INFO
Entrevue
Eneko Etxeberria
Jose Miguel Etxeberria ‘Naparra’ren anaia

«Gobernuak aldatzen dira, baina Estatuak bere horretan dirau, hori da gertatzen dena»

Bere bizitzaren hiru laurdenak anaiaren bila eman ditu Eneko Etxeberria Alvarezek, eta kemena geratzen zaien bitartean lanean jarraituko duela aitortu du. Deiren baten edo aztarnaren baten zain egotea gogorra dela kontatu digu, baina anaia ez ahaztea erabaki du eta egunero dihardu egiaren bila.

Eneko Etxeberria, Jose Miguel anaiaren argazkiarekin. (Juan Carlos Ruiz | Foku)

43 urte ‘Naparra’ desagertu zela… Nola doa prozesua?

Oraintxe bertan egoera juridikoa «artxibatze probisional» deiturikoan dago; izoztuta, alegia. Espainiako Prozedura Kriminaleko Legeak epe batzuk markatzen ditu instrukzio periodorako; hemezortzi hilabete horiek ez amaitzeko, artxibatze egoeran dago gaia. Baina nola iritsi gara horra? 2016an anaiaren kasua irekitzea lortu genuen, Iñaki Errazkin kazetariari Ramon Francisco Arnau de la Nuezek (CESIDeko agente ohia) idatzitako izkribu bat eman zionean. 2016ko uztailean Pako Etxeberria, Iñaki Egaña, Errazkin eta laurok joan giñen izkribuak jasotzen zuen lekura, Landetara. Nire anaia Jose Miguel bertan lurperatuta zegoela esan zigun; balizko bi eremu zeuden: A eta B.

Agintari frantsesek eta jendarmeriak zazpi hilabetez ikertu zuten lekua, eta 2017ko apirilaren 4an finkatu zen indusketa egitea. Arrazoi batzuk medio, erabaki zuten soilik B tokian egingo zela indusketa. Guk bigarren eremua ere induskatzeko errekurtsoa jarri genuen, eta zain gaude; ez Estatu frantsesak ez espainolak ez digu erantzuten.

Bigarren errekurtso komisioa betetzen ez den bitartean edota Arnau de la Nuez epailearen aurrera bere kabuz edo polizia indarrek eramanda joaten ez den bitartean, behin-behineko artxibatze egoeran egongo da. Noiz irekiko da berriro kasua? Bigarren miaketa egitean jarriko da martxan berriro prozesua.

Bigarren miaketa egiteko baimena nork eman behar du?

Frantziar Estatuak. Zergatik ez dute egiten? Hiru hipotesi ditut nik: Bat, badakitelako ez dagoela hor; orduan, zertako bilatu? Bi, badakitelako hor dagoela eta zera handia suposatuko lukeelako. Eta hiru, lehenengo indusketa bukatu zenean Pariseko mediku forentseak esandakoa: posible liteke hor egon izana, baina norbaitek mugitu izana indusketa hasi aurretik.   

Iñigo Iruinen bidez idatzi bat sartu dugu Auzitegi Nazionalean, bigarren indusketaz galdetuz. Ez batzuek, ez besteek ez digute erantzuten; gero, kopiatu-itsasi egingo dute eta kito, ikusiko duzu.

[Elkarrizketa amaitu eta pare bat ordura jaso zuen Etxeberriak erantzuna, ekainaren 31n. Aurreikuspena bete zen: «betiko erantzun bera»]

Ba al du sinesgarritasunik Arnau de la Nuezek esandakoak?

Sinesgarritasuna beti zalantzan jarri behar duzu. Indusketa egingo bagenu argituko litzateke sinesgarria zen edo ez. Agian egongo da, eta agian ziria sartu digu gizon honek, baina gutxienez frogatu egin behar da. Tokia zein den badakigu, hortxe dago.

Estatu frantsesak eta espainolak zein jarrera dute?

Borondate kontua da, eta ez dago borondate politikorik. Hemen gerra zikina egon da; kolore ezberdinetako gobernuak egon dira, baina gertatzen dena da, gobernuak aldatu arren, Estatuak bere horretan jarraitzen duela. Estatua da aldatzen ez dena. Kontua ez da alderdi batek edo besteak esandakoa; Estatu espainolaren demokraziaren gabezia da kontua. 1968ko Sekretu Ofizialen Legea nola dago eginda? Estatuak badaki berak egindakoak inpunitatea duela.

«Kontua ez da alderdi batek edo besteak esandakoa; Estatu espainolaren demokraziaren gabezia da kontua»

Eta Madrilen PP-Vox gobernu bat eratuko balitz? Nolako egoera izango zenukete?

