INFO

Bizkaiko Golkoko Interkonexio Elektrikoaren aurkako manifestazioa egin dute Gatikan

Interkonexio Elektrikorik Ez!, Ekologistak Martxan Bizkaia eta Butroi Bizirik Trantsizioan eragileek deituta, Bizkaiko Golkoko Interkonexio Elektrikoaren aurkako manifestazioa egin dute ostiral honetan, Gatika eta Mungia artean.


Gatikako auzo-elkarte eta plataformek, plataforma ekologisten babesarekin, manifestazioa egin dute gaurko egunez, Bizkaiko Golkoko interkonexio elektrikoaren aurka. 19.00etan abiatu dira Gatikako plazatik, eta jai giroan iritsi dira Mungiako txosnagunera. Interkonexio Elektrikorik Ez!, Ekologistak Martxan Bizkaia eta Butroi Bizirik Trantsizioan eragileek deitu dute mobilizazioa.

 

Ekologistak Martxan plataformak salatu du proiektuarekin batera trazadura-aldaketak, gainkostuak eta hainbat irregulartasun egin badira ere, baimenek aurrera jarraitzen dutela, «Europaren erabateko babesarekin eta Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren oniritziarekin».

Aipatu dute, halaber, proiektu honek, «garestia, alferrikakoa eta inposatua denak», penintsulako energia berriztagarriaren soberakinak esportatzeko autopista elektrikoa osatuko duela, hau nazioarteko merkatuetan eskaintzeko. Izan ere, hasiera batean 1.750 milioiko kostua izan behar zuen proiektuak 1.000 milioiko gainkostua darama dagoeneko. Horrez gain, makroestruktura eraikitzeko lanek hiru urteko atzerapena daramate.

Plataforma ekologistak, era berean, adierazi du «interes komunari erantzuteko diskurtsopean, elektrizitatearen merkatu handi bat eraikitzen» ari direla «kapital inbertitzaileentzat». Haien ustez, jarduteko modu honek energia berriztagarrien megaproiektuek gure lurraldean duten presioa areagotzen dute.

Herritarrak garapen horien aurka daudela erakusteko eta trantsizio bidezkoagoa eta iraunkorrago bat aldarrikatzeko deitu zuten gaur egin duten mobilizazioa.

Obra faraonikoa

Bizkaiko golkotik igaroko den urazpiko interkonexioak frantziar eta espainiar Estatuen arteko elkartruke elektrikoak bikoiztea ahalbidetuko luke. Horrela, frantziar Estatuko kontsumitzaileen eta espainiar Estatuko produktore elektriko handien interesak lehenesten ditu.

Proiektuak, ordea, polemika sortu du. Izan ere, eragile ekologistek azpiegiturak berak sortuko duen kaltea ez ezik, horrelako interkonexio handiek elikatzen duten eredua ere kritikatu dute. Haien aburuz, energia kontsumituko den tokian bertan produzitzea bultzatu beharko litzateke.