INFO

Euskal Pilota Federazioak eskatutako estatutu-aldaketa ukatu egin du Espainiako Federazioak

Espainiako Pilota Federazioak alegatu du estatutu-aldaketa onartzeko ez dagoela dokumentu bidezko justifikaziorik. Uztailaren 29an egingo da Ezohiko Batzar Orokorra eta orduan bozkatuko da Euskal Pilota Federazioaren proposamena, nazioarteko federazioko presidenteak bozketarako onartu zuena.

Munduko Euskal Pilota Txapelketan euskal selekzioaren ofizialtasuna eskatzeko eginiko agerraldia, Durangon. (Raul BOGAJO | FOKU)

Espainiako Pilota Federazioak ez du onartu Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioak (FIPV) proposatutako estatutu-aldaketa. Alegatu dute Nazioarteko Batzorde Olinpikoak (NOB) eta nazioarteko beste erakunde batzuek «beharrezko kontsulta eta berrikuspenik» ez dutela egin eta beraz, estatutuak erreformatzeko beharra ulertzea ahalbidetzen duen «justifikazio dokumentalik ez» dagoelako.

Hala, Espainiako Pilota Federzioak «Mexiko Hirian (Mexiko) 2023ko uztailaren 29an bozkatuko den FIPVk proposatutako estatutuen aldaketa erabat errefusatzea» erabaki du, erakundeak ohar batean azaldu duenez.

Gogoratu behar da, pasa den apirilean Euskal Pilota Federazioak nazioartean onartua izateko eskabidea luzatu ziola Nazioarteko Euskal Pilota Federazioari (FIPV) eta honek, Ezohiko Batzar Orokorra deitu zuela, presidentearen eskariz. Nazioartean lehiatzeko aukera izateko, estatutuetan aldaketa bat eman behar da eta hori izango du oinarri ezohiko bilkura horrek. Ezohiko batzar hau egiteko epe-muga 90 egunean adierazi zuten eta azkenean, uztailaren 29rako iragarri dute.

Estatutu-aldaketa ez onartzeko arrazoien artean dokumentu bidezko justifikaziorik ez dagoela uste du Espainiako Pilota Federazioak. Iritzi dio ez dagoela txosten justifikatzailerik aldaketak izan dezakeen eraginari buruz (positiboa edo negatiboa), eta NOBek edo nazioarteko beste erakunde batzuek ez dutela beharrezko kontsulta eta berrikuspenik egin.

«Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak aurkeztutako proposamena ausartegia iruditzen zaigu, ez baitago jakiterik munduko kirolaren zuzendaritza-organoei aztertu edo eskatu zaienik pilotaren kirolean izan ditzakeen ondorioei buruz, ezta mugimendu olinpikoaren funtsezko printzipioak urra ditzakeen aldaketa bat proposatzen ote den ere», adierazi du erakunde espainolak.