INFO

1.800 migratzaile baino gehiago hil edo desagertu dira Mediterraneoan 2023an

Gutxienez 1.807 pertsona desagertu edo hil dira aurten Mediterraneoan, Nazio Batuen Migrazioen Nazioarteko Erakundeak (OIM) argitaratu dituen datuen arabera. Udan hildako gehiago egongo direla ohartarazi du erakundeak, sasoi honetan migratzaile gehiago saiatzen baitira Europara ailegatzen.

Mediterraneoan iragan maiatzean erreskatatutako ontzietako bat, ehunka migratzailerekin. (MSF)

2023 urtea hasi zenetik 1.800 pertsona baino gehiago hil edo desagertu dira Mediterraneoan, ipar Afrikatik Europarako bidean. Nazio Batuen Migrazioen Nazioarteko Erakundeak (OIM) argitaratu ditu gaurkoan eguneratutako datuak, ‘Desagertutako migratzaileen proiektua’ webgunean. Hildako eta desagertutako pertsonen artean 74 haurrak direla jakinarazi du OIMk.

Datuetan sakonduz, ipar Afrikatik Italiarako bidea, erdiko ibilbidea, ibilbide arriskutsuena da; hain zuzen ere, 1.064 pertsona desagertu edo hil dira aurten ibilbide horretan. Mendebaldeko ibilbidean, normalean Espainia helburu duenean, 99 heriotza edo desagerpen erregistratu dira, erakunde horren arabera.

Aurten, ekialdeko ibilbidean, alegia Grezia edo Turkia helburu duenean, urtea hasi zenetik 644 hildako izan dira. Aurreko urteetan beste bi ibilbideetan baino heriotza gutxiago izaten dira Grezia eta Turkiakoan, baina ekainaren 14an 596 pertsona hil ziren greziar kostaldean hondoratutako itsasontzian.

Erakunde horren arabera, urtea hasi zenetik Afrikatik Europara iristeko 103.510 saiakera bildu ditu OIMk. Horien artean, 43.000 ontzi itsasoan gelditu zituzten eta 59.000 ontzik Europara iristea lortu zuten.

Nazio Batuen Migrazioen Nazioarteko Erakundeak 2014 urtetik jasotzen ditu hildako edo desagertutako migratzaile kopuruen datuak. Erregistroa egiten hasi zenetik, 56.771 migratzaile desagertu edo hil dira azken 9 urteetan Mediterraneoan. Ibilbide hau arriskutsuena dela jakinarazi dute.

Horretaz gain, gainerako datuekin alderatuz, aurtengoa hildako gehien izango dituen urtea izan daitekeela ohartarazi du OIMk, jada 2020an baino gehiago izan direlako eta 2021 eta 2022ko datuetatik oso gertu dagoelako. Gainera, seguruenik udan biktima kopurua nabarmen handituko dela adierazi du OIMk. 2016a izan zen hildako edo desagertutako pertsona gehien izan zen urtea, 5.136.