INFO

Laugarren erdiko atzelariaren bila, lehen probak egin ditu Valverdek Mexikon

Valverdek proba ezberdinak egiteko baliatu zuen Chivasen kontrako partida, batez ere defentsan. Iñigo Martinezen hutsunea bete beharra dago eta Beñat Pradosek, Peru Nolaskoainek eta Unai Egiluzek minutuak izan zituzten.

Beñat Prados hasieratik aritu zen erdiko atzelari postuan. (@AthleticClub)

Athleticek porrot batekin abiatu du denboraldiaurrea. Chivas aurkari gogorregia izan zen lehen partida baterako (2-0) eta penalti jaurtiketetan ere nagusi izan ziren. Zuri-gorriek ezin izan zuten itxura onik eman eta Gernikako Arbola txapelketa Mexikon geratu zen. Erritmo falta nabaria izan zen eta beroak zein altuerak -1.500 metrotara jokatu zen norgehiagoka- ez zuen batere lagundu. Kontuan izan behar da ere aste bat daramatela entrenatzera itzuli zirenetik, aurkaria lehiaketa ofizialetan murgilduta dagoen bitartean, eta 18 orduko bidai bat egin behar izan zuela Athleticek Guadalajarara iristeko.

Dena kontran izan arren, Ernesto Valverdek probak egiteko baliatu zuen norgehiagoka. Iñigo Martinezek atzeko lerroan utzitako zuloa ez da batere erraza izango betetzea. Vivianek eta Yerayk pausu bat gehiago eman beharko dute eta, joan den denboraldian bezala, Ondarroako atzelariaren laguntzarik gabe jokatzen moldatu. Emandako maila onarekin batera, aldamenean zuen jokalaria ere hobea egiten zuen Iñigo Martinezek.

Yeray lesionaturik dago eta ezin izan zuen Chivasen kontra jokatu. Aitor Paredes ere oporretan dago Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin Europako txapeldunordea izan ondoren. Vivian hamaikakoan sartu zen eta Beñat Prados izan zuen ondoan erdiko atzelari gisa ezkerretik. Harrobian zelai erdian euskarri bezala jokatzea ohikoena izan da 1,80 metro neurtu eta 22 urte dituen nafarrarentzat. Hala ere, Mirandesen Joseba Etxeberriak atzealdean hiruko lerro batekin jokatu zuen eta posizio berri batera moldatu behar izan zuen. Maila ona eman zuen.

39 partida jokatu zituen Bigarren Mailan utzita eta Athleticen laugarren zentrala izateko aukeretako bat da. Chivasen aurka ondo egokitu zen postura, sendotasuna erakutsi zuen lehia guztietan eta baita ere baloia ateratzeko dohaiak dituela.

Unai Egiluz bigarren zatian zelairatu zen eta aldaketa eskatu behar izan zuen. (@AthleticClub)
Unai Egiluz bigarren zatian zelairatu zen eta aldaketa eskatu behar izan zuen. (@AthleticClub)

Bigarren zatian Peru Nolaskoainek eta Unai Egiluz bigarren taldeko jokalariak osatu zuten erdiko defentsa. Zumaiakoa aritu zen ezkerretik eta berak galdutako baloi baten ondoren iritsi zen Chivasen bigarren gola. Eibarren utzita izan da azken denboraldian eta badirudi ahaztu dituela orkatilan zituen minak. 25 urte egingo ditu urrian eta 2024an amaitzen zaio kontratua. Talde zuri-gorrian leku bat egitea da bere erronka eta atzean zein zelai erdian jokatu dezake. 1,86 metro neurtzen ditu eta oso indartsua da buruz.

Unai Egiluz da gazteena. 21 urte ditu durangarrak eta 1,86 metro dauzka. Ezin izan zuen partida amaitu eta arazo fisikoengatik aldaketa eskatu zuen. Mexikarren bigarren golean salduta geratu zen eta, Padilla atezainak bezala, ezer gutxi egin ahal izan zuen ekiditzeko.

Etxean dituenekin gustura geratzen ez bada, merkatura joan beharko du Athleticek. Laporteren itzulera da zuri-gorrien ametsa, baina zaila izango da. Osasunako David Garcia edo Valentzian dagoen Hugo Guillamon izango lirateke beste aukerak.

Jokalarien salmenta prezio altuak ikusita, klubaren kirol arduradunek hainbat erdiko atzelari fitxatu dituzte harrobirako. Horrela iritsi dira Bilbao Athleticera Jelbat Barakaldotik eta Jon de Luis Osasunatik eta baita ere Beñat Larrea Bergaratik eta Estanis Mugerza Elgoibartik gazteen maila ezberdinetara.

Zailtasunak agerian

Valverdek bi talde ezberdin zelairatu zituen Chivasen kontrakoan. Sansetik fitxatutako Javier Marto aurrelaria izan zen jokatu gabe geratu zen bakarra. Valverdek aurreratu zuen pasadan astean, erdiko aurrelari posturako hainbat futbolari dauzkala eta utzita atera daitekeela. Lehen zatian Unai Simon izan zen atezaina, Hugo Rincon eskuin laterala, Vivian eta Prados zentralak eta Iñigo Lekue ezker laterala. Junior Bita gazteak osatu zuen zelai erdia Ander Herrerarekin eta Iker Muniain kapitainak pixkat aurrerago jokatu zuen. Nico Williams eta Serrano aritu ziren hegaletatik eta Guruzeta goian.

Talde zuri-gorriak ezer gutxi egin zuen baloiarekin eta Serranok egindako jaurtiketa pare bat izan ziren aukera bakarrak. Defentsan arazoak izan zituen taldeak, batez ere Rincon gaztearen aldetik. Hortik iritsi zen partidako lehen gola. 20 urteko atzelariak gora joateko daukan kemena eta indarra ere erakutsi zuen jokaldi batean.

Junior Bita, berriz, hobeago moldatu zen defentsan. Baloi arriskutsu batzuk galdu zituen eta ezer gutxi egin ahal izan zuen erasoan zein jokoa antolatzerakoan.

Chivasen kontra aurkeztutako hamaikakoa. (@AthleticClub)
Chivasen kontra aurkeztutako hamaikakoa. (@AthleticClub)

Bigarren zatian osorik aldatu zuen taldea Valverdek. Padilla jarri zuen atepean, Petxarroman eskuin lateral bezala, Egiluz eta Nolaskoain erdiko atzelari gisa eta Jon Morcillo defentsaren ezker hegalean. Zelai erdian Vesga, Galarreta eta Unai Gomez aritu ziren, Adu Ares eta Berenguer hegaletan eta Raul Garcia goian. Azken minutuetan Vencedor sartu zen Egiluzen ordez.

Pixkat hobeago moldatu ziren zuri-gorriak erasoan, baina ez zuten aukera garbirik sortu. Unai Gomezek utzitako jokaldi polit bat ere nabarmendu zen.

Partida amaieran egindako adierazpenetan Athleticek zailtasun handiak izan zituela onartu zuen Valverdek. Hala ere, entrenatzailearen ustez jokalari gazteen garapenerako ona izan daiteke egoera zailetan nola moldatu daitezkeen ikusteko.

Valverde Junior Bita, Serrano eta Rinconekin hitz egiten. (@AthleticClub)
Valverde Junior Bita, Serrano eta Rinconekin hitz egiten. (@AthleticClub)