INFO

Ikurrina erraldoia Larraitzen, nafarra Arrasaten, presoen ikurrak Legution...

Euskal Herriaren aldarrikapen ikusgarria ekarri du Tourraren bigarren etapa honek ere. Legutio, Arrasate eta Larraitz, hiru adibide beste askoren artean.

Larraitzen mundu osoak ikusteko moduko ikurriña kokatu dute, erabakitzeko eskubidea ere aldarrikatuz. (Aitor Karasatorre | Foku)

Txuriz, berdez eta gorriz margotu da goitik behera Gasteiztik Donostiarako ibilbidea bigarren etapa honetan. Telebista bidez heldu dira mundu osora nazio aldarrikapena, erabakitzeko eskubidearena, independentziarena eta baita presoen etxeratzearena ere.

Tourraren zuzeneko emisioak zabaldu dituen irudiak ikusgarriak izan dira, Arrasaten esaterako. Bertako futbol-zelaian, Atxabalpen, ikurrina eta Nafarroako bandera handiak kokatu dituzte berdegunean, helikopterotik nabarmendu zitezen.

Herri honen erdigunean ehunka eta ehunka lagun atera dira kalera, ikurrinak eskuetan, gehienak ‘Basques decide’ aldarria zutenak. Une batean lau erraldoi dantzan ageri dira, tropela hortik igarotzerakoan, ikurrina soinean zutela.

Kilometro batzuk lehenago, Legution euskal presoen etxeratzearen aldeko ikur ugari azaldu da telebistetan, kalean zein balkoietan eskegiak.

Gure Eskuk prestatutako ikurriña erraldoia Larraitzen zabaldu da gaurkoan, honek ere arreta handia erakarriz.

Zertxobait lehenxeago, Oñatin, independentziaren aldeko aldarriak hartu du indarra, pankarta handi baten bitartez, Sortuk eginiko ekimenean.

Hasiera-hasieratik euskal ikurrez bete da ibilbidea. Adibide adierazgarri gisa, honakoa da Gasteizko Udalak zabaldu duen irudia, Ama Zuriaren Enparantzan hartutakoa: