INFO

Arraun Lagunak-ek Bilboko erlojupekoan errekorra apurtu du lidertza sendotzeko

Donostiako taldea izan da azkarrena larunbat honetan egindako estropadan. Hiru segundo atera dizkio Donostiarrari eta bost Oriori.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak, pozarren Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bilboko urekin magia du Arraun Lagunak taldeak. Azken hiru urteetan irabazi du bertako estropadan, erlojupekoan, eta larunbat honetan, gainera, estropada eremuko marka hautsi du 10:24.20 denbora eginda.

Euskotren Ligako sailkapen nagusiko postuen arabera ekin diote erlojupekoari zortzi traineruek. Beraz, Arraun Lagunak azkena izan da probari ekiteko. Lehen txandako lau ontzien markak ezagututa, beti da errazago arraun egitea, baina estropadak aurrera egin ahala, beste helburu bat izan dute: estropada eremuko marka haustea.

Pentsatu eta lortu! Hasteko, lehen ziabogan jada denborarik onena markatu dute: 5:09. Aurretik zihoan Donostiarrak baino segundo bat gutxiago behar izan du Andrea Astudillo patroiaren taldeak. Lehen txandako Hibaika eta Hondarribiaren denbora zuten erreferentziatzat (5:15).

Eta bigarren luzean Arraun Lagunak-ek ez du erritmoa jaitsi. Kontrakoa, motibazioz beterik, azkenean hiru segundoko aldea atera diote Donostiarrari, bigarren, eta bostekoa Oriori, hirugarren.

Hondarribia, lehen txandako azkarrena Miren Garmendia patroiaren gidaritzapean, laugarren izan da oso estropada ona eginda. Hori bai, Hibaikarekin oso lehia estua mantendu dute "Ama Guadalupekoa" ontzikoek. Lehen ziabogan denbora bera egin badute ere, helmugan 0.70 ehunenengatik bakarrik irabazi dute berdeek txanda.

V. Bilboko Bandera:

1. Arraun Lagunak 10:24.20
2. Donostiarra 10:27.08
3. Orio 10:30.00
4. Hondarribia 10:43.26
5. Tolosaldea 10:43.84
6. Hibaika 10:44.96
7. Cabo 10:48.80
8. Tiran 11:03.26

Sailkapen nagusia:

1. Arraun Lagunak 29 puntu
2. Donostiarra 26
3. Orio 25
4. Tolosaldea 23
5. Hondarribia 17
6. Hibaika 11
7. Cabo 9
8. Tiran 4