INFO
Entrevue
Julen Axpe
ETBko ‘Aupa Hi!’ programako protagonista

«Bizitza enfokatzeko modu bat da umorea»

ETB2ko ‘Aupa hi!’ programa berriaren protagonista da Julen Axpe. «Lau urtez bizi naiz furgoneta batean eta nire esperientziatik telebistara iritsi naiz». Baina bere lanarekin segitzen du otxandiarrak: «Ni bakarrizketaria naiz eta gustuko gauzak egin nahi ditut».

Julen Axpe «furgonologoa». (EITB)

Saltsa guztien osagaia da mutil hau. 28 urte ditu Julen Axpek eta orain ETB2ko programa berri baten protagonista bilakatu da, asteazken honetatik hasita, 22.30ean. ‘Aupa Hi!’ da saioaren izenburua eta horretan otxandiarrak Euskal Herri osoa zeharkatuko du istorio bitxi batzuen bila.

Futbolari ohia (Alaveseko harrobian egon zen, gero Amurrion eta Gasteizko Aurreran...), DAZN telebista katearen euskarazko ahotsa ere bada, euskal taldeek jokatzen dutenean. Athletic, Reala edota Osasunaren partidetan zehar, euskarazko aukera har daiteke audiori dagokionez eta bertan Axpe agertuko da esatari modura. 

Julenekin hitz egin dugu, bere azken bidaia honi buruz...

Nola heldu zaizu ‘Aupa Hi!’ programa honen ideia?

Furgonetan bizi nintzen esperientziatik, Bartzelonan.

Hitz gutxitan, nola izan zen zure hango bizitza? Jende askok ez daki eta...

Interpretazioa ikastera joan nintzen Bartzelonara, eta Antzerkigintza ere bai. Baina une berean hasi nintzen bakarrizketa batzuk idazten, eta gero antzokietan ematen nituen –esate baterako Teatreneu-n– baina gehienetan nire furgonetan, lagun batzuekin.

«Furgonetan lo egiten nuen, furgonetaren ondoan egiten nituen bakarrizketak, eta nire furgoneta antzoki mugikor bat zen»

Zuk han ez zenuen inoiz «etxerik» izan, ezta?

Ez, furgonetan bizi nintzen literalki, furgonetan lo egiten nuen eta furgonetaren ondoan egiten nituen nire bakarrizketak. Egia esan, nire furgoneta antzoki mugikor bat zen. Horregatik nire ezizena «furgonologoa» izan da. Furgonetaz gain, Jupiter nire futbol taldearen aldageletan hartzen nuen dutxa, edo norbaiten etxera joaten nintzen zerbait jatera...

Hori guztia zure inspirazio iturri izan zen?

Ziur aski, bai. Sare sozialak ere oso garrantzitsuak izan dira. Gogoratzen dut behin Instagramen jarraitzen ninduen norbaiten garbigailua erabili nuela. Hori bai benetako show barregarria! 

Zeri buruzkoak dira zure bakarrizketak?

Bizitzari buruz, esango nuke. Bartzelonan edo Madrilen gazteleraz, noizbait Euskal Herriko estereotipoei buruz, eta hemen Euskal Herrian gauza bera baina ia beti euskaraz. Nire emanaldietan pertsona eta aktorea oso antzekoak dira, umorez beteta, apur bat lotsarik gabe...

Horrenbestez agertu zen EITB, edo ekoiztetxe bat...

Bi urtetan zehar bideo batzuk grabatzen aritu nintzen, beste lagun batekin (ordaindu nion, noski!). Behin «piloto» bat eginda, ekoiztetxe batekin hitz egitera joan ginen, proiektua erakustera. Azkenik batekin lotu dut dena eta hemen gaude.

‘Aupa Hi!’ programan zer ikusiko dugu?

Gauza serioak eta dibertigarriak nahasten saiatu naiz, aldi berean. Nire bizitza furgonetan da abiapuntua, esan bezala, baina atal bakoitzean jendeari erronka bat botatzen diogu. Normalean sare sozialetan ditudan jarratzaileak dira, baina pertsona famatuak ere agertuko dira. Kontuz programarekin, beraz...

Gaur egun bakarrizketak modan daudela uste dut, edota «stand up comedy» direlakoak. Ez da izango... gehiegi?

Orain dela dela 4-5 urte hasi nintzen, baina dagoeneko urte hartan bai hemen Euskal Herrian baita Espainian ere aktore askok egiten zuten hori. Hala nola, ni «beste bat» bakarrik izan naiz. Aldatu dena da sare sozialen bitartez ikusle gehiago dauzkazula eta horrekin lotuta aukera gehiago sortzen direla. EITB1ean ‘Barre librea’ programa oso ona izan zen, besteak beste Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolarekin.

‘Akelarre’ programan ere parte hartu zenuen zuk. Polemika asko eragin zuen programa horrek, nola bizi izan zenuen zalaparta hura?

Bakoitzak gustuko sentitzen duen moduan egiten du umorea. Norbaiti gustatuko zaio, beste norbaiti ez, baina niretzat, sentitzen duenarekin fideltasuna mantendu behar du artista batek. Gero, jakina, kritikaren bat agertzen bada, pack berean dator hori.

Jarduera berri baten abiapuntua izango da ‘Aupa Hi!’ hau?

Ni bakarrizketaria naiz, eta gustuko ditudan gauzak egin nahi ditut. Telebista aukera bat izan da, batez ere komunikatzeko modu bat, behar artistiko bat ere bai... Baina ez dut etorkizunean fijatu nahi.

«Idolo bat baino gehiago dut, baina azkenean barre egiteko inspirazioa bizitza da»

 

Idolo edo mitorik ba al duzu, lankideen artean?

Bat baino gehiago. Dena den, barre egiteko inspirazioa bizitza da, azken finean. Gertatzen zaigunarekin zutik egon behar da, tente, eta komunikatzeko modu on bat bilatu... 

Zer da umorea, zure ustez?

Bizitza enfokatzeko modu bat, izpiritua elikatzen duena. Ez da «lan» bat, jarrera bat baizik, beti aurrera begira.