INFO

Ion Izagirrek eta Pello Bilbaok bide bazterrak ikurrinaz betetzera gonbidatu dituzte zaletuak

Ion Izagirre eta Pello Bilbao txirrindulariek Gure Eskuren ‘Euskal Herria mundura - Euskal Herriak erabaki’ ekimenarekin bat eginez, zaleak errepide bazterretara ikurrina eskuan ateratzera gonbidatu dituzte.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Tourra larunbatean Bilbotik abiatuko dela probestuz Gure Eskuk ‘Euskal Herria mundura - Euskal Herriak erabaki’ kanpaina martxan jarri zuen. Aurreko asteburuan hainbat ekimen egin zituzten Euskal Herriko hainbat txokotan eta dagoeneko asteburuko zitari begira jarri dira.

Eta horretarako hurrengo hiru asteetan txirrindularitza lasterketarik garrantzitsuenean arituko diren bi txirrindulariren babesa jaso dute. Pello Bilbao gernikarrak eta Ion Izagirre ormaiztegiarrak bat egin dute kanpainarekin.

«Munduko edozein txokotan beti topatzen dugu bide bazterrean euskaldunen bat ikurrina eskuan hartuta», adierazi du Bilbaok. Aurten Tourra «etxetik» abiatzen dela kontuan hartuta «aukera ez galtzeko» eskatu du Bahrain taldeko txirrindulariak «ikurriña eskuan animoak emateko».

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Izagirrek ere euskal herritarrak animatu nahi izan ditu, «bide bazterrean, ikurrinak eskuan» txirrindulariei «bultzadatxo hori» emateko.

Izan ere Gure Eskuk erronka jarri du: Tourrak Euskal Herrian egingo dituen hiru etapen hasiera eta helmugan 1.000 ikurrina banatuko ditu eta horretarako boluntarioak bilatzen ditu. «Bidasoaren bi aldeetan herri bera dagoela erakutsiko duen ikurrin uholdea sortzea. Euskal herria 7 lurraldez osatuta dagoela, eta 7 lurraldeko herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela argi adierazi nahi dugu nazioartean».