Gerra zikina, beti ilunpetan, baina beti agerian
Sekretu Ofizialen Legea, torturatuak izan diren euskal herritarren txosten ofizialak, Cesid-eko buruzagien adierazpenak... Hamaika arrazoi mahai gainean astintzeko, eta erantzunik ez. Aurre egin nahi ez dion errealitatea du Madrilek gerra zikinarekin, eta oraindik ez du esku hartzeko pausorik eman.
Demokraziaren ezaugarrietako bat gardentasuna omen da. Estatu sekretuak dituen gobernu batentzat, ordea, gardentasuna ezinezko bihurtzen da. Beti ilunpetan gorde behar duen zerbait du, baina gezurrek bezala, sekretuek ere herren egiten dute, eta alde batetik edo bestetik agerian geratzen dira korapilo horiek; gerra zikinaz ari gara. Nabarmena da azken urteetan ez dela aurrerapauso nabarmenik egon gaian: tortura txosten ofizialei muzin egin die Madrilek, Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko borondatea bertan behera geratu da, eta eskuinak eta eskuin muturrak aitortu dute Memoria Demokratikoaren Legea indargabetzea dutela xede. Gerra zikina beti dabil bueltaka, baina beti erabaki argirik gabe; bada zerbait Madrilgo gorteetatik kanpo.
1968an sortu zuen Francok Sekretu Ofizialen Legea. Orduz geroztik, frankismoa igaro, trantsizioa deiturikoa pasa, eta demokraziako fasean omen da Estatu espainola. Baina 1968an idatziriko legeak oraindik ez du aldaketarik izan, pasa den legegintzaldian, Pedro Sanchez presidente zelarik, beste lege baten zirriborroa idazten hasi baziren ere. Herrialde askotan dago Sekretu Ofizialen Legea, baina bada aldaketa nabarmen bat espainiarrean: artxibo ofizialak argitaratzeko datak ez du mugarik. Europako irizpide estandarren arabera, «goi sekretuak» gehienez 15-25 urte egon daitezke ezkutaturik. Espainian aldiz, bizirik dauden gerra zikinaren erantzuleak gero eta gutxiago dira, eta sekretu ofizialak argitzen direnerako, erantzule guztiak hilik egoteko arriskua gero eta gertuago dago.
Aipaturiko lege aldaketan, dokumentuak desklasifikatzeko epeak oso zabalak dira. Adibidez, GALeko kasuak argitaratuko liratekeenerako 2048-2051 izango litzateke. Ministroen Kontseiluan eztabaidatzen hasi baziren ere, proposamena ez da Kongresura heldu. EH Bilduk salatu zuen PSOEren lege proposamen berria ez dela onargarria. Batez ere, Europako baremoetatik kanpo dagoela zehaztuz. Legea indarrean egon den 54 urteetan «salbuespenezko» 8 dokumentu baino ez dira desklasifikatu; horien artean zeuden Lasa eta Zabalaren mikrofitxak.
2020an, CIAk 80ko hamarkadan GAL ikertu zueneko hainbat dokumentu desklasifikatu zituen. Titular nabarmen bat aurkitu zuten: «Felipe Gonzalezek mertzenario talde bat sortzea adostu du, lege terroristatik kanpo borrokatzeko». Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko ordezkariak ikertzeko eskatu zuen, baina preskribatuta zegoela argudiatuz, atzera bota zuten eskakizuna.
Torturaren txosten ofizialei entzungor
Torturaren inguruko txosten ofizialak ere argitaratu dira azken urteetan, baina ez dute ondoriorik izan Ebrotik behera. 2017an Lakuaren sinadurapean aitortuak izan ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 4.113 tortura kasu. Nafarroan gehiago kostatu zen Gobernuak txosten ofiziala argitaratzea. Hainbat eragile lanean ibili ondoren, azkenerako, urte honen hasieran aitortu zituzten 1.068 kasu.
