INFO

San Pedro poparean jaun eta jabe izan da Mundakako estropadan

Olatuen artean bikain moldatu da «Libia» eta denboraldiko bigarren garaipena lortuta, KAE 1 Ligako lidergoa sendotu du. ETE Ligan, berriz, Kaikuk eraman du estropada eta sailkapen nagusiko buruzagitza bere egin du, Zumaiarekin zuen berdinketa hautsita.

San Pedrok irabazi eta gozatu egin du Mundakan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Gozatu egin dugu!» Harro eta pozik mintzatu da Haritz Olasagasti San Pedroko patroia Mundakako Onura homes XX. Ikurriña irabazi berritan. Poparean sekulakoak eta bi egin ditu «Libia» traineruak eta horrela irabazi du deboraldiko laugarren estropada, moreen bigarren garaipena erdietsiz.

Bezperan Lapurdik azken luzean garaipena eskuetatik kendu bazion, oraingo honetan azken luzean ez du pareko areriorik aurkitu. Bigarren txandatik abiatu den Arkote sailkatu da bigarren, San Pedrorengandik zazpi segundura. Plentziakoek asteburu bikaina osatu dute eta banderarik eskuratu ez badute ere, datorren asteburura begira ohorezko txandan sartzea lortu dute behintzat, Zumaia zortzigarren posturaino erori baita.

Goizetik bistakoa izan da Mundakako estropada eremua ez dela erraza izan, haizea, tarteka indartsua eta olatuak tarteko. Joaneko luzeetan, brankaz, itsasoari aurka egin behar, ziaboga eman ostean poparean metro beteko olatuak baliatu eta hegan egiteko, edo «zuloan» murgiltzeko. Denetik izan da hiru txandetan zehar, eta zentzu horretan esan behar laugarren kaletik arraunean egin duten horiek aurkitu dutela luzitzeko eta gozatzeko modurik onena.

Asmatzea izan da kontua sarritan. Esaterako, San Pedrok poparean markatu du aldea, baina aurreneko ziaboga oso zabal hartu du eta hori horrela, Arkotek ezarritako markak hausteko galtzak bete lan izan ditu. «Arazoak izan baino nahiago izan dut buelta zabalago bat ematea, badaezpada ere», onartu du Olasagasti patroiak ziaboga horren inguruan.

Hasieran batean San Juan eta San Pedro parean ibili dira, baina lehenengo popareaz geroztik «Libiak» parekorik ez du aurkitu, bigarren txandako Arkoteren denbora ez bada.

Hirugarren luzean, Zumaiak gainbehera egiteaz batera, Lapurdik behetik gora egin du, bigarren estropada erdi apartari hasiera emanez. San Juanek ere tartea kendu dio San Pedrori, baina azken ziaboga –aurrenekoa baino askoz hobea; kasu honetan San Juanek egin du kale– eman eta gero, poparean berriz ere berehalako baten hartu du aldea.

San Pedrok Arkote gainditzea lortu du, ez ordea San Juanek eta Lapurdik, eta hirugarren postuagatik egin behar izan dute borroka. Azkenean sanjuandarrak izan dira nagusi, Iparraldekoen azken erasoan traineru erdiko aldeaz gaindituta. Zumaiak, berriz, San Pedrok gozatu duen lekuan sufritzea beste lanik ez du izan. Ondorioz, estropadako zortzigarren postuan sailkatu da eta ohorezko txandatik erori da, Arkoteren mesedetan.

