INFO

Ollokiko suteak 65 eta 70 hektarea artean erre ditu, eta ez zen nahita piztua izan

Ostiral arratsaldeko lehen orduan sutea piztu zen Olloki eta Altzuza artean. Gauean kontrolatzea lortu zuten suhiltzaileek, eta larunbatean lanean ari dira oraindik, erabat itzaltzeko. Pertsona bat atxilotu zuen Foru Poliziak ostiralean, sua piztu zuelakoan. Erran duenez, ez zen nahita izan.

Ollokiko sutea hasi zen tokia ikuskatzen, ostiralean. (Nafarroako Foruzaingoa)

Goiz-goizetik Olloki eta Altzuza artean lanean aritu dira suhiltzaileak, ostiralean sortu zen sutea behin-betiko itzali nahian. Izan ere, gauean garrak kontrolatzea lortu arren, etxera itzuli behar izan zuten aireko zerbitzuek, ez zutelako segurtasunez aritzeko nahiko argi. Goiz-albarekin batera eskuko tresnekin eta motozerrekin perimetroa mugatzeari ekin diote, SOS Nafarroak sare sozialetan jakinarazi duenez.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramailea gunean izan da. Zehaztu duenez, guztira 65 eta 70 hektarea artean erre dira eta sutea ez zen nahita piztua izan. Halere, pertsona bat atxilotu zuen Foruzaingoak ostiralean bertan, epailearen esku utzi zuen, eta honek behin-behinean aske uztea erabaki zuen.

Atxilotuak Poliziaren aurreko deklarazioan esan zuenez, zigarro bat erretzen ari zen eta eskutik erori zitzaion; zigarroa lasto fardo baten gainean erori zen eta honek su hartu zuen. Epaileak dio ez dagoela frogarik ekintza nahita eragindakoa zela baieztatzeko, eta horregatik behin-behinean aske utzi zuen.

7.45ean, langileek txanda aldaketa egin dutenean, helikopteroz gainbegiratu dute gunea, esku hartzea berriro antolatzeko. 30 suhiltzaile hasi dira lanean, 13 ibilgailuz lagunduta.

Bi helikoptero txandaka aritu dira perimetroaren barnean ura botatzen. Makinaria astuna batu da, lana bukatzeko. Eta Noaindik hegazkin bat hurbildu da, freskatzen laguntzeko.

 

 

Foruzaingoak oharkabean pasatzen diren zerbitzu pozgarriak oroitu ditu txio batean. Adibidez, Ollokiko bizilagunekin batera, Urbi txakurtegian bizi ziren 21 animaliak salbatzeko lanean aritu ziren.

Ahalegin kolektiboari esker

Ostiral arratsaldeko lehen orduan piztu zen sutea, 14.30 baino lehentxeago. Sutea handia zela eta hurbileko herriguneentzat arriskutsua zela ikusita, 15.10 aldera Nafarroako baso suteen larrialdi plan berezia jarri zuten martxan, bigarren mailan.

Arratsalde osoan aritu ziren lanean 60 suhiltzaile, zortzi hegazkinekin eta 22 ibilgailurekin batera, eta 19.15 aldera sutea kontrolatzea lortu zuten. Argi naturala joan zenean, gunea kontrolatzeko eta freskatzeko langileak gelditu ziren bertan, eta goizaldean eman dituzte erabat kontrolatutzat garrak.

Remirezek baloratu duenez, «ahalegin kolektiboari esker, sutea azkar moztea» posible izan zen. «Une zailak izan ziren, sua jendea bizi den tokietara hurbildu zenean, konbenturen batera zehazki. Lehentasuna argi genuen: inork ez minik hartzea, bizilekuak babestea».

Nafarroako Gobernuko ordezkariak «arduratsu» izateko eskatu die herritarrei. «Gehien-gehienak hala dira, baina beharrezkoa da azpimarratzea», erran du.

Oraindik mendian zein kalte izan diren aztertu behar dutela erantsi du, ahal den heinean konpontzeko. Gobernuko Ingurumen sailak eginen du hori datozen egunetan.

Bizilagunei eskerrik asko

Esteribarreko alkateak, Guillermo Larrayozek, bizilagunak eskertu ditu «lehen unetik izan duten inplikazio eta arduragatik. Kalera atera eta ahal izan dutenean lagundu dute, txakurrak atera dituzte, etxe batzuetan zeuden haurrak eta adineko pertsonak. Inplikazio eta ardura bera izan zuten kea ikusi orduko agintariak abisatu zituztenean».

Nafarroako Gobernuarekin izandako komunikazioa eta suhiltzaileen lan azkarra ere txalotu ditu, baita Eguesibarreko eta Ezkabarteko kideekin izandako harremana ere.

Susana Gutierrez Esteribarreko alkateordea Ollokiko bizilaguna da, zehazki sua gehien hurbildu zen kalekoa. Herrikideen jarrera «eredugarria» eskertu du, eta azaldu du kale bat hustu behar izan zuten arren, arratsaldeko zazpietarako edo zortzietarako jendea etxera itzuli ahal izan zela, sua pixkanaka-pixkanaka kontrolatzen joan baitziren. Sutearen fokua haizearekin batera aldatzen joan zela gaineratu du.