Adimen artifizialaren erronkak segurtasunaren eta justiziaren ikuspegitik aztergai Baionan
Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen bigarren edizioa abian da Baionan. Euroeskualde baitako eremu akademikoaren babespean, orotara 12 konferentzia eskainiko dituzte aurten. Hasierako ikastaroan adimen artifizialaren erronkak izan dituzte aztergai, Bidasoako mugari begira.
Bigarren urtez antolatu dituzten Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen (UNUM) harrera ekitaldia astelehen honetan egin dute, Lapurdiko hiriburuan.
Lehen edizioak izan zuen arrakasta ikusita –773 lagunek parte hartu zuten– aurten 12 ikastaro eginen dituzte Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen baitan.
Akitania Berriko Eskualdeak, Lakua eta Nafarroako gobernuek eta Euskal Elkargoak osatzen duten Euroeskualdeko unibertsitate publikoen lankidetzari esker sorturiko ekimena uztailaren 17tik 26ra iraganen da aurten Baionako Arteen Hirian.
Administrazio eremu horietako ordezkariak bildu dira harrera ekitaldian, mugaz bi aldetako herritarren arteko harremanetan sakontzeko borondatea nabarmenduz.
‘Euskal Eurohiria: mugaz gaindiko herritarrentzako laborategi europarra’ izenburupean Pirinioetako bi aldeetako erakundeak zein eragileak jorratutako lankidetzari erreparaturik etorkizunari begirako aukerak jorratu dituzte.
Joxerramon Bengoetxea (Deustuko Unibertsitatea), Mikel Manzisidor (EHU), Paxkal Indo (Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua) eta Mikel Pagola (Gipuzkoako Foru Aldundia) aritu dira hizlari gisa, mugaz gaindiko harremana aztertuz erakunde zein gizarte zibilaren ikuspuntutik.
Ondoren, Gaizka Aranguren Labrit Patrimonioko zuzendariak animatu duen mahai-inguruaren bueltan mugaz gaindiko esparruaren gaineko bizipenean sakondu dute Aitzpea Leizaola Egaña (EHU), Iban Larrandaburu (EHU eta Lorraineko Unibertsitatea) eta Elena Casiriain (EHU-UT2J) irakasleek.
Berrikuntza teknologia gizartearen araua eta legearen aurretik
Hizkuntza, bideo-jokoak, hezkuntza, zinema, tokiko moneta.. Ikastaroetan oso bestelako gaiak aztergai izanen dituzte ondoko egunetan Baionan.
Izan ere, lehenengo egunean adimen artifizialaren erronkak, segurtasunaren eta zuzenbidearen ikuspegitik, jorratu dituen ikastaroak nabarmendu du.
Elena Ostrovskaya, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko (UPPA) Zuzenbideko doktoregaiak eta Celine Teyssier unibertsitate bereko Zuzenbidean doktorea eta ikasturtearen arduraduna aletu dituzte adimen artifizialari loturiko erronkak nagusiak.
Lehenari egokitu zaio adimen artifizialari buruz azalpen orokorra ematea denon ahotan den berrikuntzak piztu duen eztabaida etikoa baztertu gabe.
Ildo horretatik, bigarrenak etikaren eremutik zuzenbidera igarotzeko bidean mahaigainean jarri diren proposamenak eta behin-behineko arautze eskemak izan ditu aztergai.
Finean, bi adituek nabarmendu dutenez «etika eta zuzenbideare artean etengabeko soslaia» elikatzea galdetzen du adimen artifizialak izan duen garapen azkarrak.
Europar Batasunak adimen artifizalari buruz Liburu Zuria aintzat eman du teknologia berri horrek sortu zitezkeen aukerak zein arriskuak aintzat harturik.
Konfiantzan oinarritutako eredu bat garatzea da koadro juridiko horren ardatz nagusietariko bat.
