INFO

Joyce eta gure hiriak


Dublingo kale amaiezinek historiaz, musikaz, kulturaz eta, batez ere, Guinnessez beteriko txokoak ezkutatzen dituzte. James Joyce idazle irlandarrak “Ulysess” ospetsuan betikotu zituen bazter eta pub-ak milaka bisitarien erakarpen nagusia dira. Literaturako eleberri garrantzitsuenetako bat argitaratu zenetik ehun urte igaro ondoren, Dublingo heritarrak masifikatutako turismo eta alokairu garestien labirinto honetatik ihes egiten saiatzen dira egun.

Irlandako hiriburua teknologia handien paradisu fiskala da, eta infernua maizterrentzat. EBko sozietateen gaineko zerga baxuenetako bat izan du Irlandak, eta mila multinazional baino gehiago hartzen ditu. Aldi berean, alokairuaren batez besteko prezioa garestiagoa den Kontinente Zaharreko hiriburuetako bat da Dublin. Egunkari honek igandean argitaratuko duen erreportajeak horren berri ematen du. Baina etxebizitzaz haratago, pribatizazio sutsua istorio urbano honen bilau bihurtu da. Dublinen, nortasun kulturala homogeneizatzen ari da, interes komertzialak eta kontrolik gabeko turismoa nahasten diren bitartean. Hala, herritarrak beren tragediaren ikusle huts bihurtu dira.

Europako beste hiri askok bezala, Dublinek eraldaketa azeleratu bat bizi duela esan daiteke. Baina joera hori ez da halabeharrezko kondena. Eskuineko gobernuen hamarkaden ondoren, Sinn Fein alternatiba politiko gisa agertu da, higiezinen espekulazioa irauli behar dela ulertuz eta etxebizitza eskuragarrien eskasiari aurre egiteko proposamen zehatzak eskainiz. Errepublikanoek inkestetan gero eta babes handiagoa izateak erakusten du biztanleriak benetako eta bidezko konponbideak nahi dituela.

Euskal Herriari begira, turismo neurrigabeak eta espekulazioak ere erronkak eta desorekak planteatzen ditu. Alternatibak behar dira gure hiriak bisitarientzako erakusleiho huts ez bihurtzeko, baizik eta hiria hiri egiten duten biztaleentzako benetako etxe amankomun bilakatzeko.