INFO

‘Literaturarekin bakarrik ikasten dena’ manifestua, egitasmo berri baten lehen katebegia

Laurogei idazle inguruk izenpetu dute Meettok Fundazioak sustatutako ‘Literaturarekin bakarrik ikasten dena’ manifestua. Aurreratu dutenez, idatzia irakurzaletasuna indartzera datorren egitasmo berri baten lehen katebegia da. «Ekimen ez oso konbentzionalak beharko ditugu», aurreratu dute.

Zarauzko Literaturia azoka da, besteren artean, literaturaren ekosistemaren bilguneetako bat. ( Jon Urbe | FOKU)

Laurogei idazle inguruk izenpetu dute ‘Literaturarekin bakarrik ikasten dena’ manifestua. Idatzia Meettok Fundazioak (izen bereko argitaletxetik jaioa) aurkeztu du eta helburu nagusien artean irakurzaletasuna «sustatu eta prestigiatzea» dagoela azaldu du Ramon Etxebeste egitasmoaren sustatzaileak. Bere hitzetan, dokumentua «abiapuntu bat besterik ez da, gerora etorriko diren ekitaldi batzuen ermanuina» eta, atzean dagoen idazle zerrenda baino, garrantzitsuena egitasmoak irekiko dituen «aukera berriak» direla nabarmendu du. «Ekimen ez oso konbentzionalak beharko ditugu», aurreratu du.

Manifestuak literaturak gizakiari hausnarketa zein plazererako irekitzen dizkion ateez dihardu bere hastapenean, Anne Frank eta Homero hizpide hartuta. Lehenak ‘Pertsona askeak nekez jabetuko dira inoiz liburuek zer esanahi duten giltzapean bizi garenontzat’ esaldia utzi zuela idatzita ekarri dute gogora eta, bigarrenak, amestera gonbidatu gintuela: «Zerbait gertatzen da zure gorputzean Homero irakurtzen duzunean. Aspaldiko egia batek astindu, eta begiak zabaltzen dizkizu. Ulises bihurtzen zara Troiako zaldiaren barruan».

Sinatzaileei literaturak «mundu guztiarei irekita» egon behar duela aldarrikatu dute, «inolako balaztarik gabe» eta literaturarako sarbide unibertsala eskatu dute.

«Irakurtzeak ez gaitu, akaso, pertsona hobeak egingo, baina munduaren zabaltasunaren eta aniztasunaren zantzuak utziko ditu irakurlearengan. Era berean, irakurritakoa lagunekin, ezagunekin, ikaskideekin, irakurketa taldeko kideekin edo sare sozialetan partekatzeak liburuak adina plazer edo gehiago emango digu: liburuei buruz hitz egitea liburuak berridazteko modu bat da. Eta literaturaren historia irakurketaren historia da; erreketa publikoetatik, zentsuratik eta gure gailu elektronikoen hots eta ardailetik harago doa», ziurtatu dute.

Literaturaren inguruan dabiltzanak «asko» ez badira ere «ondo artikulatutako ekosistema bat» osatzen dutela nabarmendu dute eta euren nahia sare hori prestigiatu eta liburuaren balioa aldarrikatzea dela gaineratu. «Literaturak erakusten diguna literatura irakurriz baino ezin delako ikasi. Literaturak denoi dagozkigun gauzez hitz egiten baitu: kemenaz, beldurraz, adiskidetasunaz, heriotzaz, maitasunaz, elkartasunaz», amaitu dute.

‘Literaturarekin bakarrik ikasten dena’ manifestuaren sinatzaileen artean daude, besteak beste, Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Itxaro Borda, Garazi Arrula, Harkaitz Cano, Angel Erro, Irati jimenez, Hedo Etxarte, Tere Irastortza, Jose Angel Irigarai, Karmele Jaio, Beñat Sarasola, Iban Zaldua, Patxi Zubizarreta, Juan Kruz Igerabide, Edorta Jimenez, Peru Magdalena, Mikel Soto edota Danele Sarriugarte.