Beharbada are gehiago ilunduko litzateke egoera, eta ez memoria demokratikoan bakarrik. Hala ere, nire ustez garrantzitsuena ez da gobernua, berezko arazoa estatua bera da. Ea zer gertatzen den, baina datozen haizeak ez dira batere onak. Pakok (Etxeberriak) dokumentalean esaten zuena ekarriko dut gogora: «Orain hitz egin ezin bada, noiz hitz egingo da? Arduradun guztiak hilda daudenean?».

Lehen indusketarako baimena eman zietela jakinarazi zuten prentsaurrekoan, 2016an, Etxeberria eta bere ama.

Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko imintzio bat izan da. Ekar al dezake argi pittin bat?

Lege proiektu berri horrek ez ditu nazioarteko estandarrak betetzen. Nazioarteko akordioan badago lege bat jasota, aipatzen duena giza eskubideen urraketak ezin direla sekretu bezala klasifikatu. Eta hori ez du betetzen.

Gobernuak berak du eskumena sekretupean dauden dokumentuak ateratzeko, Ministroen Kontseiluak, hain zuzen ere, betiere epaile batek aginduta. Nahiz eta epaile batek eskatu horrelako sekreturen bat argitara ekartzeko, Ministroen Kontseiluari ez bazaio interesatzen, jai dugu.

Lege berriak sekretuak argitaratzeko 50 urteko tartea jaso lezake, luzatzeko aukerarekin...

Nik garbi daukat luzapena zertarako den, jada ekintza batzuen egileak hiltzen ari dira, eta arduradunik ez geratzeko.

Orokorrean, nola apur liteke gerra zikinaren inguruan Madrilen dagoen harresia? Adibidez, torturari buruzko txostenak egin dituzte euskal erakundeek baina han oihartzunik ez...

Borondate politikorik ez baldin badago, ezinezkoa da. Oso garrantzitsua da nazioarteko esku-hartzea. Marlaskari zenbatetan esan diote Estrasburgotik kasuak ikertzeko? Gure kasuan, pizgarria izan zen 2014an Nazio Batuetan Egiari Zor eta Giza Eskubideen Behatokiaren bitartez Genevan Bortxazko Desagertzeen Lan Taldearekin lehen bilera izatea.

«Nazio Batuetako bultzada ikaragarria izan zen gure kasuan, horregatik esaten dizut Madrilen dagoen harresia botatzea zaila dela»

Bilera horren amaiera aldean, argentinar arduradunari esan nion: «¿Pero Ariel, usted ya sabe que mi hermano era miembro de una organización armada?». Eta berak erantzu zidan: «¿Y? ¿Qué tiene que ver eso? Todas las personas tenemos unos derechos humanos y las autoridades son las primeros que los tienen que garantizar».

Nazio Batuetako bultzada ikaragarria izan zen gure kasuan. Horregatik esaten nizun Madrilen dagoen harresi hori botatzea zaila dela. Gizarteak ere hartu behar du bere ardura; horrelako kasuetan buru-belarri ari direnak beti dira senideak. Gurean Joxe Migel ez ahaztea erabaki dugu. Gainera, ez da hildakoa, desagertuta dago. Egia lortzea zientzia fikzioa da momentu honetan. Orain egin diren legeetan, «aitortza eta erreparazioa» jartzen du, baina egia ez da aipatzen, bigarren maila batean uzten da; eta horrela aulkiak herren egiten du.

Ez ahazteko ekinean zabiltzate etengabe, nola eutsi esperantzari?

Ahal den moduan egiten diogu aurre, gogorra da egunero jaiki eta beti dei baten esperoan egotea… Saiatzen gara, zain egon beharrean, ahal dugun guztia egiten. Badugu jendearen babesa eta hori oso garrantzitsua da. 43 urte hauen hasiera oso gogorra izan zen, baina etengabe babestuak sentitu gara. Gizarteak ere bere gain izan behar du hemen gertatutakoaren berri jakitearen eskaera egiteko gogoa edo ardura. 

Izaten dira egunak esperantza galduta dudana, esaten dudana: ‘Dena pikutara, ezin dut gehiago’. Joxe Migel desagerrarazi zutenean nik 16 urte nituen eta orain 60 bete behar ditut; kenketa egiten baduzu, nire bizitzaren hiru laurden anaia bilatzen pasa ditut. Semeak orain 13 urte ditu eta nik ez diot nire motxila hau semeari utzi behar. Niri ere tokatu zitzaidan motxila bat niregana erortzea, baina nik zergatik utzi behar diot semeari? Gero berak erabaki dezala zer egin, baina nik ez diot motxila utzi nahi. Inpotentzia sentitzen dut, gure esku ez dauden gauzen menpe gaudelako. Kemena geratzen zaigun bitartean aurrera egingo dugu.