INFO

Buruz Buruko errebantxa jokatuko dute Elordik eta Altuna III.ak uztailaren 18an Atano III.ean

Aitor Elordi eta Jokin Altuna aurrez aurre izango dira berriro uztailaren 18an, baina Gipuzkoako lurraldean eta gaueko jaialdian, norgehiagoka guztien borroka nagusia errepikatzeko.

Altuna III.a eta Elordi, Buruz Buruko finala jokatzeko egindako material aukeraketan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Pilotan badago mantra bat Buruz Burukoaren txapela ematen duena eta kentzen duena dela dioena. Kirol hau egunero jarraitzne dutenei so eginez, gaur egun esan daiteke bi erreferente baino ez daudela: Aitor Elordi eta Jokin Altuna.

Iragan ekainaren 4ko Buruz Buruko finalak Elordi goratu zuen, baina bi finalistek Bilboko Bizkaia pilotalekuan utzi ziguten aho zaporeak zalearengan dirau oraindik. Elordiren garaipenak Altuna III.aren aurka izan zuen eragina ikusita, borroka guztien amaren errebantxa pizteko aukera berri bat izango dugu: uztailaren 18an, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Buruz Buruko errebantxa berriak partida handi bat ikusteko pizgarri guztiak izango ditu. Sarrera salmenta hasi da honez gero eta partida ETBk emango du zuzenean gaueko jaialdiaren barruan. Ostegunean, Mungiako San Pedro egunean, bi pilotari hauek egin dezaketenaz gozatzeko aukera izan genuen. Nahiz eta San Fermin txapelketako lau eta erdikoaren barruan izan zen, eskaini zuten erritmoa, erremateak eta ikuskizuna ikaragarria izan zen, eta Altuna gailendu zitzaion (15-22).

Elordik, behin Buruz Buruko txapela jantzita –eta gogoratu behar da Binakakoa ere irabazi zuela Zabaletarekin batera–, beste bi urtez luzatu zuen kontratua Asperekin eta, beraz, zentzu horretan, lasai egon daiteke mallabiarra aurretik datorkionari aurre egiteko.