INFO

Lourdes del Hoyo erail zuten bankua morez margotu dute Orioko Emakumeen Mahaiko kideek

Orioko Emakumeen Mahaiak morez margotu du Lourdes del Hoyo erail zuten bankua. Ondoan liburuen trukaketarako etxetxo bat jarri du. «Lourdes oso irakurzalea zen eta espazio horretan liburuak irakurtzeko eta trukatzeko txoko bat sortu nahi da bere omenez» dio Udalak.

Morez margotu dute erail Lourdes Del Hoyo erail zuten bankua. (Gorka RUBIO | FOKU)

Maiatzaren 16an Lourdes del Hoyo erail zuten Orion. 50 urte zituen eta bere bikotekide ohi Alberto Casadok hil zuen, eskopeta batez tiro eginda. Gero bere buruaz beste egin zuen. Kalean izan zen, banku batean. Geroztik, banku horretan herritarrek loreak, kandelak eta oroitzapen mezuak utzi dituzte bera oroitzeko eta hilketa matxista gaitzesteko.  

Ia bi hilabete pasa dira gertakari bortitz horretatik eta Orioko Emakumeen Mahaiak erabaki du bankua morez margotzea eta ondoan liburuen trukaketarako etxetxo bat jartzea. Etxetxoan hainbat liburu utzi dituzte, eta herritarrak gonbidatzen dituzte liburuak bertan utzi eta hartzera.

Orioko Udalak aste honetan argitaratutako ohar batean azaldu duenez, Lourdes del Hoyo «oso irakurzalea zen eta espazio horretan liburuak irakurtzeko eta trukatzeko txoko bat sortu nahi da bere omenez».

Erreparazio fasearen itxiera

Udalak gogoratu duenez, «hilketaren hurrengo egunean erreparazioari ekin zion herriak, eta fase horren barruan Entzuteko Gunea jarri zen martxan Sortzen aholkularitzaren eskutik».

Fase horri itxiera emateko, azken saioa egin zuten ostiralean, Entzuteko Gunean amaierara arte egon diren herritarrekin.