INFO

Abuztuaren 12an hasiko dute Liga Osasunak eta Athleticek, Realak 13an eta Alavesek 14an

Talde nafarrak Celtaren zelaian jokatuko du arratsaldeko 17.30etan eta zuri-gorriek Real Madrilen kontra neurtuko dituzte indarrak San Mamesen larunbat gaueko 21.30etan. Gironaren aurka estreinatuko da Reala Anoetan, igandean 17.30etan, eta Alavesek Cadizi egingo dio bisita astelehenean, 19.30etan.

Athleticek eta Osasunak denboraldiko lehen derbia Sadarren jokatuko dute bigarren jardunaldian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Inoiz baino goizago abiatuko da futbol denboraldia Ligan, Eurokopa jokatuko baita Alemanian 2024ko udan. Abuztuaren bigarren asteburuan jokatuko dira lehen partidak oraingoan. Hilaren 11an abiatuko da lehen jardunaldia eta euskal taldeek 12an izango dituzte lehen partidak.

Beroarengatik azken orduko aldaketarik gertatzen ez bada, Osasunak larunbat arratsaldeko 17.30etan jokatu du Celtaren zelaian eta Athleticek Real Madril hartuko du San Mamesen gaueko 21.30etatik aurrera.

Realak Donostiako jaietan murgildurik egingo du debuta Gironaren aurka Anoetan. Abuztuaren 13an, igandea, izango da arratsaldeko 17.30etan. Alavesek, berriz, astelehenean, abuztuak 14, jokatuko du Cadizen. Arratsaldeko 19.30etan jarri dute hitzordua.

Bigarren jardunaldiko ordutegiak ere ezagutarazi dituzte. Abuztuaren 19ean, larunbata, jokatuko da denboraldiko lehen euskal derbia Sadarren. 21.30etatik aurrera neurtuko dituzte indarrak Osasunak eta Athleticek. Realak ere hilaren 19an jokatuko du Anoetan Celtaren aurka arratsaldeko 17.00etan. Ikusiko da telebistak ezarritako ordutegi horiek errespetatzerik egongo den. Bestalde, Alavesek abuztuaren 21ean, astelehena, jokatuko du ikasturteko lehen partida Mendizorrotzan. Sevilla izango da aurkaria eta 19.00etan abiatuko da.

Eibar eta Amorebieta, Bigarren Mailan

Abuztuaren 11an, ostirala, Lezaman jokatuko du talde bizkaitarrak lehen partida. Levante izango da aurkaria arratsaldeko 19.00retan. Eibarrek, aldiz, Santanderren jokatuko du hilaren 12an larunbat arratsaldeko 17.00etan.

Ipuruan abuztuaren 19an egingo dute debuta Elx taldearen aurka arratsaldeko 17.00etan eta Amorebietak Albacete bisitatuko du hilaren 20an, igande iluntzeko 22.00etan.