Italiako Giroko lehen etapa bertan behera geratu da baldintza meteorologikoengatik
Gaur ekin dio Giroak 4,4 kilometroko erlojupeko batekin, baina bertan behera geratu da eguraldiagatik. Guztira bederatzi etapa izango dira. Annemiek Van Vleuten iazko irabazlea saiatuko da maillot arrosari eusten. Ane Santesteban (Jayco) izango da euskal txirrindulari bakarra irteeran.
Gaur hasi da Italiako Giroa, Chianciano Termen, baina bertan behera geratu da baldintza metereologikoengatik. 4,4 kilometroko erlojupekoa osatu behar zuten txirrindulariek, eta batzuk irten badira ere –25 txirrindulari–, lasterketa gelditu behar izan dute, eguraldiagatik. Hurrengo irudian Movistar taldeak igotako bideo bat.
Riders’ starts are currently suspended in the #GiroDonne23, due to torrential rain. ☔️👇🏼 pic.twitter.com/qBqnq2Mtjn
— Movistar Team (@Movistar_Team) June 30, 2023
Bederatzi etapa ditu aurtengo Giroak. Gaur hasi eta hilaren 9an amaituko da, Olbian (Sardinia). 34. aldia du lasterketak, eta Annemiek Van Vleuten iazko irabazlea saiatuko da maillot arrosari eusten –2018an eta 2019an ere gailendu zen–. Bederatzi etapa izango da; eta 928 kilometroko ibilbidea egingo dute txirrindulariek. Lehen etapa 4,4 kilometroko erlojupekoa da –jada korritzen hasiak dira–.
Bizkaia Durango taldeak korrituko du, eta euskal txirrindulari bakarra irteeran Ane Santesteban (Jayco) izango da. Aurten, iaz ez bezala, Eukene Larrartek ez du parte hartuko, besoko trokiterra hautsita duelako.
Proba, azkenerako, antolatu bada ere, lasterketa aurrera eramateko arazoak egon dira. Telebista ekoizpena lortzeko trabak tarteko. Azkenean Italiako Txirrindularitza Federazioaren eta RAI Italiako kate publikoaren arteko negoziazioen ostean, akordio batera iritsi ziren eta lasterketa korritzea bermatu dute.
Etapen profila
Biharko etapak 102,1 kilometro izango ditu eta Bagnon hasi eta Ripolin amaituko da. Esprinterrentzat egun zaila izango da, helmugatik hamazazpi bat kilometrora Passo Della Colla ( 9,9 kilometro eta bataz besteko %5,8 malda) izeneko mendatea igaro beharko dutelako. Igandean atsedena izango dute, eta astelehenean 118,2 kilometro egin beharko dituzte Formiginetik Modenara. Egun hau aproposa izango da esprinterrentzat.
Asteazkenetik aurrera, mendateak izango dira nagusi. Larunbatean, uztailaren 6an, izango da Giroko etapa nagusia. Tropeleko oilarrek haien aukerak xahutzeko momentua. Tropelak 109,1 kilometro korrituko ditu Albengatik Alassiora. Igo beharko duten lehen mendatea izango da luzeena: Passo del Ginestro (12,3 kilometro eta batez beste %4,4ko malda). Ondoren, beste bi malda igo beharko dituzte; motzagoak baina pendiz handiagokoak. Lehenik, Colle Paravenna (6,5 kilometro eta batez beste %6ko malda) eta Alassio (2,6 kilometro eta batez beste %7,3ko malda).
Igandean bigarren atseden eguna izango dute, Sardiniako irlara joateko. Han korrituko dituzte Giroko azken bi etapak. Astelehenean, uztailaren 8an, txirrindulariek 125,7 kilometro korritu beharko dituzte, eta azken etapan, asteartean, 126,8 kilometro.