INFO

Elordik ez dio aukerarik eman Elezkanori eta Altunaren aurka jokatuko du Mungian

Buruz Buruko txapeldunak sekulako sarrera egin du Lau eta Erdiko San Fermin Torneoan. 22-4 menderatu du Danel Elezkano Eibarren, San Juan egunez antolatu ohi den jaialdian, eta Altunaren aurka jokatuko du Asperen bigarren finalerdia.

Aitor Elordik asko asmatu du gaur ere sakearekin. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Lehengo lepotik burua Aitor Elordik. Buruz Buruko txapeldunari ez dio batere kalterik egin gerriko gorria urte osorako ziurtatzeak eta sekulako sarrera egin du Lau eta Erdiko San Fermin Torneoan. Mallabiarrak 22-4 menderatu du Danel Elezkano Eibarren, San Juan egunez antolatu ohi den jaialdian.

Apustuak nabarmen irten dira Elordiren alde, eta bizkaitarrak ez du hutsik egin. Oso bizi jokatuz, sakearekin asko asmatuz, ti-ta batean bideratu du gaurko norgehiagoka eta Jokin Altunaren kontra jokatuko du Asperen finalerdia datorren ostegunean Mungian. Beste finalerdia Ezkurdia eta peio Etxeberriak jokatuko dute bihar Logroñon.

Konfiantzaren adibide onena lehen pilotakadan ikusi dugu. Lehen sakea Elordiri egokitu zaio eta mallabiarrak zabalera sakatu du, indartsu, Elezkano erabat jokoz kanpo utziz. Eta sake-erremateari esker egin du 2-0ekoa.

Elezkanok ere ongi erantzun du hasiera horretan: 2-1ekoa gantxoz egin du, tantoa ongi landu ondoren, eta 2-2koan ere pilota zaila ipini du txokoan, Elordiren erantzuna kanpora joateko adina bai behintzat.

Baina Zaratamokoak airez behera bidali duen pilota baten ostean Elordik sakea berreskuratu du, eta hortik aurrera sekulako erakustaldia eman du Buruz Buruko txapeldunak. Sakez bost tanto egin ditu, sake-errematean beste dozena erdi bat bai, eta markagailuan sekulako zuloa ireki du: 13-2, hamaika tanto segidan eginda.

Elezkanok ez du erreakziorako aukerarik izan, eta Elordik berera jarraitu du, emoziorik ezean aurrean ikuskizuna eskaintzen. Bereziki aipatu behar dira lehen erdian egin dituen bi horma-biko: 7-2koa airez jauzi eginda eta 8-2koa oso urrunetik.

«Sentsazio onak izan ditut. dena irten zait eta partida borobila izan da niretzat. Kontuan izan behar da bera bi aste egon dela geldirik eta horrek edonori faktura pasatzen diola, baina nik nirea ongi egin dut eta horregatik nago pozik», adierazi du Elordik.

Buruz Buruko finalaren errepikapena izango dugu, beraz, datorren ostegunean Mungian. «Azken erreferentzia aldekoa da, baina aurreko guztietan berak irabazi dit. Badakit nire maila onena eman beharko dudala garaipen aukerak izateko», gehitu du mallabiarrak.

Urrutikoetxeak partida irauli du

Baikoren adarrean, gaur jokatu da lehen finalerdia eta Mikel Urrutikoetxeak oso zail jarri zaion partida irauli du Muskizen Jon Ander Peñaren kontra.

Zaratamokoa 4-9, 5-12 eta 12-18 galtzen joan da, baina azken txanpan egoerari buelta eman eta bera izan da 22-21 nagusitu dena.

Baikoren finala uztailaren 2an jokatuko da Elgetan, eta Urrutikoetxeak Artola eta Jakaren arteko irabazlea izango du aurkari.

Unai Mataren debuta

Astelenako jaialdiaren lehen partidan, Unai Matak ezin izan du garaipena lortu bere debut egunean, nahiz eta 23 urteko iruindarrak itxura polita eman duen. Aspek, bere enpresak, ez dio partida erraza jarri: Matak Zabaletarekin jokatu du baina aurkariak Egiguren V.a eta Rezusta izan dira, oso bikote sendoa.

Eta hasieratik erakutsi dute sendotasun hori gorriek. Zabaleta oraindik lesiotik itzuli berri dagoela eta konfiantza apur bat falta zaiola aprobetxatuz, Rezusta nagusitu egin da atzean eta Egigurenek aukera onak izan ditu tantoa aurrean amaitzeko.

Unai Mata, sake bat ateratzeko prest (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Egoera zaila izan arren, Mata ez da kikildu, ordea, eta une askotan bera izan da airez sartu eta tantoaren norabidea aldatu duena, edo baita zuzenean tantoa amaitu duena ere. Azkenean 9 izan ditu egindakoak nafarrak eta 5 galdutakoak.

Markagailuan 14-12 hurbildu dira urdinak une batean, baina gero gorriek ihes egin dute eta nahikoa eroso lortu dute garaipena Egigurenek eta Rezustak.