INFO

Susana Talayerok, Nadia Barkatek eta ANTI liburu-dendak jasoko dituzte Gure Artea 2023 sariak

Susana Talayero eta Nadia Barkate artista bilbotarrek eta Bizkaiko hiriburuko ANTI liburu-dendak jasoko dituzte aurtengo Gure Artea saria. Bakoitzak 20.000 euro jasoko ditu eta udazkenean egingo dute sari banaketa ekitaldia, Donostiako San Telmo museoan.

Susana Talayero. ANTI liburu-dendako Javier Nevado eta Nadia Barkate sarituak. (Endika PORTILLO | FOKU)

Susana Talayerori ibilbide artistikoa aitortu diote, Nadia Barkateri bere sorkuntza-lana eta ANTI liburu-dendari arte plastiko eta ikusizko arloan egindako lana, Gure Artea sarien 2023. urteko irabazleak baitira. 20.000 euro jasoko dituzte eta datorren udazkenean Donostiako San Telmo museoan egingo dute sari banaketa ekitaldia. Aimar Arriola komisarioak, Nora Aurrekoetxea artistak, Rakel Esparza kultur programatzaileak eta Miren Vadillo arte-historialariak osatu dute epaimahaia, Iñaki Imaz margolari eta irakaslea buru zutela. Hain zuzen ere, Imazek eman ditu ezagutzera sarituen izenak, Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera.

Talayeroren ibilbidea gogoratu eta goraipatu du Imazek. Bilbotarra da eta 30 urteko ibilbidearen zati gehiena bertan burutu badu ere, 10 urte Erroman eman zituen 80ko eta 90ko hamarkaden artean. Halaber, epaimahai buruak nabarmendu du Talayerok «lankidetzako egoeren eta esperientzia kolektiboen bidez» euskal artearen testuinguruari egindako ekarpena. Artistak berak nabarmendu du ibilbide artistikoa esperientziak pilatu ahala joaten dela egiten.

Barkate ere bilbotarra da eta sorkuntza lana aitortu dio epaimahaiak. Izan ere, Imazen hitzetan, azken urteetako euskal eszenan oso belaunaldi aktibo bateko artista azpimarragarria da. Azaldu du bere zeregin artistikoa marrazkian oinarritzen dela, batez ere, nahiz eta beirari putz eginda osatutako obrak ere egin dituen. Barkatek adierazi duenez, «horrelako eszena bat askotarikoa eta oparoa da» eta bide horretatik jarraitzeko nahia agertu du.

Bilboko San Frantzisko auzoko ANTI liburu dendari ere aitortu diote egindako lana, kasu honetan arte plastiko eta ikusizko arloan agente gisa burututakoa. Maia Villot eta Javier Nevado artistak ditu buru proiektuak, baina beste bi sarituek ere badute, era batera edo bestera, lotura liburu dendarekin. Imazek espazioak Bilboko ehun artistiko eta kulturalari eta euskal testuinguruari egiten dion aitorpena azpimarratu du. Nevadok, bestalde, proiektuaren 18 urteko historian nola edo hala hura elikatu duten artistei eskerrak eman nahi izan dizkie.

Aitortza eta zabalkundea

Zupiria sailburuak azaldu du sariok onartu berri den Kultura 2028 Plan Estrategikoaren parte direla eta artisten lana aitortu eta obren zabalkunderako bideak ematea dutela helburu. Era berean, saritutako artistek «gizarteari egiten dioten ekarpena» azpimarratu du.