Proposamenak, arriskuen gaineko ebaluazioa eginez, hiru kategoria zehazten ditu.
Hala adimen artifizialaren eremuan onargaitzak diren erabilpen motak aletzen ditu, esaterako helburu errepresiboak lituzketen identifikazio biometrikoaren tresnak debekatuz.
Bigarren kategoria batean arrisku handiko adimen artifizialaren eremuak zehazten dira. Hala, zortzi bat sektore aipatzen dira, hala nola lana, hezkuntza eta zerbitzu publikoaren sarbidea.
Finean arrisku ahuleko adimen artifizialaren sistemak jasotzen dira (chatGPT) dokumentu horretan.
Berrikuntza eta konfiantza dira osagai nagusiak Europar Batasunaren baitan gogoetatzen den araudiaren baitan.
Edonola ere, bere hitzaldiaren amaieran bi termino horiek noiz arte bateragarriak izanen diren galdetu du Teyssier-ek.
Segurtasunaren Big Data
Zalantzak oraindik ere mardulagoak dira segurtasunaren eremura begiratuta. 1990. hamarkadan finkatu zuen Bruselak 'askatasuna, segurtasuna eta justizia' alorra helburu amankomun gisara.
Zirkulazioaren eskubidea, Batasunaren segurtasuna eta justizia sistemen arteko kolaborazioa. Horiek izan dira jorratu diren kolaborazio lan arlo nagusiak.
Thomas Durandek UPPAko doktoregaiak une oro ohartarazi du «askatasuna eta segurtasunaren helburuen arteko talkak gero eta nabarmenagoak direla».
Hala, EBren baitan dagoeneko bost datu base garatu dituztela nabarmendu du. Gehienetan Batasunetik kanpoko herritarrak jartzen ditu jomugan Bruselak.
Schengen, Visa eta asiloaren eskaerak egiten dituzten herritarren datuak biltzen dituen Eurodac baseak martxan badira.
Ondoko urteotan, berriz, beste biltegi bi plantan emanen dituzte.
Lehena, EBko eremuan sartu irteeren kontrola areagotzeko baliatuko dute eta bigarrena zigor-aurrekarien gaineko informazioa elkar trukatzeko.
«Dinamika gero eta eraginkorragoa da segurtasunaren eremuan Big Data osatzeko», laburbildu du Durandek, «hurrengo etapa, aski problematikoa, aurpegien identifikazioa mugen kontrolerako baliatzea» izango litzatekeela aurreratuz.
Droneak migratzaileen ibilbideak kontrolatzeko
Hala ere, frantses Estatuaren delegazioak helegitea aurkeztuko du Estatu Kontseiluaren aitzinean.
Mugak zaintzeko kamera bezalako tresna estatikoak ugaldu dira azken hamarkadetan berdin karriketan zein muga pasabideetan.
Espainiar Poliziak 72 orenen bueltan irudi horien berri eman behar diola epaileari oroitarazi du bideozaintzaren bilakaera aztertu zuen Silvia Badiolak.
Izan ere, adimen artifizialak askoz aukera gehiago eskaintzen ditu, denbora errealean, jendea kontrolatzeko eta horrek mota askotariko desafioak planteatzen ditu NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Prozesaleko irakasleak mahaigaineratu duenez.
«Datu biometrikoak ezin dira zuzendu, eta egiaztatze prozesuari buruz berme handiak eskatzen ditu», oharra egin du.
Irakasleak gaineratu duenez «migrazioaren testuingurua zaurgarria da eta ondo baino hobeto bermatu behar da prozesuaren inguruko informazioa eta gardentasuna».
Aldous Huxleyen ‘Mundu zoriontsua’ izan du aipagai despedidan «gero eta gehiago kontrola, kontsumoa eta teknologiaren onarpen akritikoa bere egiten dituen gizartearen bilakaerari buruz» bere kezka ikastaroan parte hartu duten lagunekin partekatuz.