INFO

Konpentsazio araua betetzen ez duten mila bizitoki inguru daude Biarritzen

Iragan martxoaz geroztik Ipar Euskal Herriko 24 hiri zein herritan indarrean dagoen konpentsazio araua bortxatzen duten mila bizitoki daude Biarritzen. Horrela aitortu du Udalak Aldak Pestre etorbidean atzo abian eman zuen okupazio ekintzaren testuinguruan.

Alda elkarteko hainbat ekintzaile atzo okupatu zuten apartamentuan. (Guillaume FAUVEAU)

Alda elkarteak txalotu egin du Maud Cascino Biarritzeko Herriko Etxeko Hirigintza alorreko arduradunak atzo ‘Sud Ouest’ kazetari egin zion aitorpena.

Hain zuzen, iragan martxoaz geroztik Lapurdiko 24 hiri zein herritan indarrean dagoen konpentsazio araua betetzen ez duten mila bat etxebizitza atzeman dituztela Lapurdi kostako hirian jakitera eman zuen udal arduradunak.

Era berean, egoera horren aurrean Udala ez dela geldirik izanen eta Maider Arosteguy auzapez eskuindarrak gidatzen duen erakundea etxe-jabe horiek auzitegietaraino eramateko prest dagoela ohartarazi zuen aipaturiko udal arduradunak.

Atzo Prestre etorbidearen 6. zenbakian kokatzen den apartamentu batean sartu ziren Aldako ekintzaileak.

Etxe-jabeak ez duela egonaldi laburrentzako alokairu gisara erregistratu bizitokia salatu zuen horrela elkarteak.

Horren ondorioz, arratsalderako Gites.fr webguneak ezabatu egin zuen etxebizitza turistiko ilegal horri buruzko iragarkia. Booking.fr-k beste hainbeste eginen duela espero du elkarteak.

Bigarren ustezko iruzur kasua eraikin berean

Izan ere, SARL moduko ardura legala mugatua duen sozietate baten bidez kudeatzen duen eraikinean bigarren ilegalitatea atzeman dute gaur bertan Aldako kideek.

Hain zuzen etxebizitza hutsik izanik ere altzariekin atondutako bizitoki bezala alokatu zion etxe-jabeak beste apartamentu bat adineko emazte bati.

Alokairu mota hori garestiagoa izateaz gain prekariagoa da maizterrarentzat. Izan ere, etxea hutsik alokatuz gero hiru urte arteko egonaldia bermatzen baitu etxea alokatzen duen pertsonak. Beste kontratu mota horrekin, ordea, maizterrak urtebete gehienez ahal du etxean gelditu. 79 urte ditu balizko gehiegikeria pairatu duen maizterrak, Aldak gaur publiko egin duenez.

50.000 euro arteko isunak

Alokairu turistikoei buruzko araua zorroztu egin dute aurten Ipar Euskal Herrian.

Martxoan indarrean sartu zen konpentsazio arauak hala aginduta, alokairu turistikoa eskaintzen duen orok bigarren ondasuna behar du merkaturatu.

Hala, urte osorako 10.000tik gora bizitoki berreskuratzea aurreikusten du Euskal Elkargoak.

Aldak oroitarazi duenez, metro karratuko mila euroko isuna aurreikusten du arau berriak.

Gauzak horrela, 50.000 euro arteko zigorra jaso dezake alokairu turistikoen etengabeko gorakadari aurre egiteko euskal erakundeak aitzineraturiko araua betetzen ez duen etxe-jabeak.

Elkartearen arabera, erakundeen ardura da Biarritzeko Udalak berak aitortzen duen «iruzur uholdeari» aurre egitea, araua betetzen ez duten jabeei «zigor eredugarriak» ezarriz.

Atzo Aldako 24 bat ekintzailek martxan eman zuten «okupazio ekintza mugagabeari» dagokionez, Pestre etorbidearen 6. zenbakian kokatzen den eraikinera bertaratzeko deia zabaldu du Aldak. 19.00etan sostengu aperitifa antolatu du bertan elkarteak.