Mundakako Onura homes XX. Ikurriña. Sailkapena

1- San Pedro 21:40.90

2- Arkote 21:47.59

3- San Juan 21:51.08

4- Lapurdi 21:53.08

5- Camargo 22:11.83

6- Pedreña 22:19.48

7- Zarautz 22:23.09

8- Zumaia 22:25.48

9- Busturialdea 22:26.01

10- Hondarribia B 22:56.16

11- Deusto 23:15.43

12- Castreña 23:32.39

KAE 1 Liga Sailkapen Nagusia

1- San Pedro 45 puntu

2- Lapurdi 41p

3- San Juan 39p

4- Arkote 37p

5- Zumaia 31p

6- Camargo 28p

7- Zarautz 25p

8- Pedreña 23p

9- Hondarribia B 17p

10- Deusto 11p

11- Busturialdea 8p

12- Castreña 7p

Kaiku nagusi emakumeen artean

Kaikuk 2023ko ETE Liga honetako denboraldiko bere bigarren garaipena eskuratu du, Mundakako Onura Homes XX. Ikurriña eraman eta gero. Sestaoko taldea Mundakako itsaso zailean bikain moldatu da eta hala, sailkapen nagusian Zumaiari puntu bat ateratzen dio. Era berean, «Bizkaitarra» eta «Telmo Deun» ETE Ligako buruan egonkortzen ari direla dirudi, nahiz eta oraindik hiru estropada baino ez diren pasa.

Haizea nagusi izan da ETE Liga Mundakara hurbildu den honetan, aurreneko txanda hasterako 30 kilometro orduko ufadak ere izan direlako, baita metro bateko olatuak ere. Ondorioz, arriskurik ez hartzeko, zenbait traineruk palka txikiak ere jarri dituzte.

Aurreneko txandan ikusi eta ikasitakoa baliagarri izan da oso ETE Liga honetako ohorezko txandan aritu behar izan dutenentzat. Kaikuk, azken jardunaldiko irabazleak, berehalako baten hartu du ontzi beteko aldea, eta Zarautzek izan ezik, hiru aurrenekoek lehenengo txanda irabazi duen Astilleroren erreferentziak nahiko erraz gainditu dituzte.

Zumaiak bakarrik eutsi dio «Bizkaitarra»ren aurreneko luze indartsuari. Hala ere, ziabogan Sestaoko traineruak abilago jokatu du eta popareari traineru betetik gorako aldearekin ekin ahal izan dio. Bigarren trainerua ere sartu dio «Telmo Deuni» olatu pare bat kateatu ostean, zumaiarrak «zuloan» geratu diren bitartean.

Itsaso zabalerantz hartu dute ontziek olatua probesteko eta, era berean, patroiek ontzia ahalik eta gogorren eramaten lanak izan dituzte, zanbuluka hasi eta abiadura zein erritmorik ez galtzeko. Horrela loertu dute denboraldiko bigarren garaipena bizkaitarek, eta Sestaokoek klubaren mendeurrena betetzen duten urtean, ETE Ligako buruzagitza dute orain xede.

Adi Astillerorekin

Aurreneko txandari ekiteko, komeriak itsasoa mugitua egon delako eta, era berean, aurreneko txandak hasiera ustela kronometroekin arazoak direla-eta. Bigarrenean eta hamar bat minutuko atzerapenarekin, dena martxan.

Itsaso zabalean, Astillerok aurreneko txanda bere menpean hartu du, tarteka 40 kilometro orduko haize boladak janan arren. Ondarroa eta Hernani bigarren posturako borrokan eta Portugalete berriz, sekulako aldea galduta joaneko luzea amaitzerako.

Alabaina, Astillerok oso ziaboga petrala burutu du eta horrela, ezustean, Ondarroak apur bat hurbiltzeko aukera izan du. Dena den, poparean olatu pare bat berehala harrapatu ditu eta aldea berreskuratu ahal izan du.

Orotara laugarren postua eskuratu du Kantabriako taldeak eta sailkapen nagusian ere halaxe dago orain, ohorezko txanda osatuz hurrengo estropadara begira: San Juasn Bandera, uztailaren 1ean.

Mundakako Onura Homes XX. Ikurriña. Sailkapena

1- Kaiku 12:11.98

2- Zumaia 12:16.93

3- Deusto 12:47.38

4- Astillero 12:50.73

5- Ondarroa 12:56.62

6- Hernani 12:59.88

7- Zarautz 13:30.44

8- Portugalete 13:35.13

ETE Liga. Sailkapen Nagusia

1- Kaiku 23 puntu

2- Zumaia 22p

3- Deusto 18p

4- Astillero 14p

5- Zarautz 11p

6- Ondarroa 10p

7- Hernani 7p

8- Portugalete 3p