INFO

Tximist Cup hazkunde etengabean: «Maila handiko txapelketa bilakatzen ari da»

Tximist Cupeko zazpigarren edizioa abian da. Asteburu honetan jokatuko dira U14 eta U17 mailako txapelketak. Hurrengo larunbatean amaituko da txapelketa: Legends partida jokatuko dute Realeko, Athleticeko, Oiartzuneko eta Añorgako jokalari ohiek. Lehia guztiak Hondarribian izango dira.

Tximist Cupeko antolatzaileak eta laguntzaileak, gaur Hondarribiko Arma plazan, txapelketako aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Orain dela zazpi urte, 2016an, 40 jokalari aritu ziren Tximist Cupen lehen edizioan. Bada, orain, zazpigarrenean, jada 6.000 jokalarik baino gehiagok parte hartu dute. «Tximist Cup maila handiko txapelketa bilakatzen ari da», hori azpimarratu du Aintzane Encinas Tximist Cupeko zuzendariak Hondarribian gaur egindako prentsaurrekoan. Eta ez alferrik, aurten estreinakoz jokatuko baitu, besteak beste, PSGk.

Nazioarteko beste bi taldek ere parte hartuko dute: Malmo Suediako «talde txapeldunak», Encinasen hitzetan, eta Kiryat Gat Israelgoak. Aurrez egin zuten bezala, berriro arituko dira Real Madril eta Atletico Madril. Euskal taldeen artean Reala, Osasuna, Eibarr eta Gipuzkoako selekzioa izango dira. 

Txapelketa asteburu honetan jokatuko da Hondarribian. Bi maila daude, eta horietako bakoitzean bi multzo egin dituzte. Batetik, U17 mailan (17 urtetik behera) A multzoa osatzen dute Realak, PSGk eta Malmok; eta B multzoa Real Madrilek, Osasunak eta Kiryat Gatek. Bestetik, U14 mailan (14 urtetik behera) A multzoan daude Reala, Atletico Madril eta Eibar; eta B multzoan, Osasuna, Kiryat Gat eta Gipuzkoako selekzioa.

Multzo bakoitzeko elkarren arteko partidak larunbatean jokatuko dira, 10.00etan hasita, eta finalak, igandean izango dira: U14 mailakoa 12.00etan, eta U17 mailakoa 13.00etan.

Bestalde, ekainaren 24an amaiera ezin hobea emango diote txapelketari: Legends partida jokatuko dute Realeko, Athleticeko, Añorgako eta Oiartzuneko jokalari ohiek. Azken hiru taldeentzat estreinako aldia izango da. Iaz Realak, Bartzelonak eta Eibarrek jokatu zuten. Encinasek aurreratu du, besteak beste, Athleticetik Nerea Onaindia, Aitziber Juaristi ‘Txibi’ eta Arrate Orueta jokalari ohiek jokatuko dutela, eta Realetik Larraitz Lucasek eta Maite Lizasok. Encinas berak ere parte hartuko du.

Aurtengo edizioan begia jarrita, Realeko jokalari ohiak nabarmendu du «neskek esperientzia oso polita biziko» dutela, eta bera «oso pozik» dagoela zazpi urteren ondoren «berriro ere hemen egoteagatik eta txapelketa aurrera eramateagatik». Maila handiko taldeak nola erakarri dituen galdetuta, Encinasek nabarmendu du etorri diren taldeek badakitela maila handiko txapelketa egiten dutela hemen.

«Etxean bizitzea, polita»

Horrez gain, Realeko jokalari ohiak azaldu du txikienentzako zer suposatzen duen halako txapelketa bat egiteak: «Garrantzitsua da bakarrik neskak lehiatzen diren leku bat egotea. Oso inportantea da ikustea noraino ailegatu daitezkeen, zer talde dauden, eta munduan ere badaudela beste batzuk futbolean jokatzen dutenak. Hori hemen, etxean, bizitzea oso polita izango da».

Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendaria ere egon da prentsaurrekoan, eta adierazi du txapelketak «nazioartean maila hartu» duela, eta «pozik» dagoela Realaren hirugarren taldeak parte hartuko duelako txapelketan. «Kanpoko taldeen aurka jokatuko dugu, eta igoera lortu berri duen talde batekin. Txapelketak bere esentzia du; izena, daraman energia eta indar hori...», gehitu du Etxeberriak.

Etxeberriak ere, Legends partidan parte har zezakeen, baina ez du egingo. «Ez dakit zein talderekin parte hartu beharko nukeen... Realarekin, Oiartzunekin...» esan du barrez Realeko kirol zuzendariak. «Errespetu pixka bat» ematen dio "Legend" izenak, baina adierazi du horrelako jendeak txapelketan ere parte hartzea «polita» dela, eta «ilusioz» biziko duela.

Futbolaz gain, bestelako jarduerak ere antolatu dituzte, Tximist Fundazioak lagunduta: txapelketan parte hartzen duten taldeen elastikoak zozkatuko dira, puzgarriak eta opariak egongo dira, minbiziaren aurkako borrokarako bazkari solidarioa egingo da, baita paella jana ere.