INFO

Hondarribiak denboraldiko bere lehen bandera irabazi du Bilbon eta liderra da bakarka

«Ama Guadalupekoa» ontzia azkarrena izan da errekako erlojupekoan, bigarren izan den Zierbenari bi segundoko aldea ateraz. Urdaibai, hirugarren, oso urruti helmugaratu da, 11 segundora.

Hondarribiak denboraldiko lehen bandera irabazi du Bilboko uretan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Hondarribia da Eusko Label Ligako lider berria, bakarka, Bilboko erlojupekoan denboraldiko bere lehen bandera irabazita. Zierbena, gaur arte liderra zena berdeekin puntutan berdinduta, bigarren izan da beste estropada txukun bat eginda eta bizkaitarrek argi utzi dute aurtengoa ez dela kasualitatea.

Hondarribiak ez zuen orain arte garaipena ezagutzen aurten Eusko Label Ligan jokatutako hiru estropadetan. Hala ere, Bidasoako kostaldean bazekiten gauzak ondo egiten ari zirela, betiko moduan, eta horren erakusle da Zierbenarekin lidertzan berdinduta zegoela. Gaur arte. Izan ere, Bilboko erlojupekoan denboraldiko lehen bandera lortu dute berdeek eta igande honetan berriro itsasora atera aurretik (Orion jokatuko da estropada), lidertzan dira bakarka "Ama Guadalupekoa" ontziko arraunlariak.

Ohorezko txandan aritu da Hondarribia. Erlojupekoa izanda, estropada eremuak bazituen bere ezaugarriak. Adibidez, alde asko sumatzen zen metro batzuk istriborrera joan edo metro batzuk ababorrera. Gainera, estropadak aurrera joan ahala, gogortasuna ere sumatu ahal izanda.

Irteerarako sailkapen nagusiko ordena mantendu da eta, hala, Zierbena izan da azkena irteera ematen. Bizkaitarrek oso ondo hasi dute proba. Lehen ziabogan denbora onena markatu dute (4:38), Hondarribia bi segundora mantenduz eta aurreko txandan Donostiarrak egindako denbora (4:42) ere hobetuz.

Baina bigarren biraketan, "Ama Guadalupekoa" ontziak aurre hartu dio. Hurrengo ziabogan aldeak mantendu dira eta azken luzean Hondarribiak ez du barkatu, denboraldiko bere lehen bandera irabazi eta lidertzan jartzeko bakarka.

Urdaibairi, iaz bezala, ez zaio estropada ona atera. Bermeotarrek oso urruti amaitu dute, 11 segundora, nahiz eta hirugarren amaitu eta, beraz, puntu pilaketan hainbeste ez galdu. Emaitza okerragoa lortu du Getariak, ohorezko txandatik bederatzigarren izan baita.

Kontrako aldean aipatu behar dira Donostiarra, bigarren txandan aritu eta laugarren amaitu baitu, edota Orio, txanda berean estropadako bosgarren izan baita. Baina beste traineru bat aipatu beharko balitz, hori Kaiku da. Denboraldiaurre kaxkarra egin ostean, Liga hasiera ere nahiko petrala egin dute Jose Luis Kortaren arraunlariek. Gaur, ordea, oso ondo aritu dira eta entrenatzaileak Gorka Varela patroiarengatik apustua egin du berriro ere. Honek ez du hutsik egin eta lehen txandatik arituz zortzigarren amaitu dute.

XIV. Bilboko Bandera:

1. Hondarribia 19:26.92
2. Zierbena 19:29.44
3. Urdaibai 19:38.52
4. Donostiarra 19:43.02
5. Orio 19:43.04
6. Cabo 19:43.96
7. Lekittarra 19:55.64
8. Kaiku 19:56.34
9. Getaria 19:59.76
10. Santurtzi 20:00.72
11. Ondarroa 20:02.82
12. Samertolameu 20:29.28

Sailkapen nagusia:

1. Hondarribia 43 puntu
2. Zierbena 42
3. Urdaibai 40
4. Donostiarra 29
5. Cabo 28
6. Getaria 27
7. Orio 26
8. Lekittarra 22
9. Kaiku 21
10. Ondarroa 14
11. Santurtzi 11
12. Samertolameu 9