Jeremy Corbyn, 40 urtez diputatu... eta segi aurrera!
Londresko Islington North hautesbarrutian lau hamarkadan jarraian irabazi du, bai laboristen izenean, bai, zigortu dutenean, independente gisa, bizilagunak bizikletan bisitatuz, beren arazo eta eskaerei erantzunez, gertuko hautetsi baten ikur eginda. Pobreen eta baztertuen alde ahotsa altxatuz.
Erraz idazten da: 10 hauteskunde orokor jarraian irabazi ditu Londresko Islington North hautesbarrutian, sarritan izugarrizko aldearekin, are botoen %75 lortuta. Azkeneko hauteskundeetan, 2019koetan, botoen %64 lortu zituen, eta bere aurkari liberalek, %16; kontserbadoreek, %10 eta Berdeek, %8. 40 urtez jarraian herritarrek diputatu hautatu dute. Marka da gero! 2020. urtetik Jeremy Corbyn hautetsi independentea da, Alderdi Laboristak zigortu zuenetik. Alderdiaren aparatuak zigortu zuen, baina bere herritarrek bera babesten jarraitzen dute.
Ez zen epaiketa justua izan, ezta ikerketa independenterik egin ere. Segundo batzuen bueltan, antisemita izatearen salaketa errealitate berri bilakatu zen. Hori izan zen Corbynek pairatu zuen lintxamenduaren epaiketa. Eta lintxatu zuen mafiak nahi zuena lortu zuen. Corbyn 1983an bere bidaia bitxia hasi zuen toki berera bueltatu da, lubaki berera, Islington North-eko hautetsi independente gisa. Bere barrutiko herritarrek benetan errespetatzen duten parlamentaria da.
Hilketa politiko baten biktima
Gezurra gezurraren ondotik, eguna joan eta eguna etorri, hilabetez hilabete, Alderdi Laboristako buru ohia tentuz planifikaturiko eta basatiki exekutatutako hilketa politiko baten biktima izan zen. Bere aurkako akusatzaileak epaile, epaimahai eta borrero bilakatu ziren. 40 urteotan parlamentari gisa izan duen ibilbidean bere jokamoldea gozoa eta ezin lasaiagoa izan da; emozio indartsuak piztu ditu. Bere etsaientzat, baina, historiako buruzagi laborista okerrenetarikoa izatera pasatu da. Ez zuen alderdia batzea lortu. Brexit-aren inguruan mezu kontraesankorrak eman zituen. Ez zion laborismoaren barruan «antisemitismoaren arazoari» eskua sartu. Eta 2019ko hauteskunde orokorretan porrot katastrofikoa jaso zuen.
Baina bere jarraitzaile armada sutsu eta oihukariarentzat, Corbynek alderdi laboristaren kideen kopurua hirukoiztu eta alderdiaren mezu politikoa ezkerrera ekarri zuen; kapitalismo postindustrialari alternatiba erradikala aurkeztu zion.
Ez, Corbyn ez zen inoiz izan herri britainiarraren aurrean aurkeztu zen deabruzko figura. Ez zen marxista egoskor bat; sozialista zen. Ez zen antisemita; ez dago horrelakorik baieztatzeko inolako frogarik. Ez zen, eskuineko aurkari askok egozten zioten bezala, figura zatikatzailea. Agian, bere alderdiko etsaiekin bigunegi jokatzea izan zen Corbynen arazoa. Azken buruan, akatsak egin zituen politikari inperfektua izan zen. Eta nor ez da?
Alderdi laboristaren arazoa
2022ko urtarrilean Corbyn alderdian berriz onartua izateko proposamena egin zen, baina alderdiak atzera bota zuen, Keith Stamer buruaren hitzetan, «komunitate juduaren konfiantza berriz ez galtzeko». Bidegabeki eta irrazionalki zigortu zutenean, 38 urtez jarraian irabazia zuen bere hautesbarrutian inoiz ez zuen bere eserlekua arriskuan ikusi. Alderdi barruko eta kanpoko etsaiek ikaragarri esajeratu zuten arrazoi hori baliatuz, betirako ostrazismora kondenatuko zutela uste izan zuten. Oker zebiltzan, baina. Oso oker.
Corbynek bere jendearekin berdin jarraitzen du, etxez etxe bisitatuz, haiekin paseatuz, horien kezkak adituz, interpretatuz eta erantzuten saiatuz. Gizatasun partekatua erakutsiz, jator. Baina Parlamentuan egoera oso bestelakoa du. Zokoratuta mantentzen dute. Baditu lagunak; beti bezala, ingurumenaz, nazioarteko gaiez, justizia sozialaz eta giza eskubideez hitz egiten jarraitzen du, baina agurra ukatzen diotenak ez dira falta.
Orain arazoa Alderdi Laboristak du. Hurrengo hauteskundeetan Corbyn independente gisa aurkeztuz gero eta aparatuak beste hautagai baten alde egingo balu –Starmerrek dio Corbyn ezin dela hautagaia izan–, arazo potoloa du. Hasteko, Islington North-eko kideen %98k Corbyn hautagai gisa konfirmatu dute, jendearen alde bizitza osoan erakutsitako konpromisoa aitortuz. Dena ikuskizun dago: 1983. urteko egoera errepikatuko ote den –Corbynek independente gisa aise irabazi zuen–, boto-emaile laboristek alderdiari konfiantza emango ote dioten, alderdia arrisku hori onartzeko prest ote dagoen. Arriskua hor dagoelako: gotorleku laboristan, boto-emaileek Corbyn jazartzeagatik alderdia zigortzea, laborista ez den beste hautagai bati botoa emanez edo botorik eman gabe etxean geratuz.