Pentsatzekoa zen oihartzun handiagoa izango zuela, urrats politikoak etorriko zirela atzetik, edo espainiar Gobernuarengan eragingo zuela. Baina momentuz ez da halakorik gertatu, Madrilgo Gobernuak ez du inongo interesik adierazi; eta Gasteizko zein Iruñeko parlamentuek ere ez dute lan handiegirik egin txosten ofizialak argitaratzetik harago. Aldi berean, Madrili ere ez diote inongo erantzukizunik eskatu, eta bere borondatez ere ez du landu gaia.
Azken legegintzaldian keinu bat egin zuen Gobernuak, txikia izan bazen ere: garaiko presidenteorde Pablo Iglesias ‘Non dago Mikel?’ Mikel Zabalzaren kasuaren berri ematen duen dokumentalaren estreinaldira joan zen, berak esan zuenez, Gobernuko ordezkari gisa.
Adierazpen esanguratsuei, inpunitatea
Aitortza izatera iritsi ez diren baina aitorpenak izan diren kasu pertsonalizatu eta bakan batzuk atera dira argitara azken urteetan. Garaian ardura postuak zituzten ministroak edo Cesid-eko arduradunak dira horietako batzuk. Momentuan hautsak harrotu baziren ere, ez dira ez ikertu, ez kondenatu.
‘El Pais’ egunkariari egindako elkarrizketa batean, Jose Barrionuevo ministro ohiak gerra zikina justifikatu zuen, eta inoiz argitu ez den kasu zehatz bat leporatu zion bere buruari: Joxe Mari Larretxea errefuxiatuaren bahiketa saiakera, Lasa eta Zabalarenaren paraleloa.
Emilio Alonso Manglano Cesid-eko buru ohiaren biografia ere duela hiru bat urte argitaratu zen, eta Antoni Asuncion ministro ohiaren testigantzaren bidez, 1989an ezker abertzaleko militanteei bidalitako bonba-gutunak Estatuko aparatuetatik atera zirela berretsi zuen. Eta orduko ministroa seinalatu zuen erantzuletzat: Corcuera.
2021eko otsailean, Euskal Herrian jada ezaguna zen elkarrizketa baten audioa atera zen argitara. Alberto Perote orduko Cesid-eko zuzendariaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa ezaguna da grabazioan jasotakoa. Bertan, torturari buruz naturaltasunez mintzo dira, eta Mikel Zabalza Intxaurrondon hil izanaren ziurtasuna azaltzen dute –«eskuetatik joan zaie»-.
Herri memoria eraikitze aldera, eta betiere, gertukoenen borondatez, hainbat dokumental egin dira azken urteetan: ‘Non dago Mikel?’ (2020), ‘Bolante baten historia’ (2020), ‘Karpeta Urdinak’ (2022); baita liburuak ere: ‘Naparra kasu irekia’ (Txalaparta, 2020), adibidez. Baina Eneko Etxeberriak, Naparraren anaiak, esaten duen gisa, «gertukoenak gabiltza horretan, erakundeek ez dute ardurarik hartzen».
Memoria lekuak, norenak?
Memoria Demokratikoaren Legeak aldaketa eragin zuen memoria lekuen inguruan, La Cumbre eta Ezkaba izan daitezke esanguratsuenetakoak. La Cumbren Lasa eta Zabala torturatu zituzten; titulartasuna udalera pasatu da eta memoria leku izendatzeko prozesuan dago. Ezkabaren kasuan, bigarren gerra karlista eta Bigarren Mundu Gerran espetxe izan zen,, eta honek ere prozesua martxan du.
Euskal Herriko memoria lekuez gain, bada hauteskundeen atarian azaleratutako beste kezka bat ere: Erorien Haranean egiten hasi ziren desobiratzea. EAE-n frankismoaren biktimentzako legerik ez badago ere, biktimen senideen ikerketa propioen ondorioz jakin dute gutxienez 1.000 bat euskaldun daudela bertan hobiratuta. Urte luzeetako prozesuaren ostean, euskaldun batzuk desobiratzeko bidea zabaldurik dute; gerta daitekeen gobernu aldaketarekin bide horrek irekita jarraituko duen zalantza dute, ordea.