Basurtuko Anatomia Patologikoko langileek salatu dute 27 gradutik gora dituztela lantokian
Bilboko Basurtuko ospitaleko Anatomia Patologikoko zerbitzuko langileek elkarretaratzea egin dute, lantokian 27 eta 35 gradu bitarteko tenperatura jasan behar dutela salatzeko. Azaldu dute Osakidetzak ez diela irtenbiderik ematen, haiek proposamenak egin badituzte ere.
«Normalean udako eguzki egunetan jasaten dituzten tenperaturak 27 eta 35 gradu bitartekoak dira», azaldu du Iker Aberasturi ELAko Basurtuko ospitaleko ordezkari sindikalak. Anatomia Patologikoko langileek elkarretaratzea egin dute baldintza horietan lan egin beharra salatzeko. Halaber, adierazi dute Bilbo-Basurto ESIak ez diela irtenbide proposamenei jaramonik egiten.
Arazoa estrukturala dela azaldu du Alberto Quincoces ELAko prebentzio arduradunak. Izan ere, eguzkiak zuzenean ematen die eraikinak dituen leiho handiei eta horrek barrualdea berotzea dakar, gehiegi udan. Gainera, instalazio elektrikoak ez dauka tokia freskatzeko beharko liratekeen aparatuak onartzeko gaitasunik.
Hori horrela, irtenbidea zaila dela onartu du Quincocesek. Hala ere, salatu du ESIarekin harremanetan jarri izan direnean jaso duten erantzuna izan dela «kantauriko kostaldean ez duela horrenbesteko beroa egiten», nahiz eta Anatomia Patologikoko langileek 35 gradura arteko tenperatura jasan behar duten. Elkarretaratzea goizeko 10.00etan egin dute eta ordurako 27 gradukoa zen eraikinaren barruko tenperatura.
Eskaerei erantzunez, leihoetan biniloak jarri dizkiete, eguzkiaren argia zuzenean sartu ez dadin, baina ELAko ordezkariek azaldu dute ez dela nahikoa. Horregatik, bestelako proposamena luzatu diete langileek ESIko arduradunei. Darabilten materiala mikroskopioak eta ordenagailuak direnez eta, beraz, mugitzeko errazak direnez, eskatu dute lanordu batzuk behintzat beste tokiren batean eman ahal izatea.