INFO

Bizilagunekin-ek Tourrarekin «gure lurraldea, kultura eta nortasuna salgai daudela» salatu du

Bizilagunekin Donostiako plataformak Tourraren ‘Grand Depart’erako Euskal Herrian txirrindularitzarekiko eta bere balioekiko atxikimendua «erabili» dela salatu du eta turismoaren mesedetan «gure lurraldea, kultura eta nortasuna salgai daudela» uste du. Bere hausnarketa kritikoa plazaratu du.

Turistifikazioaren aurkako manifestazio baten artxiboko irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Asteburu honetan Euskal Herritik igaroko dira Tourraren lehenengo hiru etapak eta turismoaren industriaren irabazi ekonomikoak handitzeko «gure lurraldea, kultura eta nortasuna» sagai daudela deitoratu du Bizilagunekin-ek, Donostiako desazkunde turistikoaren aldeko plataformak.

Plataformak zabaldutako ohar batean lasterketaren sustapena, antolaketa eta logistika azpiegiturak 14 milioi euro baino gehiagoko gastu publikoa suposatuko dutela diote, herritarren eguneroko bizitzan kale eta errepide mozketek eta mugikortasun murrizketen izango duten inpaktuarekin batera.

Hala ere «inbertsio publikoak eta kalteek herritarrek jartzen dituzten bitartean», etekin ekonomikoak industria turistikoak jasoko dituela arbuiatzen dute, sektore hau kontrolatzen duten «lau poltsikoetan». Izan ere, «aberastasuna gutxien birbanatzen duen sektore ekonomikoetako bat» da turistikoa.

Euskal Herriko kulturaren «merkantilizazioan» euskararen erabilera nabarmentzen dute plataformatik: «Nahiz eta herritarrek bizitzaren arlo gehienetan euskaraz bizitzeko zailtasunak eduki, eta eremu sozioekonomikoan zein publikoan bigarren planoan egon, promozio turistikorako mesedegarria izan daitekeenean, marketin estrategien bidez folklorizazio eta fetitxizazio ariketak egiten dira, ‘ongi eTOURri’ leloarena bezalakoak».

Hortaz, ‘Grand Depart Pays Basque’k txirrindularitzaren baloreekin, herriz herriko lasterketen antolakuntzarekin eta txirrindularitzako eragileei laguntzearekin «zerikusi gutxi» duela diote. Aitzitik, Bilbon hoteletako gelek izan duten prezio igoerarekin, Donostian urte osoan funtzionamenduan dauden alokairu turistikoko 1.659 etxebizitzekin, eta hurrengo urteei begira «neurriz kanpo hazten ari den» jarduera turistikoaren bidez aberasten ari direnen negozioa sustatzearekin «guztiz lotuta» dagoela uste dute.

Horretan, hiru eskaera egiten ditu Bizilagunekin-ek: «Desazkunde turistiko prozesu baten baitan, sustapen turistikorako aurrekontu publikoa ezabatzea», «kirol ekitaldiz mozorrotutako promozio turistikorako ekitaldi erraldoiak bertan behera uztea» eta «Espazio publikoa interes pribatuen mesedetan erabiltzeari utzi, eta kirola, kultura eta herri-bizitza kolektiboa osatzen duten ekimenei bere erabilerarako erraztasunak ematea».