta; Orio eta Gasteizen. Vox alderdiko legebiltzarkidea izan da aurka bozkatu duen bakarra.

Maiatzaren 16an, bikotekide ohiak Lourdes del Hoyo hil zuen Orion, eta bere buruaz beste egin zuen ondoren. Hamabi egun beranduago, hilaren 28an, haurdun zegoen Maialen Mazon hil zuen haren bikote izandakoak, alaba aurrean zuela. Mazonen kasuak eztabaida ugari piztu zuen, Ertzaintzak aurrez ere bazekielako ustezko hiltzaileak ez zuela betetzen urruntze-agindua.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak ere aitortu zuen erakundeen arteko komunikazioan hutsegiteak egon zirela eta ez zutela lortu Maialen Mazon behar bezala babestea.

Halako kasuak berriro gertatzea ekidin asmoz eskatu dute indarkeria matxistaren protokoloak eta erakundeen arteko akordioak berrikusteko. Azterketa hori etengabe egiten duen batzorde baten beharra adierazi dute parlamentariek.

Horrez gain, talde horretan adituak eta indarkeria jasan duten emakumeekin lan egiten duten profesionalek parte har dezaten eskatu dute.

Era berean, beharrezkotzat jo dute erakunde eta epaitegietan gaiari buruzko berehalako formakuntzak eskaintzea. Komunikabideen tratamendua ere aipatu dute; hain zuzen ere, erailketa matxisten berriek duten tratamendua egokia den berrikusteko beharra azpimarratu dute, Emakunderen Begira autoerregulazio-kodea betetzen duten ala ez, alegia.

Parlamentariek azpimarratu dute protokoloak etengabe hobetzeko beharra, eta gaur egun dauden hutsuneak salatu dituzte. EH Bilduko Oihana Etxebarrietak salatu du erakundeetan gaiaren inguruko informazioa eskasa dela eta arazoari aurre egiteko baliabide ekonomiko gutxi dagoela. Elkarrekin Podemosek Etxebarrietaren baieztapenarekin ados dagoela adierazi du. Ildo horretan, arlo guztietan «prestakuntza feminista sendoa» eskatu du Isabel Gonzalezek.

EAJren aldetik, Leixuri Arrizabalagak aitortu du beharrezkoa dela neurri judizialak «azkartu eta indartzea» biktimak babesteko, eta prebentzioaren arloan ere «urrats gehiago» eman behar direla. Nolanahi ere, Lakuak indarkeria matxistaren aurkako borrokarekin duen «konpromiso irmoa» aldarrikatu du.

Gloria Sanchez PSEko legebiltzarkideak adierazi duenez, genero indarkeriaren aurkako «tresna garrantzitsuak» badaude ere, beharrezkoa da afera horri aurre egiteko beste neurri batzuk ere hartzea.

PP+Cs taldeak ekimena babestu du, baina ‘soilik bai da bai’ legea berriz kritikatzeko baliatu du bere hitzartzea. Azkenik, Vox alderdiak nabarmendu du inoiz ez duela koalizio subiranistak aurkeztutako proposamenik babestuko.